San Mames Barriko Ligako lehen porrota jaso zuen atzo Athleticek Espanyolen kontra, 1-2 galduta. Bizkaitarrek ez zuten partida ona jokatu, eta seigarren minuturako atzetik ziren markagailuan, Sergio Garciak gola sartuta.
Iturrasperen hutsunea nabaritu zuten zuri-gorriek, eta bigarren zatian hasi ziren hobera egiten. 56 minutuan berdinketaren gola egin zuen Gurpegik, Ibairen erdiraketa bat buruz sareratuta. Nolanahi ere, bederatzi minutu geroago egin zuen Colottok garaipenaren gola Espanyolentzat, bilbotarren erreakzioa ezerezean utzita. Gainera, Aduriz kaleratu zuen epaileak norgehiagokaren hondarrean.
Laugarren postuan jarraitzen du Athleticek, eta, Vila-Realek galduta, lau punturen aldea izaten segitzen du bosgarren sailkatuarekiko.