Eta beste partida bat

Athleticek Malaga aurkari zuzena hartuko du gaur San Mamesen; sasoiko 39. lehia izango da zuri-gorrientzat

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Goi mailako taldeak urtero aritzen diren erritmo bertsuan dabil denboraldion Athletic: partida bat asteburuan eta beste bat aste barruan. Ez dago ezer prestatzeko denborarik. Norgehiagoka batetik bestera atseden hartu eta ahal den ondoen errekuperatzea da egin ahal den gauza bakarra. Aukeran, hobe da neurketa asko jokatzea gutxi baino, baina alde txarrak ere baditu horrenbeste jokatzeak, batez ere astean bi neurketa jokatzera ohituta ez dauden futbolariak daudenean tartean. Partidak jokatu ahala, nekatu egiten da gorputza. Hankek freskotasuna galtzen dute. Baina, seguruenik, buruko nekea izango da kaltegarriena, ez baita erraza neurketetan egoten den presioari eta ondo lehiatu beharrari aurre egin behar izatea.

Kontua da Athleticek sasoiko 39. partida jokatuko duela gaur San Mamesen. Denboraldi normal batean ez ditu askoz gehiago jokatzen. Iaz, esaterako, 42 lehia izan zituen. Gainera, neurketa guztiak dira garrantzi handikoak. Txapelketetan aurrera egin ahala, gero eta garrantzitsuagoak, hain zuzen ere. Horregatik, kosta egiten da txapelketa bat alde batera uztea: Kopak sekulako ilusioa sortzen du jarraitzaile zuri-gorrien artean. Beraz, debekatuta dago inolako ardura gabe jokatzea.

Europan, berriz, ez da urtero lehiatzeko aukera izaten. Beraz, gozatu eta lehiatu beharreko txapelketa bat da Europako Liga. Eta liga liga da; txapelketa guztietan garrantzitsuena, zalantzarik gabe; astero jokatzen dena; talde baten iraupena bermatzen duena. Beraz, ezin, ba, liga ere alde batera utzi.

Baina ez da erraza hiru lehiaketetan lehiakorra izatea. Talde indartsuenek ere arazoak izaten dituzte sarri. Eta, gainera, Marcelo Bielsaren filosofiarekin are eta gaitzagoa dirudi, entrenatzailea hamalau jokalari ari baita erabiltzen denboraldia hasi zenetik. Horietatik bederatzik 1.500 minututik gora jokatu dituzte ligan bakarrik. Bada zerbait.

Partida interesgarria

Horrenbeste neurketa jokatuta, normala da erlaxatzea. Baina hori kosta egiten zaio ulertzea harmailetako ikusleari. Hark ondo jokatzen ikusi gura du bere taldea. Are gehiago neurketa erakargarria baldin bada. Eta gaurkoa interesgarria da oso. Malaga aberatsak jokatuko du San Mamesen. Diru asko inbertitu ondoren, orain arte eman duena baino zerbait gehiago emateko gai izango zela zirudien denboraldia hasi zenean. Hala ere, 31 puntu batu ditu orain arte. Horrek esan gura du oraingoz Athleticek baino puntu bat gehiago duela.

Ikusi egin beharko da zein talderen jokaera nagusitzen den: batetik, Athleticek proposatzen duen joko bizia ikusiko dugu eta, bestetik, Pellegriniren taldearen erritmo gutxikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.