Futbola

Estiloaren kultura

Arsenal eta Chelsea taldeek hainbat ezaugarri komun dituzte. Arrakastaren estereotipo bilakatu diren talde horiek, ordea, ez dute berdin sentitzen eta pentsatzen.

2007ko urriaren 2a
16:43
Entzun
Naxari Altuna

Ingalaterrako futbolak bilakaera ikusgarria izan du azken hamabost urteetan. Premier League txapelketa sortu zenetik, hango taldeek etorkizunari aurre hartu diote, eta antolaketa mailan, irudi aldetik, salmenta kontuetan, ez dute parekorik. Manchester United munduko talderik aberatsena izan da hainbat urtetan. Iragan astean Arsenalek aurtengo irabazien berri eman zuen, eta Londresko taldea munduko bigarren talderik aberatsena bilakatu da, Real Madrilen atzetik. Estadio aldaketari esker, irabaziak %46 igo dira Arsenal futbol taldean. Alde horretatik, kanoizaleak Manchester United, Chelsea eta Liverpoolen aurretik jarri dira. Testuinguru berri horretan, Arsenalek aukera tentagarria du merkatua hausteko, Arsene Wenger managerrari 110 milioi euro jarri dizkiotelako agintariek mahai gainean neguko merkatuan fitxaketak egiteko. Agian hori normalena izango litzateke edozein taldetan, baina Arsenalen ez.

Premier League txapelketarik jarraituena da mundu osoan. Aspaldi lortu zuten Ingalaterrako klubek euren irudi zaharkitu eta zatarra gainetik kentzea, zale istilutsuena batez ere, eta zabalkunde horretatik atzerriko kapitala erakartzen hasi ziren. Hainbat gauza aldatu dira hango futbolean, baina muina ez. Pertsonak, estadioak eta koloreak aldatu diren arren, kluben oinarrizko izaerak bizirik jarraitzen du, eta ondare horrekiko errespetuak aldaketa bortitzak natural egiteko bidea ematen du.

Ingalaterrako futbola harro samarra izan da beti. Futbolaren asmatzaile gisa, ordea, ingelesek ezin zuten eraman 1980ko hamarkadan hooligan fenomenoak sortu zien lotsa. Horregatik, Europan zigortuak izan ziren urteetan hausnarketa sakona egin zuten. Orduan jarri ziren egungo oparotasun ekonomikoaren eta zabalkundearen oinarriak. Gaur egun, Premier League-ko klubik gehienak atzerriko kapitalaren eskuetan daude. Hasieran errezeloa sortu zuen horrek, baina harmailak jendez gainezka azaltzen dira larunbatero; hegaldi merkeak eskaintzen dituzten konpainiak futbol zalez beterik agertzen dira astero astero, eta edozein hiriko kaleetan gazteek Arsenal, Chelsea, Manchester United edo Liverpoolen elastikoak janzten dituzte.

PAZIENTZIA ABERATSA. Ingalaterrako futbolaren historia pertsonaia mitikoei lotuta dago. Pertsona jakin batzuek arrastoa utzi dute klub guztietan, eta haiek sortutako espiritua errespetatu izana da arrakastaren gakoa. Arsenal dugu kasu horietako bat; kasurik bitxiena, beharbada. Londres iparraldeko taldeak iraultzaile eta tradizio kutsua izan du beti. Kontraesangarria ematen du horrek. Baina Arsene Wengerrek egin duen guztia ez zen hain natural hartuko 1930eko hamarkadan, Herbert Chapman managerra klubean izan ez balitz. Chapmanek ez du beste hainbaten sona lortu Ingalaterrako manager mitikoen artean, beharbada Bigarren Mundu Gerra aurretik lan egin zuelako. Gaur egungo profesionaltasunaren zutabeak jarri zituen Chapmanek. Arsenal esku artean hartu zuenetik, gorengo mailan urterik gehien daraman klub bihurtu da. Bien bitartean, beste talde historiko guztiak bigarren mailan aritu dira.

Arsene Wenger Alsaziakoa da, Frantzia iparraldea. 1996an iritsi zen Arsenalera. Hasieran inor gutxik ezagutzen zuen. Nolanahi ere, David Dein, Arsenaleko presidenteordea, Japoniara joan zen Wenger fitxatzera. Aurreko urteetan Monakon lan bikaina egin zuen, Liga eta Kopa irabazita. Baina, batez ere, joko kultura bat sortu zuen han, eta jokalari xumeak garrantzitsu bihurtzeko begi zorrotza erakutsi zuen. George Weah liberiarrari hark eman zion Europan famatzeko aukera, eta Youri Djorkaeff bezalako jokalariak bere besoetatik igaro ziren.

