Estreinakoan, kalera

Amurriok eta Olaburuk egin dute aurrera BERRIA Txapelketako bigarren kanporaketako partidetan

Luzuriaga, Intxurreko kadete mailako atzelaria, pilota jotzeko prest, iragan igandean. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Denboraren joanak bezala, IX. BERRIA Txapelketa ere ari da abaila hartzen, pixkanaka-pixkanaka. Hernanin eta Iurretan egin zuen geldialdia, iragan asteburuan. Bertan jokatu ziren bigarren kanporaketari zegozkion partidak. Amurriok eta Olaburuk egin zuten aurrera, final-zortzirenetara. Bidean utzi zituzten Titin III.a eta Intxurre taldeak.

Titin III.a 1. Amurrio 2

KADETEAK

Petite-Sanchez 22

Landaluze-Arregi 10

GAZTEAK

Calvo-Medel 18

Goikoelea-Murga 22

NAGUSIAK

Kortabarria-Artola 10

Gerrero-Iriarte 22

Hernaniko frontoia izan zen iragan larunbatean Titin III.a eta Amurrioren arteko kanporaketaren lekuko. Errioxako taldea, gainera, estreinakoz aritu zen BERRIA Txapelketan. Ez da izan Errioxak txapelketan izan duen lehen parte hartzea; iaz Ezcaray aritu zen.

Titin III.ari ez zitzaizkion gauzak nahi bezain ondo atera. Gehiegi nabaritu zuten Luis Cabrerizoren falta. Nagusien partida jokatzekoa zen Asperekin profesionaletan aritu zen aurrelaria. Hark jokatu ez izanak erabat baldintzatu zuen kanporaketa.

Kadeteen mailan, Petitek eta Sanchezek erraz menderatu zituzten Landaluze eta Arregi (22-10). Errioxarrek irabazi zuten partida bakarra izan zen. Jubenil eta nagusien mailan, izan ere, Amurriok bere legea ezarri zuen pilotalekuko kantxan. Goikoleak eta Murgak gazte mailan lehenik eta Gerrerok eta Iriartek nagusien mailan ondoren, final-zortzirenetaraino eraman zuten Arabako taldea. Doneztebeko Erreka izango dute zain orduan, otsailaren 12an.

Lehen bikoteak Calvo eta Medeli irabazi zien: 18-22. Azkenera arte partida borrokatua izan zen. Goikoleak, baina, sakez bost tanto egin zituen, eta Murgak berak ere itxura ederra eman zuen. Oso sendo jokatu zuen atzelariak. Nagusien bikoteak, berriz, 22-10 irabazi zien Kortabarria eta Artolari.

Olaburu 2. Intxurre 1

KADETEAK

Elordi-Otadui 22

Larrea-Luzuriaga 15

GAZTEAK

Calleja-Bereinkua 5

Artola-Murua 22

NAGUSIAK

Aurtenetxe-Bilbao 22

Urretabizkaia-Esnaola 11

Kadeteen partidan erabakita geratu zen jada Olaburu eta Intxurreren arteko kanporaketa. Oso partida gogorra izan zen, baina etxekoek ezin hobeto baliatu zuten zaleen aurrean aritzearen abantaila. Bizkaitarren atzelariak, Otaduik, partida bikaina jokatu zuen. Neurketa erabat hautsi eta azken emaitzan bera izan zen pilotaririk erabakigarriena.

Gazteen mailako partidan ez zuten zorte bera izan etxekoek. Artolak eta Muruak osatutako bikotea gehiago izan zen Calleja eta Bereinkuarenaren aldean (5-22). Ez zen ezustekorik izan, beraz. Gipuzkoarrek berehala utzi zuten partida erabakita. Aipagarria da Artolak egindako lana: hamasei tanto egin zituen guztira, horietatik zazpi sakez.

Azken neurketan, Alegiako bikoteak ez zuen bere ohiko maila eman, eta Aurtenetxek eta Bilbaok Urretabizkaia eta Esnaolaren hutsegiteak aprobetxatu zituzten partida irabazteko. Otsailaren 12an jokatuko du Iurretak hurrengo faseko kanporaketa, Galdakaoko Adiskide klubaren aurka.

Arnasarik hartzeko betarik gabe ia-ia, etzi jarraituko du IX. BERRIA Txapelketak, Bergaran (Gipuzkoa). Hirugarren kanporaketa jokatuko da. Aurrez aurre Ortuellako Danok Lagunak eta Bergara taldeak ariko dira. Kanporaketa horretako irabazleak, Zazpi Iturri izango du zain final-zortzirenetan, otsailaren 19an. Igandean, berriz, Oiartzungo Oiarpe eta Azkoitiko Oteiza klubek neurtuko dituzte indarrak, Oiartzunen (Gipuzkoa). Kanporaketa horretako irabazlea Hernaniko taldearen aurka ariko da, otsailaren 19an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.