Kirola

Espainiako txapelketak Euskal Herrian?

Kirol lehiaketa asko jokatu ohi dira Euskal Herrian Espainiak antolatuta. Azkena, Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa, asteburuan. Horiek eztabaida eragiten dute kirolarien artean. Batzuk halakoetan parte hartzearen aldekoak dira, eta besteek, berriz, boikota egiten diete.

Espainiako Itzulia Gasteiztik igarotzen 2011n, protesta artean. JOSE MNAUEL VIDAL / EFE
2014ko uztailaren 16a
20:00
Entzun

Eztabaida ez da berria. Izan ere, erabakitzeko eskubidearen inguruko aldarriak aspaldi heldu ziren kirol mundura. Hala ere, gaiak zeresan ugari ematen du oraindik ere. Txapelketa asko jokatzen dira Euskal Herrian Espainiako Kirol Federazioak antolatuta. 2011n, esaterako, Bilbo eta Gasteiztik igaro zen Espainiako Itzulia. Orain gutxi, berriz, Zumaian jokatu da Espainiako Kopa.

Arkaitz Irureta blogariaren Zumaya Flisch Tail, Copa de España artikuluak piztu du oraingoan eztabaida. Bertan gogorarazi du Euskal Herriko lasterkariei euskal selekzioan parte hartzea debekatu izan zaiela, eta ohartarazi du halako txapelketek "atzeraka" eginarazten dutela berezko selekzio baten aldeko borrokan. Horiek hala, boikoterako deia egiten die euskal kirolariei.

ESAITek argi du nolakoa behar lukeen jokalekuak. Haren iritziz, "aniztasunaren aurkakoa, erabat asimetrikoa" da egungo egoera. "Jokaleku perfektua norberak askatasunez nahi duen jarduera garatzeko eskubidea errespetatzen denekoa da. Baina bada nortasun bat aitortua ez dena, euskal herritarrarena". Hala dio BERRIAren Ibilkari blogean jarritako oharrean.

Zalantzak dituztenak ere badira, hala ere. Josu Uriarte txirrindulari eta triatletak, esaterako, horrek kirolariengan izan ditzakeen ondorioez ohartarazi du. "Korrikalaria ikusten dut galtzaile; gehienak askorik ez, baina profesionala izan barik elitean daudenak bai, eta Euskal Herrian badira batzuk".

Xabi Mujika mendizaleak, berriz, askatasunaren aldeko hautua egiten du. Hark euskal selekzioaren aldekotzat jotzen du bere burua, baina nabarmendu du bakoitzak libre beharko lukeela zer egin nahi duen erabakitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.