Arsenal aro baten amaieran zegoen. Tony Adams, Paul Merson eta Ian Wrighten taldea zen. Zaragozaren aurka Errekopako finala galdu zutenean, aldaketa sakonean murgildu ziren gunners direlakoak. Arsene Wengerrek lan egiteko beste aldarte bat aurkitu zuen, inon baino lasaiagoa, luzarora begira. Esan daiteke bere neurriko zapata aurkitu zuela alsaziarrak, baina baita klubak ere. Elkar bat eginda, lan egiteko sistema berezia jarri zuten abian. Ingelesen pasioari eutsita, Wengerrek, jaioterriaren hurbiltasunagatik, alemaniarren grina erantsi zion eguneroko lanari; eta frantziarrengandik euren altxorrik preziatuena hartu zuen: harrobia.

Gazteen klub transnazionala bilakatu da Arsenal. Cesc Fabregas katalana Bartzelonaren harrobitik eraman zuen 16 urte besterik ez zituela. Wengerren filosofiaren eredurik argiena da. Entrenatzaileak gazteengan sinisten du; eta begi zorrotza dauka gain beheran dauden talentudunak berpizteko. Anelka,Vieira eta Henryrekin gertatutakoa da horren lekukorik argiena. Fitxaketa inteligentea labela ezarri ahal zaie Wengerrek berekin eraman dituen jokalari gehienei. Horiek ikur bilakatzen direnean eta alde egiteko garaia iristen zaienean, ez da inolako traumarik sortzen. Epe luzera lan egiteko kultura horrekin, gazteek badakite jokatzeko aukera iritsiko zaiela; eta iristen zaienerako prest egon behar dute, erronkari erarik naturalenean eusteko.

Talde bat kinka larrian dagoenean erreferentziazko partida bat behar du norabidea konfiantzaz aldatzeko. Arsenal egoera horretan zegoen 2006ko udaberrian, Santiago Bernabeura iritsi zen arte. Han irabazita, olatu berria harrapatu zuten kanoizaleek, eta oraingo arrakastak orduko gertakari hartan izan zuen abiapuntua: Wengerren egitasmoaren enegarren hasiera. Nor da Eboue? Nondik atera da Clichy? Eta Hleb? Galdetzen zuen jendeak. Hori da Arsenal; hori da Wengerren funtsa. Pazientziaren kultura. Sentiberatasunaren harrobi bilakatu du Arsenal: joko kultura eta epe luzera begira lan egiteko estilo aberatsa.

Wengerri ez dizkiote titulurik eskatzen. Badakite batek irabazten duela bakarrik, eta entrenatzaileak ezarritako kultura horrekin bidean gozatzea bermatua dute. Sinesmen hori argudio sendoa da txapelketak irabazteko. Gainera, gorabeherak datozenean, egonkortasun horri esker errazagoa da krisi garaiei aurre egitea.

Arsenal Premier League-ko liderra da; Bartzelona onenaren joko mailara gehien hurbiltzen dena. Wengerren ikasle gazteek, ordea, ez dituzte kataluniarrek adina gorabehera izaten. Horregatik, agian, Europako erreferentzia nagusi bilakatu dira, joko mailagatik, ausardiagatik, eta emaitza onengatik. Arsenalek sei partida irabazi ditu Ligan eta bakarra berdindu du. Joan zen larunbatean beste joko erakustaldi bat egin zuen bigarren zatian, Upton Parken. West Hamen etxean jokatu zuten gunners-ek, eta ohiko estiloarekin, lerroak elkarrengandik gertu aritu ziren; Cesc Fabregasek zuzendu zuen jokoa zelai erdian, eta Wengerren azken ekarpenak txundituta utzi zituen zale guztiak: Abou Diaby, Auxerreko harrobitik eramandako Vieiraren jokalari bikia. Aurkariaren zelaian jokatu zuten amore eman gabe. Arsenalek futbolean jokatu baino gehiago jolastu egiten du.

ABERATSEN PAZIENTZIARIK EZA. Arsenal egungo modeloa lantzen hasi zenean, Londresko Fulham auzoko Chelsea taldea goi mailan aspaldi gadutako distira berreskuratu nahian zebilen. Goitik jo zuten blues direlakoek. Izar distiratsuez betetzen hasi ziren Stamford Bridgeko unibertsoa: Gullit, Vialli, Zola, Poyet... Aspaldiko partez tituluak iristen hasi ziren, baina Ken Bates presidente zaharrak kluba saldu behar izan zuen zorrez josita. Azkarregi joan nahi izan zuten, eta hori garesti ordaindu zuen Londresko talde urdinak. Orduan Roman Abramovitx errusiar diruduna azaldu zen, salbatzaile gisa. Orain, kezka nagusia zera da: nola geratuko da Chelsea Abramovitxek alde egiten duenean? Hedabideen aurrean ez da sekula agertzen. Baina horrek ez du esan nahi protagonismoari muzin egiten dionik.

