Estrategia aldaketa

Alonso jadanik ezin da eustearekin konformatu, eta erasora jo behar du, Vettelek aurrea hartu baitio

Laurentzi Garmendia
Donostia
2012ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Munduko 1 Formula Txapelketako lehen postua galtzeak dakarren kolpe moralaz gaindi, igandeko lasterketak ezer gutxi aldatu zuen. Fernando Alonsok (Ferrari) lau punturen aldea zuen Sebastian Vettelekiko (Red Bull) Koreako Sari Nagusia jokatu bezperan. Orain, ordea, alemaniarra da txapelketa buru sei punturen aldearekin. Alde txikia zuen batek, eta alde txikia du orain besteak. Lasterketa bat gutxiago falta denez, gidariek aukera bat gutxiago dute egoerari buelta emateko. Orain presiorik handiena Alonsok du, hark behar baitu puntu gehien. Horretarako, beharrezko izango du gelditzen diren lau lasterketatik baten bat irabaztea, Vettelek ere lortuko baitu besteren bat urtea amaitu aurretik. Podiumetik at amaitzeak urduri jartzeko ondorioak ekar ditzake bientzat.

Alonsok eta Vettelek pentsaera garailea dutela erakutsi dute. Vettelek pista gainean frogatu du hori, hirugarren lasterketa jarraian irabazita. Mark Webber taldekideak pole-a kendu bazion ere, lasterketan inork ezin izan zion jarraitu, eta erraz antzean irabazi zuen. Beste inork estutu ez zuela ikusita, ondoriozta daiteke Red Bullek bazuela abiadura handiagoan ibiltzea behar izanez gero, nahiz eta neurri zehatza ezin jakin. Iazko Vettelen bertsio onena agertu da azken lasterketetan, ondo sailkatuz eta lasterketan errukirik gabe gidatuz. Iaz ere bigarren tokitik irten zen Koreatik, baina bihurgune batzuk aurrerago lehen postuaz jabetu zen. Aurten gauza berbera egin zuen, baina bigarren bihurgunera itxaron gabe. Hortik aurrera nahierara aritu zen.

Alonsok ere zeukan guztia eman zuen pistan, baina ez zen nahikoa izan lehen postuari eusteko. McLaren autoei nabarmen aurre harturik, Ferrariren aurkari bakarra Red Bull izan zen. Bat-batean Felipe Massa Ferrariko super-gidaria izatera itzuli da, arrazoi argirik gabe. Igandean Alonso baino azkarragoa izan zen lasterketako une askotan, eta taldeko aginduek bakarrik eragotzi zioten espainiarrari aurre egitea. Guztiz ulergarria da Ferrarik halako agindua ematea, brasildarrak aspaldi galdu baitzituen txapeldun izateko aukera guztiak. Kezka, ordea, azken bi lasterketetan Massak Alonsok baino itxura hobea eman izana da. Halakoetan beti dator galdera bera: Massak ohikoa baino errendimendu hobea izan zuen, ala Alonsok ohikoa baino kaskarragoa? Elkarrengandik hain urrun egon ostean bat-batean pareko dabiltzanean, nor gerturatu zaio nori?

Berandu dator 'Massa efektua'

Askotan leporatu zaio Massari ez duela nahikoa egin Ferrariren alde. Bi zentzutan egin behar du lan taldearentzat: batetik, autogileen txapelketarako puntuak lortuz, eta, bestetik, Alonsoren aurkarien aurretik amaituz haiei puntuak kentzeko. Oraintxe hasi da zeregin horretan maila ematen, baina berandu dator efektu hori. Ikusteko dago berandu izateaz gain, ez ote den beranduegi. Vettelek oraindik ezin du bere taldekidearen laguntza espero, Webberrek argi esan baitzuen bera oraindik bere interesen alde lehiatuko zela, eta ez Vetteli laguntzeko. Ez da nola hala kikiltzen den horietakoa australiarra, baina laster gogoraraziko dio taldeak nor den haren soldata ordaintzen duena.

Koreako lider aldaketak inor ez du ezustean harrapatu. Zabaldua dago Red Bullek titulua irabaziko duen ustea, baina horretarako puntuak behar dira. Red Bullek abiadura du alde, eta Vettel hutsik gabe gidatzen ari dela aspaldi. Ferrarik autoaren sendotasuna du alde, Massaren berpizkundea eta McLarenen beherakada. Alonsok ez du amore eman, autorik azkarrena Red Bullena dela onartuz baina talderik onena beraiena dela defendatuz. Estrategia aldatu beharko dute, jada ez baitie balio eusteak. Erasora pasa behar du Alonsok, aspaldian ez bezala. Espainiarra sendoagoa da lehena denean, baina ikusgarriagoa erasoa jo behar duenean. Bi aste barru ikusiko da hori, Indian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.