Esprinta bai, esprinta ez...

Munduko Txapelketako gizonezkoen elite mailako errepideko proba jokatuko da gaur, zailtasun handirik gabea

unai zubeldia
Donostia
2011ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Munduko Txapelketa esprintean amaitzen ikusita, sututa jartzen dira txirrindulari zale asko. Ikuskizunaren izenean, gogortasuna eskatzen dute gehienek, erasoa, kontrolik eza, onenen arteko egurra. Esprinterrek, berriz, kritika bat baino gehiago egin izan dute, Munduko Txapelketa gehienak gogorregiak direla eta; eurek ere aukera bat nahi izaten dute. Bada, Kopenhageko (Danimarka) aurtengo Munduko Txapelketak denak gustura utziko dituela esan daiteke. Tira, denak, edo inor ez.

Izan ere, ibilbideari begiratuta, ia laua dela esan daiteke. 500 metroko aldapa txiki bat besterik ez dauka zirkuituak —aurretik 30 kilometro egingo dituzte Kopenhageko hirigunean barrena—, baina helmugara bidean dago zati gogor hori, azken 500 metroetan. Ezusterik ezean, esprinta izan beharko luke gaurko probak, baina esprinterretako asko bidean gera daitezke selekzioren batek lasterketa gogortuz gero. Mark Cavendish (Erresuma Batua) gai izango ote da aurrekoen erritmoari eusteko? Fabian Cancellarak (Suitza) edo Edvald Boasson Hagenek (Norvegia) hautsiko ote dute tropela eraso zitalen batekin? Ezjakintasun hori dauka alde gaurko probak, 280 kilometroko lasterketa lau baina gogorrak.

%5eko batez besteko pendiza daukate itzuli bakoitzeko azken 500 metro horiek, eta hemezortzi itzulietako bakoitzean 105 metroko desnibela pilatuko dute. Biharko, eguraldi ona dago iragarrita Kopenhagen, eta erorketen arriskua mugatuko du horrek. 10:00etan hasiko da proba, eta 16:50 aldera amaituko da.

2002ko Zolderreko zirkuituaren (Belgika) edo 2005eko Madrilgoaren (Espainia) traza dauka gaurkoak. 2002an Mario Cipollinik irabazi zuen Munduko Txapelketa, esprintean, eta 2005ean Tom Boonenek, modu berean. Horren jakitun, esprinterrez josita joan dira Kopenhagera selekziorik gehienak, nahiz eta klasikozaleren bat edo beste ere ezin den ahaztu. Cavendish, Thor Hushovd (Norvegia), Oscar Freire (Espainia), Daniele Bennati (Italia), Matthew Goss (Australia), Tyler Farrar (AEB), Andre Greipel, Marcel Kittel (Alemania), Sacha Modolo (Italia), Peter Sagan (Eslovakia)... Hori bai, lau faborito aipatzen hasita, Peter Sagan (Eslovakia), Philippe Gilbert (Belgika), Freire eta Hushovd ageri dira zerrenda guztietan.

Garate eta Erbiti, lanerako

Faboritoen zerrendan ageri ez badira ere, bi euskal herritar ariko dira gaur lehian, Juanma Garate eta Imanol Erbiti. Freireren alde lan egitea izango da bien eginbehar argi eta bakarra. Laugarrenez jarraian ariko da Garate Munduko Txapelketan, eta bigarrenez jarraian Erbiti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.