Abramovitxek Claudio Ranieri entrenatzaile italiarra bota eta Jose Mourinho entrenatzaile portugaldarra fitxatu zuen 2004ko udan. Merkatua hautsi zuen errusiarrak, Mourinhori munduko jokalaririk onenak eskainita. Kasu batzuetan hankaz gora jarri zuen merkatua: Drogba eta Essien jokalariengatik, bakoitzarengatik, ia 40 milioi euro ordaindu zituen, adibidez. Errealitatetik kanpoko prezioa, Marseillako eta Lyongo presidenteak egoskor jarri zirelako. Baina Drogba eta Essien nekez fitxatuko zituzten garai hartan Real Madril, Bartzelona edo Milan bezalako klubek. Mourinhok ez die izenei erreparatzen. Dirua izan arren, haren meritua talde trinkoa sortu izana da; jokalarien konfiantza osoa bereganatuta.

Mourinhok futbolarienganako entrenatzailearen eragina eta garrantzia areagotu du. Diru asko duten klubek izarrak etengabe fitxatzeko ohitura dute (MIlango Interren kasua), baina horrek ez du arrakasta ziurtatzen. Gehienetan kontrakoa gertatzen da. Roman Abramovitx diruduna izarrak fitxatzeko aldekoa da: Ronaldihoren estatusa duten hamaika jokalari nahiko lituzke. Eta horretan talka egin du Mourinhorekin. Baina errusiarrak sekula ez zukeen pentsatuko entrenatzailea jabea bera baino garrantzitsuagoa izango zenik. Azken egunotan argi geratu da hori.

Chelseak 50 urte zeramatzan Liga irabazi gabe, Mourinho iritsi zen arte. Portugaldarrak kultura bat ezarri zuen taldean, kultura garailea. Mentalitate gogorra duten futbolariez inguratu zen, eta gaitasun fisikoari lehentasuna eman zion: Terry, Makelele, Essien, Lampard, Drogba... Bi Liga irabazi zituen jarraian Chelseak. Jokalariek bat egin zuten Mourinhoren estiloarekin. Hala, bere taldeak arrakastaren eta fidagarritasunaren labela lortu zuen, nahiz eta futbol zale gehienentzat entrenatzaile eta talde gorrotagarria izan. Mourinhok, ordea, ideia batean sinisten zuen, eta jokalariek bat egin zuten horrekin.

Joan zen denboraldian entrenatzaile portugaldarrak Andrei Shevtxenko aurrelari ukrainarraren fitxaketa onartu behar izan zuen. Une horretan Mourinhok bazekien agur esateko tenorea hurbiltzen ari zela. Txapeldunen Liga begiz jota dauka Abramovitxek Chelsea esku artean hartu zuenetik, eta bere handinahiak ez du patxadarako betarik. Egoerak duela bi aste eztanda egin zuen, Chelseak Rosenborgen aurka bana egin zuen egunean. Nagusiaren eta entrenatzailearen arteko eztabaida beroaren ondorioz, Mourinhok taldea entrenatzeari utzi zion. Orain Avram Grant israeldarra, portugaldarraren laguntzailea zena, entrenatzaile lanetan ari da, baina Abramovitxek erabakitzen ditu hamaikakoak. Chelseako jokalari bortitzak lur jota geratu dira, umezurtz. Ematen du bat-batean Mourinhoren ekarpena desagertu egin dela, kolpe batean. Drogba aurrelariak argi esan zuen iragan astean: «Entrenatzailea joan da, eta iparra galdu dugu».

Arsenalek sentituko du Wengerrek alde egiten duen egunean. Baina ordurako klubak kultura taktikoa eta lan filosofia sakona barneratua izango du. Chelsean zailagoa izango da hori, futbolean jokalariak, entrenatzaileak eta agintari argiak direlako protagonistak.



TxaPeLDunen LIGa

Gaur

E multzoa

Lyongo Olympique-Rangers (20:45)

Stuttgart-Bartzelona (20:45)

F multzoa

Manchester United-Erroma (20:45)

Kieveko Dinamo-Sporting (20:45)

G multzoa

Moskuko CSKA-Fenerbachce (18:30)

Milango Inter-PSV Eindhovevn (20:45)

H multzoa

Bukaresteko Steaua-Arsenal (20:45)

Sevilla-Pragako Slavia (20:45)

Bihar

A multzoa

Liverpool-Marseillako Olympique (20:45)

Besiktas-Porto (20:45)

B multzoa

Valentzia-Chelsea (20:45)

Rosenborg-Schalke 04 (20:45)

C multzoa

Lazio-Real Madril (20:45)

Werder Bremen-Olympiakos (20:45)

D multzoa

Glasgoweko Celtic-Milan (20:45)

Benfica-Shakthar Donetsk (20:45)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.