Gabonetako oparien xarma papera kendu eta ezustekoa hartzea izaten da. Oparia garrantzitsua da, noski, baina ilusioak, espero ez izateak... atsegina biribiltzen du. Atzo Martin Lasartek jaso zuen oparia, baina espero zuen, bost hilabete baitira Vadim Demidovek Realean jokatuko zuela jakin zutela. 24 urteko atzeko erdilari horrek bi urte eta erdirako kontratua sinatu du, eta Realak ez du etete klausularik ordaindu behar izan. Dena den, bere fitxarekin egondako atzerapen burokratikoen erruz, Lasartek ezingo du Zaragozaren aurkako deialdian sartu.
Reala unegozoan dago, eta, hein handi batean, atzeko lerroak eginiko lan txukunarengatik da. Gonzalez eta Ansotegi hasieratik ari dira, eta Demidovek zaila izango du postua lortzea. Jokalari berriak egoera zein den badakiela azaldu zuen atzo, bere aurkezpen ekitaldian. «Ezagutzen dut taldea, eta badakit hamaikakoan sartzea oso zaila izango dela, maila handia baitago nire postuan. Baina, tira, entrenatzailearen edozein erabaki ametituko dut. Beste erronka bat da».
Norvegiako liga, teknikoki, Espainiakoarenetik urrun dago, eta atzelari zentralak oso fisikoak izaten dira han. Bere buruaz hitz egitean, baina, Demidovek bere ahal fisikoaz gain, bere pase joko ona nabarmendu zuen, eta ez duela egokitzeko arazorik izango esan. Normalean atzean jokatu arrenzelai erdian ere joka dezakeelaadierazi zuen. Lorenzo Juarros Realeko zuzendari teknikoak dohain horiek nabarmendu zituen, baina zehatzagoa izan zen postuari buruz mintzatzean. «Zentrala da. Jokalari oldarkorra da, buruz ondo moldatzen dena, eta egia da Rosenborgen eta Norvegiako selekzioko behe mailetan erdilari ere jokatu duela, baina haren postua atzelari zentrala da».
Etxeko lanak eginda iritsi da Donostiara; esan zuenez, taldekide izango direnen hainbat partida ikusi ditu, eta ez dago harrituta Realak egin duen denboraldi hasiera onarengatik. Rosenborgen, era berean, sei hilabete egin ditu Bjorn Tore Kvarme Realeko jokalari ohiarekin, eta argibide asko eman dizkio taldeari eta hiriari buruz. Taldearen maila izan zen, halaber, erabakia erraztu zion arrazoietako bat. «Eskaintza gehiago izan nituen,baina aukeratzea erraza izan zen. Aspaldi jarri ziren harremanetan, eta Reala aurrerapauso bat da niretzat, liga hobe baterantz».
Arlo pertsonalari dagokionez, Demidovek bere jatorria azaldu behar izan zuen. Letonian jaio zen, baina lau urterekin Norvegiara joan zen bizitzera, bertako talde batek aita, zeina eskubaloiko atezaina zen Sobietar Batasuneko selekzioan, fitxatu zuenean. Halere, sustraiak Errusian ditu. «Nik errusiartzat daukat neure burua, gurasoak errusiarrak dira anaiak ere bai...». Dena den, Norvegiako herritartasuna du, eta ohikoa da hango selekzioaren deialdietan.
Bestalde, aurkezpenean utzita joan daitezkeen jokalarien inguruko berriak zabaldu ziren Zubietako prentsa aretoan, eta badirudi Asier Ilarramendi izango dela irteten aurrena, Salamancarantz. Taldea Espainiako Ligako Bigarren Mailan ari da. Baliteke Imanol Agirretxek ere taldea uztea , eta horren kasuan Albacetek jo du atea gogorren.
Espero zen oparia
Vadim Demidov aurkeztu du Realak, baina ezingo da sartu Zaragozaren aurkako partidako deialdian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu