PILOTA. LAU T'ERDIKO TXAPELKETAKO FINALA

Estilo kontua

Juan Martinez de Irujok eta Abel Barriolak lau t'erdiko txapela dute gaur jokoan, Donostiako Atano III.a frontoian. Ligaxkan Irujok irabazi zuen, eta gaur hura da faborito apustuetan: doblean edo 100-60ri.

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2010eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
«Ez badut arriskatzen, ez dut irabaziko», mantra bat Juan Martinez de Irujoren burmuinean. Mila aldiz plazaratu du, iragan asteazkenean azkenekoz. Asmo bat, eta gerra deklarazio bat. «Erasokorra izan behar dut, seigarren koadrotik piloteatzen ez diot irabaziko Barriolari ». Konfesioaren bigarren zatia, ausardiaren apologia. Beti pauso bat aurrera, bere estiloa da, eta orain arte oso emankorra. Eta beste aldean, Barriola: «Nire estiloari fidel izan natzaiolako iritsi naiz, eta bosgarren finala bada, ez da hain txarra izango». Egia biribila, astuna. Logikaren zama, eta lau t'erdian aurrelariei hortzak erakutsiz zizelaturiko jokamoldea. Luze eta botera, frontisetik urrun. Beste estilo bat kaiolarako, klasikoa agian, gaurko finala, azken finean, estilo kontua baita (17:00, ETB1).

Barriola eta Irujoren aukerak metroetan neur daitezke. Atano III.eneko frontisetik urrun jokatuz gero, lau edo bost metrora, leitzarraren mesede. Metro pare batera, aldiz, harlauzetatik oso gertu, Iberokoaren lurraldea da. Ez da elkarren aurka lau t'erdian jokatzen duten lehen aldia, eta aurreko partidek antzeko gidoia izan dute. Gehienak, baina, Irujoren aldekoak izan dira, tartean final bat, 2006koa (22-21). 21-20 aurretik zihoala, Barriolak bolea txapara bidali zuen, eta txapelak ihes egin zion. Azkenekoz aurtengo ligaxkan jokatu dute elkarren aurka, eta Irujok irabazi zuen (22-16). Barriolaren azken garaipena azaroaren 19an izan zen, Nitro torneoko finalerdian (22-21). Dena den, azken aurrekaria oso garbi ageri da zaleen artean, eta apustuak nabarmen irtengo dira Irujoren alde: doblean edo 100-60ri.

Irujok eta Barriolak probatuta dauzkate lau t'erdikoaren gazi-gozoak, irabazi baino final gehiago galdu baitituzte. Irujok bat irabazi du, eta bi galdu. Barriolak, berriz, aurrenekoa irabazi zuen, eta hurrengo laurak galdu. Iberokoak beti esan du kaiolan deseroso sentitzen dela. Barriola, berriz, aurrelarien lurraldean muturra sartzea ausartu den atzelari bat da, eta jokoaren bilakaerak, airearen mesedetan, zapuztu dizkio finalak. Errematea bilatu duten aurrelariek kendu diote eztia ezpainetatik: Olaizola II.ak 2002an eta 2004an, Irujok 2006an eta Titinek 2007an.

Barriolaren itzulera

Baina Barriola beti itzultzen da, eta berriz ere altxatu da. Izan ere, jokaturiko azken sei finalak galdu izana bizkarreko txikia da lesioekin izan duen gurutze bidearekin alderatuta. Gaurkoak Irujorekin lau t'erdian jokatu zuen lehen finalaren antza du. Ordukoaren aurretik ia urtebete pasatu zuen jokatu gabe, eskuko minez. Oraingoan belauna izan da, eta sendatze denbora urtebete baino gehiagokoa. Pilotari eta pilotazale gehienen ustea da txapel bat merezi duela. Baina leitzarrak ez du errukirik nahi: «Pilotak ez dit ezer zor, ez niri ez inori». Saria merezi du, baina berak kantxa gainean lortu nahi du.

Eta Irujori dagokio gaiztoaren papera, kaiolako «sufrimendua» gozatzeko. Txapelketako lau partidak irabazi ditu, baina Titinen aurkakoaren ondoren lau t'erdian ez zuela berriz ere jokatuko esanez sartu zen aldagelan. Iaz Gonzalezek irabazi zion finalean, eta aurten aukera ona du arantza ateratzeko. Txapelketa aurreko sentipenak ez ziren onak, baina puntualki erakustaldiak eman ditu. Ruizen aurka final-laurdenetan, eta Barriolaren aurkako partidaren bigarren zatian bereziki. Gaurko kontrarioa 10-2 aurreratu zen, sakea ondo baliatuz, baina Irujok buelta eman zion. Zirimola izan zen. Lau t'erdian ezin da jokatu Labriteko partidaren bukaeran jokatu zuen baino gehiago.

