Baskoniak aurrera-pauso handia eman dezake gaur Nancyn (20:40, ETB1), eta Top 16a jokatzeko txartela lotuta utzi. Lehen lau partidak irabazita, geratzen zaizkion guztiak galdu beharko lituzkete arabarrek kanporatuak izateko. Egoera horretan pentsatu ere ez da egiten Gasteizen, noski. Bai ordea multzoko lidergoan. Lider denak beste hiru multzoetako sailkapen buruak saihestuko dituelako hurrengo zozketan, eta horrek nabarmen leun dezakeelako azken-laurdenetarako langa.
Frantziarrentzat garrantzitsuagoa da partida. 1-2 markarekin daude, eta gaur galduz gero, agur esango diote, ia-ia, Top 16ari. Helburu hori zaila zen hilabete atzera, Euroliga hasi aurretik, baina Nancyk aise menderatu zuen Bilbo Basket etxean, eta garesti saldu bere porrota Cantun eta Istanbulen. Emaitza horiek hauspotu egin dute Nancy, eta ez dio erraztasunik emango Ivanovicen taldeari.
Nancy sasoi puntu onean dago. Asvel Villeurbanne menderatu zuen Frantziako ligako azken jardunaldian, parean Tony Parker eta Rony Turiaf bazeuden ere. Nicolas Batum dauka Nancyk, Euroligan balorazio onena duen jokalaria Andrei Kirilenkoren ondotik (CSKA), eta hori asko edukitzea da. Ia 20 puntu daramatza partidako, baina baita zazpi asistentzia eta beste hainbeste errebote. Ivanovicek loreak bota dizkio hegalekoari, baina baita jokalari batek ezin duela talde oso bat bizkar gainean hartu: «Nancy talde ona da, ez Batum bakarrik».
«Puntu askoko partidetan hobeto mugitzen dira. Defentsan baloia bereganatu eta korrika egitea dute gustuko, eta gure lehen zeregina joko azkar hori saihestea da». Ivanovicek Linehan, Shuler eta Amagou joko antolatzaileek Euroligan asistentzia gehien ematen dituzten jokalariak direla esan du, eta tentuz zaindu beharko dituztela.
Estimua indartzen jarraitu nahi du Baskoniak, eta Nancy menderatu
Frantziarrentzat oso garrantzitsua da dema, galtzen badute Top16ari agur esango diotelako ziurrenik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu