Italiako Giroa

Etapa eta lidergoa Bernalentzat

Azken kilometroan eraso bortitza jo du kolonbiarrak, eta inork ezin izan dio eutsi. Bigarren Ciccone izan da, eta hirugarren Vlasov.

Bernal, gaur, Campo Feliceko gainean. LUCA ZENNARO / EFE
2021eko maiatzaren 16a
18:16
Entzun

Egan Bernalek indar erakustaldia eman du Italiako Giroko bederatzigarren etapan. Campo Feliceko amaiera berezia zen: lurrezkoa zen ibilbidea —berez eski estaziora materiala igotzeko erabiltzen den bide bat—, eta Bernalek esana zuen bazuela ibilbide hori probatzeko gogoa, izan ere, mendi bizikletan ibilitakoa da kolonbiarra. Gaurkoa hiru asteko itzuli batean irabazi duen lehen etapa izan da.

Ibilbide malkartsua zuen gaurko etapak, baina faborito guztiak batera heldu dira azken mendatera. Gauzak hala, Bernalek erasoa jo duen arte bizirik zegoen eguneko ihesaldia, eta talde nagusiaren aurretik zihoazen Bouchard eta Bouwman. Bernalek, ordea, ziztu bizian hartu die aurrea.

Hasiera batean Giulio Ciccone izan da kolonbiarraren erasoari erantzun dion bakarra, baina ezin izan dio eutsi haren joari. Dena den, eguneko irabazleak zazpi segundu soilik atera dizkie hari eta Vlasovi. Eguneko beste galtzailea sailkapen nagusian bigarren zen Remco Evenepoel izango zela zirudien, baina azken metroetan atzetik aurrera egin eta bigarren postuari eutsi dio txirrindulari gazteak.

Etapa amaieran, maglia rosa berriak argi utzi du mendiko etapetan Giroa hausteko asmoa duela: «Gaur arte ez ditut aurkitu kondizio egokiak, baina datorrena asko gustatzen zait».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.