Baiona. Iginiz, Roumieu, Boyoud (Tialata, 53. min.); Chisholm, Boutaty; Marmouyet (Puricelli, 64. min.), Haare (Flavell, 68. min.), Bernad; Philips (Gartzia, 68. min.), Potgieter (Otazo, 70. min.); O'Connor, Mazars (kapitaina), Lacroix, Huget; Heymans.
Miarritze. Watremez (Kodela, 60. min.), Hegi (Terrain, 64. min.), Van Staden (Marconnet, 54. min.); E. Lund (Carizza, 64. min.), Taele; Guyot, Lakafia (Gray, 53. min.), Hariñordoki (kapitaina); Yachvili, Peyrelongue; Baby, Haylett-Petty, Gimenez, Bolakoro (Barraque, 74. min.); Balshaw.
Markagailua. 3-0; 3-3; 6-3; 9-3; 9-6; 12-6; 15-6; 15-9; 15-12; 18-12 (atsedenaldia) 21-12; 21-19 eta 24-19.
Epailea. Jerome Garces.
Ikusleak. 16.973.
Nola edo hala irabazi beharreko partida zen. Bigarren Maila saihesteko borrokan zeuden bi taldeen arteko euskal derbia zen. Beldurra zerion partidari. Eta gehien behar zuenak irabazi zuen Baiona eta Miarritzeren arteko 101. euskal derbia. Baiona izan zen nagusi etxean atzo, eta hurrengo sasoian Top14an jarraitzeko aukerak ditu oraindik. Miarritzek, galdu arren, eta Bordelek bart eginiko emaitzaren esperoan, sailkapeneko 10. postuari eustea lortu zuen. Miarriztarrentzat, baina, gauzak zailxeago jarri dira, Baiona hurbildu zaielako. Top14ko jarraipena Brive, Bordele eta Lapurdiko bi taldeen arteko lehia izanen da.
Lehen itzuliko partidaren testuinguruak eta sailkapenean Baiona eta Miarritzek zuten egoerak ez zuten partida handia izanen zen zantzurik ematen. Alta, xuri-urdin eta xuri-gorrien arteko euskal derbia atsegina izan zen, oro har. Tentsio handiko partida horietan ohikoena izaten da bi taldeak urduri zelairatzea eta jokoa oso itxia izatea. Baionak, baina, hasieratik ausart aritzea erabaki zuen. Miarritzek bere defentsan konfiantza ezarri zuen, eta kontraerasoan Baiona deseroso ezartzen entseatu zen, Balshawek eta Peyrelonguek jotako ostikada luze eta indartsuekin.
Derbiak bi estilo erabat desberdinen arteko lehia irudikatu zuen. Alde batetik, Baionak bizitasunaren eta erritmoaren alde egin zuen. Baloiak biziki fite garbitzen zituen uztartze irekietan, eta Philipsek abiadura ematen zion jokoari. Xuri-urdinen hirugarren lerroko jokalariak, aitzineko borrokan zein gibelekoan, Mazars eta Lacroix erdilarien alboan egon ziren. Haare eta Bernad zelaiaren txoko guztietan agertu ziren, eta dinamismoa ezarri zuten, haien gibelekoen ondoan jokatuz. Tarteka, Roumieu aztalkaria eta Chisholm elkartzen zitzaizkien. Mugikortasun eta bizitasun txalogarriak erakutsi zituen pack bat osatuz.
Miarritzek, Baionak ez bezala, nahiago izan zuen piano jokatu. Bere oinarriz segur zegoen, defentsa lerroa bikain kokatuz eta uztartze irekietan oso jokalari gutxi erabiliz. Baloia berreskuratzean, Balshaw, Yachvili eta Peyrelonguek ostikada taktikoak jo zituzten, eta Heymans eta Haare zailtasunetan jarri.
Estilo borroka horretan Baiona nagusitu zen, eta beti egon zen markagailuan aitzinetik, Potgieterrek 7. minutuan bere taldearen lehen hiru puntuak sartu zituenetik. Miarritze ez zegoen bortxaz urrun, baina Baiona hozka bat gorago zegoen. Benjamin Boyeten lekua bikain hartu zuen Jacques Louis Potgieterrek eta Miarritzeko Dimitri Yachvilik ez zuten barkatu puntuak zangoz sartu behar zirenean. Nahiz eta jokoan dinamiko aritu, Baionak ez zuen asmatzen bere jokaldiak bukatu eta entsegua sartzen. Miarritzek, berriz, ez zuen aski nagusitasun aitzinean bere joko pausatuagoarekin entsegua sartzeko. Puntuak sartzeko ardura bi ostikatzaileena izan zen. Haien ahalegin guztietan ez zuten hutsik egin Potgieter eta Yachvilik, eta horrela iritsi zen 15-12koa.
Entsegurik ez, baina partida gustagarria. Jokoa bizitzen zenean, Baionak bere sekuentzien saria jasotzen zuen zigor kolpeekin. Jokoa aitzinean moteltzen zenean edo ostikadetako gerla taktikoan sartzen zenean, berriz, Miarritzek lortzen zituen zigor kolpeak, eta Yachvilik puntuak. Entsegu aukeretan ere berdinketa zegoen. Balshawek izan zuen lehenbizi, baina baloia ezin izan zuen kontrolatu entsegu eremuan bakarrik zegoenean. Baionan, berriz, Mazarsek ostikoz jo zuen Yachviliren pasea, eta gutxigatik huts egin zuen hura jasotzean, entsegua eskura zuenean.
Bolakorok entsegua, alferrik
Atsedenaldia 18-12koarekin iritsi zen, Baionaren alde. Etxeko taldea partidan sartuta zegoen, eta gauzak txukun eta garbi egin zituen. Miarritze agian lotsatiago zebilen, nahiz eta ostikoz zailtasunetan ezarri zituen Haare eta Heymans. Miarritzek pragmatismoaren hautua egin zuen, baina ezin izan zion bere erritmoa ezarri partidari.
Horren errua Baionako aitzinekoek izan zuten. Uztartzeetan eta eskasetan sekulako uzta egin zuten, hiru zigor kolpe lortu eta bost baloi lapurtuz, hurrenez hurren. Ondorioz, baloia baionarrena izan zen, eta haien joko dinamikoa egin ahal izan zuten. Miarritze defentsan sendo ari zen, baina faltak egin behar izan zituen, Baionak entsegurik sar ez zezan. Potgieterri esker, Baionak 21-12raino ihes egin zuen.
Bazirudien etxekoek partida kontrolpean izanen zutela eta Miarritzek ezingo ziola itzulia eman emaitzari. Baina orduan etorri zen Miarritzeren entsegua. Balshawek jotako ostikadak Haare estu hartu zuen, eta Zeelanda Berrikoak aitzin pasa egin zuen. Ondorengo uztartzean, baloia azkar atera zuen Yachvilik. Peyrelongue barnetik sartu zitzaion Potgieterri, eta Bolakorori oparitu zion baloia. Miarritzeren entsegua ikusi zutenean gertatzen ari zena sinetsi ezinda zeuden Jean Daugerren: 21-19.
Miarritzeren minutu onenak iritsi ziren entseguaren ondoren. Agilerakoek goia jo zuten, eta uztartze irekietan, partidan lehen aldiz, baionarrak txikiarazi zituzten. Hor ikusi ziren Hariñordokiren eskuak sartzen baloia ez zedin atera, Erik Lund elefantea bezala bultza egiten eta Guyot aurkariak plakatu ondoren baloia moteltzen.
Partida ihes egiten ari zitzaion Baionari, eta ia esperantza ere bai. Gehien behar zuenean, gainera, Potgieter galdu zuen. Hegoafrikarra erabat erreta zegoen, eta hiru ostikada jarraian huts egin zituen. Didier Faugeronek, orduan, aulkia mugitu zuen. Bikain ari zen Philips zelaitik atera zuen, Garcia ostikatzaile trebea sartzeko. Apustu ona izan zen; bete-betean asmatu zuen.
Sartu eta hurrengo jokaldian Gartziak sekulako ostikada jo zuen, baloia Miarritzeren zelaira bidaliz. Hurrengo eskasean, baionarrek baloia berreskuratu zuten, eta Garciak drop bikaina sartu zuen. Uztartze erdilaria hagetatik berrogei metrotara zegoen, eta zelaiko bazter batean. Harmailetako txalo hotsa merezita entzun zuen. 24-19 zen aurretik Baiona, eta xuri-urdinek zulotxoa egin zuten markagailuan.
Aitzinean Neemia Tialataren sarrerak energia berria eman zion Baionako uztartze jokoari. Zeelanda Berriko harroinak zigor kolpe bat eskuratu zuen bere bultzakadari esker. Lehen zatian, Iginizek Van Staden bitan tolestu zuen, eta bigarrenean Tialatak Watremez irentsi zuen. Miarritzek entsegua behar zuen gutxienez berdinketa lortzeko, eta bi aukera izan zituen horretarako. Lehenik, Baionaren 22 metroko eremuan eskas garrantzitsu bat izan zuen jokatzeko. Mark Chisholmek, baina, baloia modu trebean lapurtu zion Imanol Hariñordokiri.
Partidak Baionari ihes eginen ez ziola zirudienean, aukera izan zuen Miarritzek. Azken jokaldian zigor kolpea lortu, eta Yachvilik eskasa atzeman zuen Baionaren bost metroko eremuan. Miarritzek dortoka osatu zuen, baina Baionako pack-a ez zen mugitu. Miarritze berehala blokeatu zuen, eta Jerome Garces epaileak baloia itzuli zion Baionari. Estadio guztia saltoka hasi zen Txoria txori kantatuz. Atzo Baionaren eguna zen, eta esperantzari eusteko eskubidea aldarrikatu zuen.
Baiona 24. Miarritze 19
Esperantzari eusteko eskubidea
Baiona hasi eta buka aitzinetik egon da, eta Miarritzek partidako entsegu bakarra sartu arren, merezita irabazi du euskal derbiaUztartze eta eskasetan Baiona nagusitu da, baloi erabakigarri anitz berreskuratuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu