...eta Schumacher berpiztu da

Estrategia arriskutsu batekin, erraz lortu du Ferrariko gidariak irteerako lehen postua Hungarian

Laurentzi Garmendia
2005eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Erabat ezustean etorri zen atzo Michael Schumacherrek denboraldi honetan lortu duen lehen pole-a. Ferrarik azkenaldian izan dituen arazo guztiak desagertu egin ziren, itzuli batean behinik behin. Modu horretan, Schumacherrek bere karrerako 64. pole-a eskuratu eta Ayrton Sennaren errekorretik bakarrera gelditu da. Kimmi Raikkonen eta Fernando Alonso segundo batera gelditu ziren.

Asteburu osoan, Ferrarik oso itxura ona eman du, eta, McLarenekin batera, azkarrenak izan dira. Duela bi urte Hungaroring-en bertan oso momentu kritikoa igaro ondoren, bat-batean Hungaria oso zirkuitu aproposa da orain auto gorrientzat. Europako lasterketetan Ferrari oso maila apalean aritu da, Renault eta McLaren inongo momentutan mehatxatu gabe. Alemanian bertan Schumacherrek bosgarren egin zuen, eta astebeteko tartean autoa ezin da aldatu.Horregatik, harrigarria da atzoko denbora. Talde gehienek bi geldialdiko estrategia jarraituko dute, eta Barrichelloren denbora ere logika horren barruan sartzen da. Aldiz, Schumacherrek beste estrategia erabat desberdina izan behar du, ez baita inor horren azkar ibili asteburu osoan. Ziurta daiteke, beraz, Ferrarik zirkuitu honetan gorako bidea hartuta ere, Schumy-k hiru geldialditara programatu duela lasterketa, eta berehala sartuko dela erregaia jasotzera.Alemaniarra bera harrituta zegoen eginiko denboraz, bigarren sailkatua Montoya ia segundo batera utzi baitzuen. Ross Brawn Ferrari taldeko estrategia maisuak aurreratu zuen oso erabaki arriskutsua hartu zutela, eta horren arrakasta ikusteke gaude. Ziurrenik, Schumacherrek alde polita aterako du lehen itzulietan, daukan pisu apurrarekin irteeran ez baitute aurreratuko. Hungarian lasterketak prozesio bilakatzen dira askotan, aurreraketak ia ezinezko direlako, eta horretaz baliatu nahi dute Ferrarin. Hala ere, litekeena da pneumatiko oso bigunak aukeratzea, eta kasu horretan lasterketa amaiera zaila izango luke.

Alonso eta Raikkonen, atzeko postuetan

Gidarien tituluaz hitz egitea zentzua galtzen ari bada ere, ohitura bilakatu da Alonso eta Raikkonenen arteko lehia. McLarenekoa aurrena atera zen atzo denbora egitera, eta pista mantsoa zen orduan; hala ere laugarren egin zuen. Alonso antzeko denbora markatzear zen, baina azken bihurgunean zabal joan zen eta denbora ederra galdu zuen; seigarren denbora egin zuen, azkenik. Biak pistaren alde zikinetik aterako dira, eta Hungaroringen oso zikina da alde hori, haizeak hondar asko harrotzen baitu. Irteeran posturen bat galtzea oso posible da.

Renault arazo dezente izaten ari da berez egokia behar lukeen zirkuitu honetan. Autoaren ezaugarrietara ondo moldatzen da, baina kosta egin zaie autoari etekin guztia ateratzea. Uneoro McLaren eta Ferrariren azpitik izan dira, eta ikusi egin beharko zirkuitu zehatz bateko kontua den edo joera baten ondorio. Renaultek gidarien titulua eskuratzear dauka eta autogileena ondo bideratu du. Hurrengo urterako autoan pentsatzen hasiak dira, eta horrek aurtengoari baliabideak kendu dizkio agian.Gaurko menuan aspaldiko partez Schumacher agertzen da, eta bere parean, aurkari nagusi modura, Montoya. Kolonbiarra sendo ari da azken lasterketetan, eta irteeran Trullik gainditzen ez badu, Schumacherren arrisku nagusia izango da. Izan ere, Ferrariren estrategiak ondo ateratzeko itxura gutxi dauka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.