Pilotalekuari dagokionez, bi pilotariek diote Atanoko frontoiak erasoko jokoari egiten diola mesede. Zoruak distira egiten du, bizia da, eta defentsa lana zailtzen du. Ustez, Irujoren mesederako, berak esan zuen bezala «jopuntua» zuzen badago. Pilotei dagokienez, oso desberdinak aukeratu zituzten, baina biak gelditu ziren gustura. Eta giroa... ez da faltako. Urteko lehen bi finaletan Ogeta bete gabe gelditu ondoren, orain harmailetan ez da porlanik ikusiko. Donostian urte batzuetan jokatuko den azkeneko finala izan daiteke gaurkoa.



Abel Barriola

Jaioteguna. 1978ko maiatzaren 5a.

Jaioterria. Leitza (Nafarroa).

Garaiera. 1,85 metro.

Pisua. 88 kilo.

Debuta. 1998ko otsailaren 2an, Tolosako Beotibarren.

Garaipen zerrenda. Buruz buruko txapelduna (2002), lau t'erdiko txapelduna (2001), buruz buruko txapeldunordea (2007 eta 2008), lau t'erdiko txapeldunordea (2004, 2006, 2007). Bigarren Mailako binakako txapelduna (1999).





J. Martinez de Irujo

Jaioteguna. 1981eko azaroaren 4a.

Jaioterria. Ibero (Nafarroa).

Garaiera. 1,86 metro.

Pisua. 84 kilo.

Debuta. 2003ko ekainaren 6an, Iruñeko Labrit frontoian.

Garaipen zerrenda. Buruz buruko txapelduna (2004, 2006 eta 2009), binakako txapelduna (2006, 2005 eta 2009), lau t'erdiko txapelduna (2006), buruz buruko txapeldunordea (2005),binakako txapeldunordea (2004), lau t'erdiko txapeldunordea (2008).





Juan Martinez de Irujo espezialista da gaizki hasitako buruz buruko partidei buelta ematen. Horietako bi, Abel Barriolaren aurka izan dira.

'Akabo', inoiz ez

I. Magro. Donostia

Garaiezinaren mitoa da, Juan Martinez de Irujoren jokoaren beste ezaugarri bat. Txapelak zenbatu daitezke, baita garaipenak ere, baina izaerak ez du pisurik, ezta neurririk ere. Iberoko pilotari honek ez du inoiz amore ematen, eta haren ibilbidea aztertzea aski da hori ikusteko. «Inoiz ezin duzu partida galdutzat eman; zuk gauzak ondo egiten badituzu, beti dago partidari buelta emateko itxaropena. Gainera, buruz buru, sakeak asko egiten du. Baina, tira, niri ere askotan irabazi didate behetik gora eginez». Azalpena Irujorena da, eta hemerotekak bere behetik gorakoak aurkarienak baino ohikoagoak direla dio.

Behetik gorako partida horietako esanguratsuenetariko bi, Abel Barriolaren aurka izan dira, eta biak lau t'erdian. 2006ko finalean aurkako 7-14koari buelta eman zion, eta 22-21 irabazi, eta aurtengoaren ligaxkan aurkako 2-10ekoa salbatu zuen. «Erreboluzio askoko auto bat bezala da, eta halakoetan ezin duzu gelditu», laburbildu ditu leitzarrak bi porrotak. Baina analisia haratago doa: «Gainera, Irujo da, egungo pilotari onena; agian beste aurkari bat balitz... Jartzen duen abiadari aurre egitea oso zaila da. Hor zure tokian egoten eta eusten saia zaitezke bakarrik».

«Juan halakoa da, sakea hartzen badu, eta bere baliabideekin, edozein partidari buelta eman diezaioke». Hausnarketa hori Jokin Etxanizena da, urteetan Iberokoaren botillero izandakoa. Azken txapelketetan, baina, Patxi Eugi izan du alboan eserita, eta berak, Barriolaren aurkako aurtengoaz gain, kontrakantxatik ikusi zituen behetik gorako harrigarrienetako beste bi: iaz, buruz burukoaren final-laurdenetan, Gonzalezen kontra, 7-16koa 22-16 bilakatu zuen, eta aurten, Olaizola I.aren aurka, 4-17koa, 22-17.

«Harrigarriena Gonzalezen aurkakoa izan zen», dio Eugik. «Egun hartan Juan ondo ari zen, baina Gonzalez zen harrigarri hasi zena. Eusteko esaten nion, ondo ari zelako, etabesteak behera egiten bazuen, hor egongo zela bera». Egun hartan Irujok Atano osoa harritu zuen. Hamabost tanto egin zituen jarraian. Ikusleek orduan berretsi zuten akabo hitza ez dela ageri Irujoren hiztegian.



Irujoren suspertzeak

12005eko buruz burukoaren finalerdiak, Ruizen aurka:15-20tik 22-21era.

22006ko lau t'erdikoaren final-zortzirenak, Saralegiren aurka: 13-19tik, 22-19ra.

32006ko lau t'erdiko finala, Barriolaren aurka: 7-14tik, 22-21era.

42009ko buruz burukoaren finalerdiak: Gonzalezen aurka, 7-16tik, 22-16ra.

52010eko buruz buruko txapelketa, Olaizola I.aren aurka: 4-17tik, 22-17ra.

62010eko lau t'erdiko txapelketa, Barriolaren aurka: 2-10etik, 22-16ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.