Alberto Iñurrategik, Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak Paiju Peak dorrearen hegoaldeko pareta igo berri dute. Dagoeneko itzuli dira etxera, eta gaur Bilbon egindako agerraldian azaldu dituzte bidean izandako bizipenak. "Oso gogorra eta arriskutsua" izan da igoera; Iñurrategik berak oinarrizko kanpalekutik BERRIAri aitortu zion ez zela "berriro egiteko moduko zerbait". Hala ere, lorpenaren ondotik, "oso pozik" agertu dira.
Vallejok azaldu duenez, "baldintza oso gogorrak" izan dituzte, eta horrek zaildu egiten zien metro bat aurrera egitea. Izotzak bereziki eragin dizkie zailtasunak eskalatzeko garaian.
Iñurrategiren arabera, ez zuten "argi" ikusten igo ahal izango zuten, eta bazekiten "edozein unetan" atzera egin beharko zutela. Zailena egunez eguneko borroka psikologikoa izan dela berretsi du, BERRIAk egindako elkarrizketan adierazi zuen bezala.
"Itxaropen izpiak ikusi genituen, baina dena zapuztu egin zen Juanen [Vallejoren] kolpearekin", esan du Iñurrategik. Vallejok min hartu zuen sorbaldan, eta azken luzean kanpalekuan geratu behar izan zuen. Tontorrera iritsi zireneko unea "oso polita" izan zen beste bi mendizaleentzat.
Ekainaren 23an hasi zuten ibilbidea; egun hartan abiatu ziren hiru mendizaleak Pakistan aldera, eta astebetean heldu ziren kanpaleku nagusira, Paiju Peak mendiaren magalera. WOP Fundazioari eskaini diote igoera, espedizioaren sustatzaileari.