Saskibaloia

Eta orain zer?

Joventuten kantxan azken unean galduta (90-88), Urrezko LEB ligako taldea da Retabet.es Gipuzkoa Basket. "Barkamena" eskatu du Nekane Arzallus presidenteak, eta "hausnarketa" iragarri du.

unai zubeldia
2016ko maiatzaren 9a
11:35
Entzun

Hiru partida falta dira oraindik, baina Retabet.es Gipuzkoa Basket Urrezko LEB ligako taldea da jada. Azken-azken aukerak ihes egin zion atzo, Joventuten kantxan galduta (90-88), eta helburu zehatzik gabe jokatuko ditu ligako azken hiru partidak. "Lehenik eta behin, barkamena eskatu nahi diet zaleei eta babesleei, eta eskerrak eman nahi dizkiet denboraldi honetan izan duten jarreragatik". Nekane Arzallus presidenteak "hausnarketa" iragarri du, eta "profesionaltasuna" eskatu die jokalariei falta diren hiru jardunaldietarako. "Zaleei hitz ematen diegu lanean segiko dugula Gipuzkoan saskibaloia izaten jarrai dezagun". Azken lau urteotan hirugarrenez galdu du maila Gipuzkoa Basketek.

Hasi eta bukatu, erabat aldrebesa izan da denboraldia. Noraezarena izan da sasoia. Gerta zitekeen guztia eta pixka bat gehiago gertatu da azkenerako. Nekane Arzallusek 2015eko uztailean hartu zuen klubaren ardura, eta kolpea kolpearen atzetik iritsi da ordutik. Ivan Johnson estatubatuarraren auziarekin hasi zen saltsa. Ustez izarra fitxatu zuen klubak, baina urrirako kontratua etenda zegoen. Hori nahikoa ez eta, 0-8ko balantze txar-txarrak eraginda, abendurako aulkian iritsi zen dantza. Emaitzen eraginpean, Jaume Ponsarnau entrenatzailea kargutik kentzea erabaki zuen administrazio kontseiluak. Egun gutxi geroago argitu zuen entrenatzaileak sei hilabete zeramatzala kobratu gabe, klubaren diru arazoak erabat azaleratuta.

Azkar aurkitu zuten ordezkoa: Fisac. Zortzi urte lehenago «amaitu gabe utzitakoa amaitzera» etorri zen Donostiara, eta bizipoz txiki bat eman zion taldeari, bizpahiru garaipen on lortuta. Baina itxura besterik ez zen izan. Urtarrilean kontratua eten zioten Landon Milbourne estatubatuarrari, eta Andres Rico joko antolatzailearen lesio luzeari aurre egin behar izan zioten. Baina azken asteotan iritsi da inork pentsa ezin zezakeen egoera. Valentziaren aurkako partidaren aurretik, jokatzeari uko egin zion Travis Wear estatubatuarrak, ordurako kluba Taquan Dean fitxatu nahian zebilela-eta, haserre. Krisia areagotu zuen egoera horrek.

Utzi zuen kluba Wearrek eta iritsi zen Dean, baina tartean beste jokalari bat ere galdu zuen Gipuzkoa Basketek: Txemi Urtasun. Jokoan mailarik onena ematen ari zen jokalaria zen, baina lesio larria izan zuen Sevillaren aurkako partidan. Kolpeka-kolpeka itzaliz joan da Retabet.es Gipuzkoa Basket, eta hilzorian dagoenaren arnas-estuak besterik ez dira izan azken asteotakoak. 79-121 Valentziaren aurka —21 hiruko sartu zituzten bisitariek, eta ACB ligako puntu kopururik onena lortu—, 101-73 Laboral Kutxa Baskoniaren aurka...

Bulegoetako erabakien zain

Luzea izango da uda. Azken urteotan talderik ez da igo Urrezko LEB ligatik ACB ligara, derrigorrezkoa den kanonak eraginda. Epaitegietan da auzi hori, eta litekeena da hurrengo denboraldirako kanon hori ezerezean gelditzea. Kasu horretan, Gipuzkoa Basketek ez luke aukerarik izango ACB ligan jarraitzeko. Baina bestela ere hausnarketa sakona egin beharko du klubak, azken urteotan nabarmen behera egin duelako taldearen babesak. Denboraldi honetan oso zale gutxi pilatu dira Illunbeko harmailetan. Hori bai, gerta litekeenaren zain, azken postuari ihes egitea da klubaren erronka, bulegoko balizko erabakien arabera, ez delako berdina azken postua eta azkenaurrekoa. Kirol arloan behea jo du Donostiako taldeak; bulegoetako lanak emango du azken epaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.