Eta Yachvili azaldu zen

Miarritzek derbia irabazi dio Baionari, eta joko-zabaltzaileak sartu ditu miarriztarren puntu guztiak

Jon Otxotorena
Baiona
2010eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Baionak eta Miarritzek atzo Jean Daugerren jokatutako derbiak izen bat izan zuen: Dimitri Yachvilirena. Miarritzeko joko-zabaltzailearen jarduna erabakigarria izan zen miarriztarrek garaipena lor zezaten, hark sartu baitzituen bere taldearen puntu guztiak: entsegu bat, transformatze bat eta bost zigor kolpe. 22 puntu guztira. Baionak, berriz, hemeretzi puntu lortu zituen. Ondorioa: Miarritze nagusi sasoiko lehen derbian.

Hasierako minutuetako joko nahasian, bi taldeek izan zituzten markagailua irekitzeko abaguneak. Etxeko taldea gerturatu zen lehendabizi aurkarien zelaira bi bider, baina zorterik gabe. Yachvilik, ordea, lehen zigor kolpea baliatu zuen Miarritze aurretik jartzeko (0-3). Hala ere, Boyetek ere izan zituen bi zigor kolpe jaurtitzeko aukera eta markagailuan aurretik jarri zuen Baionako hamabostekoa (6-3). Bi taldeen beraien jokoa inposatzeko arazoekin hasi zuten neurketa.

Markagailuan aurrea hartuta, Baionak erasoari ekin zion. Jokaldiak bata bestearen atzetik lotuz, azkenean Gerberrek topatu zuen zuloa Miarritzeren defentsan, entsegua erdietsiz. Boyeten transformazioaz 13-3koa ageri zen markagailuan ordu erdia baina lehen. Etxeko taldeak aldea handitzeko aukerak izan zituen baina, erasoko hutsegiteen ordainetan, Yachvilik murriztu zuen etxekoen aldea zigor kolpe baten bitartez. Miarritzeko bederatziaren hiru puntuei esker bisitariak berriro gerturatu ziren (13-6).

Lehen zatiaren azken minutuetan, Miarritzeko hamabostekoak izan zuen abaguneren bat baina,Gonzalezek eta Isaacek zuzendutako jokalariek ez zuten markagailua mugitzerik lortu 40. minutua baino lehen.

Baionak aldeari eutsi behar zion 40 minutuz, eta bikain ekin zion bigarren zatiari hiru puntu erdietsiz. Boyetek zigor kolpe bat baliatuz 16-6koa jarri zuen markagailuan 42. minutuan. Hala ere, Miarritzekoen presioak etxeko taldea bere hogeita bikoan sartua zeukan. Denbora kontua zirudien bisitariek Baionaren defentsan zuloa aurkitzea. Azkenean, Yachvilik topatu zuen zuloa entsegua lortzeko. Hark gauzatutako transformazioarekin hiru puntura gerturatu zen Miarritze (16-13).

Baionako jokalariek, presioari gaina hartu eta Boyetek gauzatutako zigor kolpe bati esker sei puntuko aldea lortu zuten berriz. Jean Daugerren bildutako zaleen artean esperantza zen nagusi.

Presio izugarria

Xuri-gorriak. baina, berriro presio izugarria eginez hasi ziren metroak irabazten. Baionako jokalarien hutsegiteek Yachviliri berdinketa lortzeko aukera eman zioten, bi zigor kolperi esker. Hamar minututan Miarritzek berdindu zuen. Joko trabatuan trebeak dira Miarritzeko jokalariak, eta horri esker jokoa beraien eremura eraman zuten.

Markagailuan berdinketa ageri zela, azken hamar minutuetan sartu zen neurketa. Bisitarien puntuak gertuago ikusten ziren etxekoenak baino. Azken minutu erabakigarriak zeuden jokoan. Baloia berreskuratzeko presaz, zigor kolpe bat egin zuten baionarrek hagen parean. Yachvilik ez zuen hutsik egin, eta bisitariak aurretik jarri zituen. Azken unean, markagailuari buelta emanda Miarritze garaile.



Baiona 19

Miarritze 22

Baiona. Iginiz (Lafond, 52. min.), Heguy, Baiocco (Avril, 57. min.); Linde, Boutaty; Martin (Bernad, 61. min., Peyras, 76. min.), Haare, Puricelli (Marmouyet, 69. min.); Audy (Gartzia, 79. min.), Boyet (Gower, 57. min.); Huget, Lacroix, Mazars, Gerber; eta Pietersen.

Miarritze. Marconnet, August (Terrain, 72. min.), Johnstone (Coetzee, 41. min.); Thion, E. Lund; M. Lund, Hariñordoki, Lakafia (Guyot, 78. min.); Yachvili, Barraque (Peyrelongue, 46. min.); Ngwenya, Bond, Gimenez, Bidabe; eta Balshaw (Haylett-Petty, 57. min.).

Markagailua. 0-3, 3-3, 6-3, 13-3,13-6 (atsedenaldian); 16-6,16-13, 19-13, 19-16, 19-19 eta 19-22.

Epailea. George Clancy.

Bestelakoak. 17.000 ikusle inguru Jean Dauger zelaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.