Etapa bat, eta podiuma

Ilusioz gainezka, Frantziako Tourraren bezperako ohiko ekitaldia egin du Euskaltel-Euskadik

Frantziako Tourrean ariko den Euskaltel-Euskadiren bederatzikoa, atzoko ekitaldian. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Bilbo
2011ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
«Etapa bat irabaztea izango da taldearen helburu nagusia, baina ez gara ahaztuko podiumarekin». Argi hitz egin zuen atzo Igor Gonzalez de Galdeano Euskaltel-Euskadiko manager nagusiak Zamudion (Bizkaia). Frantziako Tourraren bezperako ohiko ekitaldia egin zuen atzo Euskaltel-Euskadik, eta gauzak ondo egiteko gosea daukatela erakutsi zuten Tourreko bederatzikoak eta taldeko arduradunek. «Samuel Sanchezen iazko laugarren postuaren ondoren, gauzatu daitekeen ametsa da Parisko podiuma».

11. urtez jarraian parte hartuko du talde laranjak Tourrean, eta taldeburuaren inguruan eraiki du taldea. «Helburua lortzen saiatzeko adinik egokienean dago Samuel [Sanchez] —33 urte dauzka—, eta aurten helburua lor dezakeen irudipena daukat». Gonzalez de Galdeanok taldea goratzeko baliatu zuen aukera. «Podiumera igotzen saiatzeko talderik egokiena daukagu, eta oso sasoi onean gaude, gainera».

Lehiatzen hasteko gogotsu daude Tourrean ariko diren bederatzi txirrindulariak: Samuel Sanchez, Egoi Martinez, Amets Txurruka, Gorka Verdugo, Ruben Perez, Iban Belasko, Alan Perez, Pablo Urtasun eta Gorka Izagirre. Eta bederatzi txirrindulari horiez gain, atzoko ekitaldian izan ziren, besteak beste, Miguel Madariaga Euskadi Fundazioko presidentea, Jose Antonio Ardanza Euskalteleko presidentea eta Isabel Muela Eusko Jaurlaritzako turismo zuzendaria. Jesus Garitaonaindia erretorearen bedeinkapena jaso zuten guztiek.

Zortzi txirrindulari bihar 11:00etan abiatuko dira Frantzia aldera, Miarritzeko aireportutik, eta Samuel Sanchez Oviedotik (Espainia) zuzenean joango da Parisera. Han elkartuko da taldekideekin, eta elkarrekin egingo dute Choletera arteko bidea. Txirrindularien bidaiaren aurretik, ordea, taldeak gaur ekingo dio bideari. Bi autobus, bost auto eta autokarabana bat eta furgoneta bat eramango ditu Euskaltel-Euskadik Tourrera.

Igor Gonzalez de Galdeano eta Gorka Gerrikagoitia izango dira taldeko kirol zuzendariak, eta Madariagaz gain, mediku bat, osteopata bat, lau mekaniko, lau masajista, prentsa arduradun bat eta sukaldari bat joango dira denboraldiko hiru asteko itzuli garrantzitsuenera. Aipagarria da sukaldariaren postua, Euskaltel-Euskadik lehen aldiz eramango duelako sukaldari bat Tourrera. Xehetasun guztiak zaindu nahi izan ditu talde laranjak, eta arduradunek horregatik erabaki dute Patxi Gimeno sukaldari gaztea eurekin eramatea. Hiru asteetan bederatzi txirrindulariei janaria prestatzea izango da haren lana.

«Aspaldiko Tourrik estuena»

Taldeak konfiantza handia dauka Samuel Sanchezengan, eta txirrindularia bera ere erronkari heltzeko prest dago. «Aspaldiko Tourrik estuena» izango dela uste du espainiarrak. «Hamar-hamabost txirrindulari ikusten ditut garaipenaren lehian sartzeko gai, baina, hori bai, Contador da faborito argia». Faboritoen zerrendari izenak jartzen ere hasi zen Sanchez: «Basso, Cunego, Evans, Schleck anaiak, Wiggins, Vinokurov, eta, noski, Contador bera».

Hasiera batean, Samuel Sanchezek ez zituen aipatu RadioShackeko txirrindulariak, baina berehala argitu zuen «oso talde indartsua» daramala. «Hornerrek, Leipheimerrek, Kloedenek eta Brajkovicek edozein momentutan lehertu dezakete lasterketa». Sanchezen esanetan, Tourrean «egun guztiak» dira garrantzitsuak. «Egun bakar batean ere ezin da huts egin». Aurreko urteetan egin izan duen prestaketa berbera egin duela azaldu zuen Euskaltel-Euskadiko taldeburuak. «Hori bai, Sierra Nevada aldean fisikoki eta buruz gehiago erlaxatzen eta lasaitzen saiatu naiz». Aurkariek iaz baino gehiago zainduko ote duten galdetuta, ezetz erantzun zuen. «Jada denok ezagutzen dugu elkar».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.