Milan-San Remo, denboraldiko lehen klasiko handiari begira lanean ari dira klasikozale eta esprinter asko eta asko. Martxoaren 19an jokatuko da Italiako klasiko hori, eta, urteroko legean, esprinter gehienek hanka-zuztarrak Tirreno Adriatikoan fintzea erabaki dute. Mark Cavendish (Highroad), Alessandro Petacchi (Lampre), Andre Greipel (Omega Pharma-Lotto), Oscar Freire (Rabobank), Tom Boonen (Quick Step), Tyler Farrar (Garmin-Cervelo)... Esprinter asko eta oso onak bilduko dira gaurtik hurrengo asteartera bitartean Tirreno Adriatikoan, eta, ihesaldien baimenarekin, eurek emango diote sona probari.
16,8 kilometroko taldekako erlojupekoarekin hasiko da itzulia, eta amaitu ere erlojupeko batekin amaituko da, hilaren 15ean. Bakarkakoa izango da, ordea, azken erlojupeko hori, 9,3 kilometrokoa. Tartean, berriz, esprinterren dema espero da. Hori bai, itzulia irabazteko izenei begira jarrita, Vincenzo Nibali, Ivan Basso (Liquigas) eta Andy Schleck (Leopard) ageri dira goiko muturrean. Philippe Gilbertentzat (Omega Pharma-Lotto) ere egokiak izango dira etapa amaiera batzuk, gorabeheratsuak baitira. Euskaltel-Euskadik Amets Txurruka darama taldeburu gisa, baina gutxienez etapa bat irabaztea izango da helburua.
Esprinterren dema izango da Tirreno Adriatikoan
Gaur hasi eta hilaren 15ean amaituko da proba, eta bi erlojupeko izango ditu; taldekakoa bat, bakarkakoa bestea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu