Espero zena ez, baina polita

Gros xake taldea kluben arteko Europako Txapelketan aritu da, Eslovenian, eta lehen bost tauletan goian ibili da. Presioak eraginda, 28. amaitu du azkenean, baina esperientzia ona izan da.

Gros xake taldeko jokalariak, Europako Txapelketan. GROS XAKE TALDEA.
Josu Tornay.
Donostia
2011ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Beti nahi izaten da gehiago, eta Gros xake taldea ere oso gora begira jarri zen Eslovenian, kluben arteko Europako Txapelketan. Baina 28. postuarekin etsi behar izan zuen azkenean, azken bi tauletan, presioa tarteko, huts egin ondoren. Irailaren 23tik urriaren 2ra artean jokatu berri da kluben arteko Europako Txapelketa. Beste urte batzuetan bezala, Europa ekialdeko taldeak ziren txapelketa irabazteko faborito nagusiak. Batez ere, Azerbaijango SOCAR eta Errusiako SHSM, Ekonomist eta San Petersburgo taldeak. Hala ere, Baden Baden Alemaniako taldea bosgarrena zen faboritoen artean. Gros, berriz, 62 taldeen artean 13.a zen. Dena den, donostiarrek eskarmentu handia daukate torneo horretan, eta hamar onenen artean sartzeko itxaropenarekin hasi zuten lehia.

Talde ahaltsu batekin joan zen Gros Esloveniara: Loek Van Wely herbeheretarra, Christian Bauer frantziarra, Hicham Hamdutxi marokoarra, Alex Franco espainiarra eta Santi Gonzalez, Iñigo Argandoña eta Iñigo Martin euskal jokalariak. Hiru Maisu Handi, hiru Nazioarteko Maisu eta Maisu FIDE bat. Berme handiko jokalariak dira Van Wely, Bauer eta Hamdutxi, eta euskal herritarren esku zegoen atzeko tauletan puntuak pilatzeko lana.

Torneoa ez zen gaizki hasi. Marseillaren aurka 3-3 berdindu zuten donostiarrek, eta emaitza ona da hori, kontuan izanda Frantziako txapeldunek profesionalez osatutako taldea daukatela. Hala ere, bigarren txandan donostiarrek 4-2 galdu zuten Esloveniako Tehcentger Ptujen aurka. Argandoñak irabazi egin zuen bere partida, baina Francok, Gonzalezek eta Hamdutxik galdu egin zuten. Van Welyk eta Bauerrek goian lortutako bi berdinketek, beraz, ez zuten ezer askorako balio izan. Hirugarren txandan taldea suspertu egin zen, eta 6-0 jipoitu zuten Ukrainako Shtrafbat. Laugarren txanda garrantzitsua zen goiko postuetan jarraitzeko, eta donostiarrek ondo erantzun zuten berriz ere, 3,5-2,5 Edinburgoko Xake Talde eskoziarren aurka. Bosgarren txanda iritsi, eta, berriz ere, 6-0eko argia Austriako SK Advisory Invest Badenen kontra. Lan aparta egiten ari ziren Gros xake taldeko jokalariak. 11. postuan kokatu ziren une horretan, eta azken bi txandak bakarrik geratzen ziren.

Loek Van Wely, onenen pare

Orduantxe agertu zen presioa. Taldeko jokalari gazteenek nabaritu zuten ezintasuna. Seigarren txandan 4-2 galdu zuten Bosna Sarajevoren aurka. Emaitza hori, printzipioz, ez zen arraroa izan, kontuan izanda Bosnia eta Herzegovinako taldea sendoagoa zela. Baina azken txandan, artean goiko postuetan sartzeko aukerekin zeudenean, eta sei partidak oso ondo bideratuta zeuzkatenean, Islandiako Bolungarviken kontra 4,5-1,5 galdu zuten euskal taldekoek. Emaitza horrek 28. posturaino bidali zuen Gros, merezi zuen postutik oso urrun. Edonola ere, donostiarren lehen taula, Loek Van Wely Maisu Handia, Europako Txapelketako onenetako bat izan zen, zazpi partidetan 4,5 puntu aterata. Lehen taulako jokalarien artean herbeheretarra bederatzigarrena izan zen. Bauer 15.a izan zen bigarren taulen artean, eta Hamdutxi 18.a hirugarren tauleen artean. Euskal jokalarien artean Argandoña izan zen onena, zazpi partidetan 4 puntu aterata.

Emaitza espero zena izan ez bazen ere, taldeko euskal jokalariek esperientzia polita bizi izan dute, eta Espainiako Ohorezko Mailako Txapelketarako prestaketa bikaina egin dute. Melillan (Espainia) jokatuko da txapelketa hori, azaroaren 20tik 26ra, eta, beste urteetan bezala, faboritoen artean dago Gros.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.