Norgehiagoka zailak dituzte Lagun Arok eta Caja Laboral Baskoniak. Aurkariak gaiztoak direlako, eta bi euskal taldeak ez daudelako oraindik sasoi onenean. Lagun Arok Estudiantes hartuko du Illunben gaur iluntzean. Badalonan itxura kaskarra eman zuen taldeak, eta falta den jaurtitzaile hori daukate gehienek buruan. Asteroko prentsa agerraldian mintzatu ziren jokalariek, ordea, ez. Arazoa taldean dauden jokalariena omen, ez zutelako defentsa ona egiten asmatu. «Irtenbidea, neurri berean, duela astebete egindako hutsetatik ikasita etorriko da», David Doblasen hitzetan.
Arazo guztien irtenbide izango ez den jokalari hori iritsi edo ez, Lagun Arok asko hobetu beharko du bere jarduna lehen garaipena lortu nahi badu. Estudiantesek oso talde txukuna du sasoi honetan, eta, Txus Bidorretaren eskutik, hasiera-hasieratik erakutsi du jaitsiera postuak ahalik eta azkarren utzi nahi dituela atzean. Madrilgo taldeari begiratua emanez gero, berehala ikusten da zerrenda polita dela: Granger, Jaime Fernandez, Kyle Kuric, Carl English, Tariq Kirksay, Lamont Barnes, German Gabriel... Talde apalagoekin ere lan bikaina egin izan du Bidorretak, eta, orain esku artean lehengai hobea daukala aintzat hartuz gero, zortzi onenen artean sartzeko helburua du Indautxukoak gidatzen duen taldeak.
Baskoniari dagokionez, sekulako zuloa dauka saskipean. Milko Bjelicak ez du jokatuko, eta Tibor Pleissek ere ez. Lampe jokatzeko moduan dago, baina oso baldar dago. Hernandez-Sonseca da Ivanovici geratzen zaion pibot bakarra, baina espainiarrak gorriak ikus ditzake Trigueroren aurka. Aito Garcia Renesesek hartu du Sevillako taldearen lema, baina egiari zor, ez dute oso talde ona egin. Jokalari ezezagunen, merkeen aldeko apustua egin behar izan dute, eta ikusteko dago horiek zer emaitza emango dioten: Brian Asbury, Beka Burjanadze, Ondrej Balvin, Bradley Buckman eta John Holland iritsi dira. Taldean segitzen dute Tepic, Bogdanovic eta Satoranskyk, baina Cajasolek ez du joan den sasoiko lan ona errepikatzeko lehengairik.
Estudiantes eta Cajasol, Lagun Aro eta Baskoniaren aurkari gaiztoak
Arratsaldeko seietan hasiko da Illunbeko norgehiagoka, eta eguerdian Gasteizkoa (12:15, ETB 1)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu