Txirrindularitza

Esprintari ihes eginda, Kluge

IAM taldeko txirrindulari alemaniarrak ezustea eman du Giroko 17. etapan, esprinta behar zuen amaieran azken unean erasoa jo eta garaipena eskuratuta. Steven Kruijswijkek (Jumbo) jarraitzen du lider.

unai zubeldia
2016ko maiatzaren 25a
17:23
Entzun

Eskerrak tarteka ezusteak izaten diren ezer askorik ez daukaten etapetan. Bezperako berotuaren ondoren, esprintean amaitu beharrekoa zen Molveno eta Cassano d'Adda artekoa (195 km), baina Roger Kluge alemaniarrak (IAM) erasoa jo du azken kilometroan, ihesaldia bertan behera gelditu berritan, eta garaipen ederra lortu du azkenean. Giacomo Nizzolo (Trek), Nikias Arndt (Giant) eta Sacha Modolo (Lampre) iritsi dira atzetik. Sailkapen nagusian ez da izan aldaketarik, eta Steven Kruijswijkek (Jumbo) jarraitzen du lider.

Daniel Oss (BMC), Pavel Brutt (Tinkoff) eta Eugert Zhupa (Wilier) joan dira ihesean bigarren kilometroan, eta 23 kilometro falta zirela bat egin dute eurekin Lars Ytting Bakek (Lotto), Ignatas Konovalovasek (FDJ) eta Maxim Belkovek (Katuxa). Ezustean, izugarri estutu dute tropela, eta 1,5 kilometro falta zirela ahalegina ezerezean utzi ondoren, kontrolaezina izan da Klugeren mugimendua. Aurretik, Filippo Pozzatok ere (Wilier) jo du erasoa azken kilometroan.

Muggio eta Pinerolo artean, Giroko etaparik luzeena izango da biharkoa, 244 kilometrokoa. Pramartino bigarren mailako mendatea igo beharko dute helmugara iristeko hogei kilometro eskas faltako direnean. 4,6 kilometro eta %10,5eko batez besteko aldapa dauka eguneko igoera bakarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.