Urteak azkar joaten dira. Ematen du atzo zela Iñaki Errasti (Usurbil, Gipuzkoa, 1979) Kaikuk fitxatu zuenean, baina dagoeneko bosgarren urtea betetzera doa Sestaoko taldean. Esperientziaren zakua ondo beteta dauka, eta badaki zertaz ari den galderei erantzuten hasten denean. Ondo dakien bezala bere taldea dela gaur egungo traineru indartsuenetakoa, indartsuena ez bada.
Dena irabaztera al doa Kaiku?
Saiatuko gara hala izan dadin, baina estropadaz estropada joatea da gure asmoa. San Miguel ligan, txapelketetan eta Kontxan berdin jardungo dugu, egunean egunekoa eginez.
Lehiaketa guztietan puntan ibiltzeko taldea al daukazue?
Bai. Kopuruz handia eta zabala da, eta horretarako gaude prestatuta. Hala ere, ligan iaz baino mugatuago ibiliko gara, estropada bakoitzeko ontzian joan behar duen harrobiko arraunlarien kopurua hirura igo dutelako. Hor izan dezakegu muga, baina harrobiko arraunlari horiek oso lan ona egin dute, eta ilusioa daukagu ondo ibiltzeko.
Buruan ibiltzeko borrokan zein izango dituzue kontrario?
Bihartik aurrera ikusiko da hori, baina aldez aurretik hitz egiten hasita, Urdaibai eta Hondarribia ikusten ditut oso ondo. Gero, Tiranek zer egingo duen ez dakigu. Iaz goian ibili zen, eta aurten, trainerilletan itxura ona eman du. Gorantz segitzeko pausoa eman beharko luke.
Banderen lehia zuen lauron artean egongo al da bakarrik?
San Pedro ere zain egongo da norbaitek huts egiten badu, burua sartzeko. Ez dut ikusten liga irabazteko lehian, baina bai banderaren bat edo beste irabazteko gai. Gero, ezuste onen bat beti azaltzen da; urtero gertatzen da gauza bera, eta aurten ere aterako da norbait.
Ligan, asko estutu da goikoen eta behekoen arteko aldea. Faboritoentzat ez al da arriskutsuagoa hori?
Bai. Estropadaren bat txarra egiten badugu, oso atzean gera gaitezke sailkapenean, eta zailagoa izango da liga irabaztea. Aurten ere aurrenekotik hamargarrenera ez da tarte handia egongo. Lehen, goikoen eta behekoen artean minutua egoten zen, baina bukatu dira garai haiek.
Faborito izaten ohitu egiten al da bat?
Gure ibilbidea ikusita, normala da faboritotzat hartzea. Ez da seinale txarra, jendeak indartsu ikusten gaituelako. Ea aurten ere ondo ibiltzen garen, datorren urtean ere faboritoak gu geu izateko.
Iaz, Kontxako Bandera galdutako arantza geratu zitzaizuen. Aurten, ligaren gainetik jarri al duzue Kon-txan gailentzea?
Ez dugu lehiaketa bat bestearen gainetik jarri. Gero, abuztuan, ikusi egin beharko da ligan non gauden, eta horren arabera, akaso, Kontxarako prestakuntzan doikuntzak egingo ditugu. Liga irabaztera joatea oso gogorra da, estropada asko direlako.
Iñaki Errasti. Kaikuko arraunlaria
«Estropadaz estropadaz joatea da gure asmoa»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu