Espero zena gertatu da

Asobal ligaren azken lau denboraldietako txapeldunak ez du gupidarik izan, eta oso erraz irabazi dio Arrateri

Erredakzioa
Donostia
2010eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Egin kontu: Ciudad Realek Asobal ligan jokatu dituen azkeneko 59 partidak irabazi ditu. Azkenekoa atzo, denboraldi honetako hirugarren jardunaldian. Esperotakoa gertatu zen Kixote Arenan, eta etxeko taldeak 38-25 mendean hartu zuen Arrate. Asobal ligaren azken lau denboraldietako txapeldunak ez zuen gupidarik izan Eibarkotaldearekin, eta oso erraz irabazi zion.

Ia bi urte daramatza alerik galdu gabe Talant Dujshebavek entrenatutako taldeak. Eta kasualitatea da, baina azkeneko partida Ipuruan galdu zuen; Arrateren pistan, hain zuzen. 2008ko irailaren 27an 28-26 irabazi zion Eibarko taldeak Ciudad Real ahalguztidunari. Geroztik, 2008-2009ko sasoian geratzen zitzaizkion 26 partidak irabazi zituen; 2009-2010eko 30ak; eta honetan jokatutako hirurak. Geldiezina da ia Ciudad Real.

Areago Arraterentzat. Ahal zuena egin zuen Julian Ruizek entrenatutako taldeak. Partida hasiera orekatua izan zen. Hala, 10. minutuan 6-4koa zen markagailuak. Baina etxeko taldeak 5-1eko defentsa estutu zuen, eta Sterbik den-dena geratzen hasi zen. Munduko atezainik onenenetakoa da jatorri serbiarreko espainiarra, onena ez bada. Hain handia da ate osoa betetzen duela.

Defentsa estutzea eta atezainak lan ona egitea nahiko izan ziren etxeko taldeak aitaren batean zazpi goleko aldea hartzeko (11-4, 16. min.). Partida amaitu bitartean abantaila handitu zuen Ciudad Realek. Arratek, berriz, puntu bakarra batu du jokatutako hiru jardunaldietan. Egia da tartean Bartzelona ere izan duela aurkari. Datorren ostiralean Ademar Leon indartsua hartuko du Ipuruan.



Ciudad Real 38

Arrate 25

Ciudad Real. Sterbik; Kallman (6), Guardiola (4), Abalo (1), Entrerrios (2), Morros (3) eta Dinart (1) -hasierako zazpikoa-; Hombrados (o.a.), Aginagalde (9), Davis (2), Garcia-Parrondo (4), Cañellas (2, 1p.), Jurkiewicz (1) eta Lazarov (3, 1p).

Arrate. Vincina;Cid (2), Arrieta (1) Berrios (2), Redei (10), Kurilenko (2), Petricevic (-) -hasierako zazpikoa-; Moyua (o.a.), Romero (-), Alzaga (1), Szabo (7), Peña (-) eta Tokic (-).

Markagailua. 3-2, 6-4, 10-4, 12-5, 15-7, 18-9 (atsedenaldian); 21-13, 26-15, 29-18, 33-20, 35-22 eta 38-25.

Epaileak. Casado Fernandez eta Vera Avila. Bi minutuz kanporatuak Ciudad Realeko Entrerrios, eta Arrateko Szabo eta Kurilenko.

Bestelakoak. 2.710 ikusle Kixote Arenako harmailetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.