Espero zenak irabazi du

Lionel Messi argentinarrak irabazi du Urrezko Baloia, hirugarren aldiz jarraian

Erredakzioa
Donostia
2012ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Ezustekorik ez. Lionel Messi izendatu dute urteko futbol jokalaririk onena, hirugarren urtez jarraian. Espero zenak irabazi du. Argentinarrak egiten dakien dena erakutsi du, 24 urte baino ez dituen arren oraindik. Atzoko izendapenarekin, Johan Cruyff, Michel Platini eta Marco Van Bastenen marka berdindu du.

Lortutako tituluek eta markek eman diote saria Bartzelonako aurrelariari. Ez da ase, ordea. «Ez dut helburu pertsonalik. Bartzelonarekin eta Argentinako selekzioarekin gauza gehiago lortu nahi ditut. Sari indibidualak irabaztea baino garrantzitsuagoa da hori». Boto guztien %47,8 lortu zituen Messik; %21,6jasota, bigarren sailkatu zen Cristiano Ronaldo, eta hirugarren, Xavi Hernandez. Kataluniarrak botoen %9,23 jaso zituen.

Azken horri eskaini zion Messik Urrezko Baloia: «Xavi nire lagunarekin partekatu nahi dut saria. Laugarren aldia da elkarrekin izendatu gaituztela. Zuk ere merezi duzu, eta niretzat ohorea da zurekin batera zelaian aritzea». Xaviri ez ezik, baina, botoa eman dioten guztiei eta Bartzelonako eta Argentinako selekzioko bere taldekideei ere eskaini nahi izan die saria.

Emakumezkoen jokalari onenaren saria Howare Sawa japoniarrak irabazi zuen. Iaz Alemanian jokatu zen Munduko Kopa irabazi zuen Sawak, Japoniako selekzioarekin. Jokalari erabakigarria izan zen. Bera izan zen txapelketan golik gehien sartu zuen jokalaria, eta bera izendatu zuten orduko onena ere. Entrenatzaile onenaren sarian ere ez zen ezustekorik izan. Pep Guardiola Bartzelonako entrenatzaileak Jose Mourinho eta Alex Fergusoni irabazi zien bozketan. Emakumeen entrenatzaile onenaren saria Hiroshi Ohashi Japoniako hautatzaileak irabazi zuen.

2011ko hamaikakorik onena ere aukeratu zuten. Hor ere ezusteko gutxi izan zen; Iker Casillas atepean; Dani Alves, Gerard Pique, Sergio Ramos eta Nemanja Vidic defentsan; Andres Iniesta, Xabi Alonso eta Xavi zelai erdian; eta Ronaldo, Messi eta Wayne Rooney aurrealdean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.