ESPAINIAKO LIGA, 2006-2007 DENBORALDIA

Bartzelonaren Liga. Gehienentzat Bartzelona txapeldunaren aurkako lehia da bihar hasiko den Espainiako Liga. Hura eraisteko hautagaien zerrenda ez da aldatu.

KEPA URBIETA-IGOR SUSAETA
2006ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Tronuaren formak Bartzelonaren ipurdiarena du. Eta gainerakoak txapelketan etengabe ikusi duten ipurdi hori begi bistatik noiz kenduko desiratzen daude. Zerrendan aurrena Real Madril. Beste behin, izen handiko jokalariak fitxatu ditu, aurreko urteetako eskarmentua ahaztuta. Gainerako talde guztiak beste maila batean daude; beherago.

Azken bi denboraldietan, katalanen nagusitasuna nabarmena izan da. Frank Rijkaardek konfiantza osoa du bere taldearengan. Horren adierazle da berak fitxatu duela jokalari gutxien; baina ez edozein: Gudjhonsen, Zambrotta eta Thuram. Gaineratu horiei, iazko denboraldian min hartuta zelaietatik kanpo denbora dezente egin zutenak (Xavi, Messi eta Edmilson) eta Saviola, taldean geratu daitekeen goleatzailea. Iazko denboraldiko pieza nagusiari heldu dio, gainera, eta Marquez ez da joango Chelseara. Bi hamaikako osa ditzake Rijkaardek, eta biak ere aurreneko hiru postuetan ibiltzeko modukoak. Bartzelonak beldurra ematen du, eta, dudarik gabe, aurtengo erronka nagusia hura tronutik botatzea izango da.

Ezin jakin zer egingo duen, baina Real Madril asko indartu da. Eserlekuan du pieza nagusia. Konfiantza eta ilusioa berreskuratzeko giltza Fabio Capello da. Italiarrak berarekin eraman du seguruenik udako fitxaketarik onena izan dena: Fabio Cannavaro. Indarra, lidergoa, eskarmentua eta segurtasuna emango dizkio taldeari. Zelai erdirako ere bi gizon indartsu eta langile fitxatu ditu: Emerson eta Mahamadou Diarra. Hiru horiek duten maila ematen badute, zaila izango da Real Madrili irabaztea; partida gogorrak ikusiko ditugu, kontzentrazio eta fisiko handikoak. Robinho, Van Nistelrooy, Raul, Cassano eta Ronaldo arduratuko dira jokoa sortu eta golak sartzeaz. Dena dela, lagunartea behar du Real Madrilek, eta ez banakako izenak; horretan du lana Capellok.

TALDE ASKO SARIEN USAINEAN. Gaineraak bi nagusien itzalean arituko dira hasiera batean. Azken urteetan bezala, Valentzia goiko postuetan ibiliko da, Txapeldunen Ligan jokatzearen nekeak galarazten ez badio behintzat. Ez ditu Bartzelonak eta Real Madrilek bezala goi mailako 22 jokalari, baina bai langileak. Del Horno, Morientes eta Joaquin bezalako jokalariekin indartu bada ere, fitxaketarik handiena barnean dituzten arazoak konpontzea eta Fabian Ayala berreskuratzea izango da.

Hiru horiek Txapeldunen Ligan jokatzeko postuak lortuko dituzte, eta bat geratuko da zintzilik. Kontuz aurten Zaragozarekin. Sailkapenean goiko postuetan aurkituko dugu eta ez da ezustekoa izango. Hamaikako oso polita osatu du Victor Fernandez entrenatzaile berriak. Milito, Sergio, Juanfran eta Ponzio atzeko lerroan eta Aimar, D'Alessandro, Ewerthon eta Diego Milito aurrekoan. Bien arteko zubi lanean Celades. Talde horrek zeresana emango du, Sevillak bezalaxe. Erromako koliseotik ateratako gladiadoreak dirudite Sevillako jokalariek. Izen handirik gabekoak, baina zelaira ateratzen direnean arnasa hartzen ere denborarik galtzen ez duten horietakoak, dena ematen dutenak.

Komunikabideek ematen diote sarritan merezi ez duen izena Atletico Madrili. Denboraldi-aurre honetan ere handienen pare jarri dute, eta aitortu behar da talde polita osatu duela. Atzealde sendoa osatzen dute Pereak, Pablok eta Pernia eta Seitaridis fitxatu berriek. Erdialdean Costinhak egingo du lana, Juradoren laguntzarekin. Maxi Rodriguez, Petrov, Torres etaAguero Argentinako izar berriak erabakiko dute Atletico Madrilen norabidea. Sufritu edo gozatu egingo du aurten taldeak, Javier Aguirre Osasunako entrenatzaile ohiak asmatzen duen -uzten dioten- edo ez duen. UEFArako postuetan ibili behar luke gutxienez, fitxaketetan 40 milioi euro gastatzeagatik bakarrik.

Europara bidaia egiteko hautagaietan sartzen da Vila-real ere. Aurreko urteko jokalari garrantzitsuenei eutsi eta maila handikoak hartu ditu. Denboraldi-aurreak asko zigortu du, ordea. Pires, fitxatutako jokalari sonatuenetakoa izan dena, belauneko lotailuak hautsi eta sei hilabetez zelaitik kanpo egongo da. Baita Gonzalo atzelaria ere. Dena dela, Cani, Riquelme, Forlan eta Nihat taldean izanik, partida asko irabaziko dituzte.

Celtak ere merezi du aipatzea. Bigarren Mailatik igo berritan, UEFAn sartzea lortu zuen iaz, oso txukun jardun eta gero. OubiƱa taldean mantentzea lortu du, Ingalaterrako eta Espainiako talde handien begiradapean. Lehen Mailan eta handienen artean finkatzeko urtea izan daiteke Celtarentzat.

INFERNURAKO POSTUAK. Besterik sartzen bada, ezustekoa izango da. Deportivo eta Betis izan zirenetik urruti daude. Ez dute konfiantzarik ematen, ezta egindako fitxaketek ere. UEFArako postuetan nahiz behekoetan ibil daitezke, baina ez aurrenekoetan. Atzealdea zaintzen arituko dira beste guztiak. Galbahea pasatzen hasita, euskal taldeen mesedetan, igo berri direnak (Recreativo, Levante eta Gimnastic) etorri diren bide berberetik joateko faborito nagusiak dira. Talde xumeak eta eskarmentu gutxikoak direlako, batik bat. Tentuz ibili beharko da, garesti salduko dute euren burua eta. Racingek, Mallorcak eta Espanyolek iazko urte latza ahaztu nahiko dute eta sufritzeari utzi. Ez dago inoiz zer gertatuko den jakiterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.