Kolpetik kolpera dabil, azkenaldi luzean, Osasuna. Kirol arloan behera begira jarri da etxeko azken bi partidak galduta, eta kirol arlotik kanpo kinka larrian egon daiteke, Espainiako Marca kirol kazetak kaleratu duenez, Espainiako Ustelkeriaren Aurkako Epaitegiak susmopean jarri duelako joan den denboraldiko Espanyol-Osasuna partida —maiatzaren 11n jokatu zen, eta 1-1 amaitu zen; horri esker, mailari eutsi zion Espanyolek, eta bizirik jarraitu zuen Osasunak—. Itxuraz, Miguel Artxanko daukate begiz jota, Osasunako presidente ohia, partida hartan 1,5 milioi euroko ordainketa hitzartu zutelakoan —nafarrek maila galdu zuten azkenean, eta, albiste horien arabera, ez zen izan ordainketarik—. Joan den denboraldiko Osasunaren beste hiru partida ere susmopean leudeke.
Albiste horien berri izan eta berehala, kazetarien aurrean hitz egin du Luis Sabalza Osasunako egungo presidenteak, eta onartu du 1,5 milioi euro atera egin zirela klubaren altxortegitik. "Jakingo da nork jaso zuen diru hori, baina ez da izenak emateko momentua. Enpresak eta NAN zenbakidunak eta helbidedunak dira etekina lortu dutenak, Osasunarekin zerikusirik ez daukatenak. Ez dira nafarrak". Hori bai, Sabalzak irmo defendatu du eurek ez daukatela berririk joan den denboraldian Osasunak partidarik erosi zuenik. "Nahiz eta egia den altxortegitik diru irteera arraroak egon zirela". Klubak ez daukala zerikusirik eta ardura une hartan zeuden pertsonena dela azpimarratu du nafarrak. Javier Tebas Espainiako Futbol Liga Profesionaleko presidentearen mezua ere zabaldu du Sabalzak: "Esan zigun eurekin kolaboratuz gero klubak ez zuela zigorrik jasoko".