Hogeita hiru urte dauzka, baina gehiago dituela irudituko zaie askori. Izan ere, gaztea izanagatik, denbora asko darama Realean Imanol Agirretxek (Usurbil, 1987), goiz egin zuelako debuta, 18 urterekin, 2005ean. Taldea Bigarren Mailara jaitsi zenean, lehen taldeko ateak ireki zizkion klubak, harrobiko beste jokalari askori bezala, diru faltak behartuta. Titular gisa finkatzerik ez zuen lortu, baina ekarpen polita egin zuen, azken bi sasoietan batez ere. Lehen Mailara itzultzearekin bat, ordea, debut ondoko urteetako arazo berarekin egin du topo: aukera falta. 29 minutu baino ez ditu jokatu Ligan, eta gol bat sartu, Deportivori.
Egoera ez da samurra. Onena ematen hasteko eta gaztetatik aurreikusten zitzaizkion dohainei etekina ateratzeko adinean dago Agirretxe, baina lehia gogorra du aurrealdean. Llorente eta Tamudo jokalari beteranoak dira, taldeari Lehen Mailara egokitzen laguntzeko espresuki fitxatutakoak. Hori gutxi balitz bezala, klubak beste atzerritar gazte baten aldeko apustua egin du Diego Ifranekin; orain min hartuta dago. Agirretxe laugarrena da zerrendan. Hain larria ez litzateke izango Martin Lasartek bi aurrelarirekin jokatuko balu, baina behin bakarrik egin du hori, Levanteren aurkako partidan, eta emaitza kaskarra ikusita, ez dirudi askotan errepikatuko duenik.
Zer pentsatua izan du azken asteetan Agirretxek. Ez zuen Reala uzteko asmorik, baina Bigarren Mailako talde askok hura utzita hartzeko erakutsitako interesa ikusita, aukera hori aztertu behar izan du. Izan ere, Albacetek, Valladolidek, Cartagenak, Huescak eta Xerezek jo omen zuten Realaren atea, besteak beste. Zuzendaritzak askatasuna eman zion, eta gelditu egingo da: «Dena hartu dut kontuan, eta uste dut jokatzeko aukerak badauzkadala. Ilusio handia daukat oraindik denboraldiko bigarren zatian zerbait garrantzitsua egiteko».
Jarrera ulergarria da. Lesioak eta zigorrak ez dira sekula atseginak, baina egon badaude, eta ateak irekitzen dituzte. Ifranek, esaterako, ia hilabete darama jokatu gabe, orkatilan dituen arazoak direla eta. Bestalde, Viguera utzita joango da, itxura guztien arabera, eta horrek lehiakide bat kenduko dio bidetik. Llorentek eta Tamudok golik ez dute sartu azken jardunaldietan, eta gerta daiteke Lasartek Agirretxe edo beste jokalariren baten beharra ikustea taldea suspertzeko, edo gutxienez bigarren zatietan minutuak emateko. Baita orain arteko eskema aldatzea ere.
Ondo bidean, ordea, ez da halakorik gertatuko. Erabaki arriskutsua hartu du. Minutuak behar ditu zailtzeko eta Lehen Mailari neurria hartzeko, Carlos Martinez, De la Bella eta Elustondo egiten ari diren moduan. Izan ere, debut goiztiarra izan arren, hiru denboralditan hamar partida baino ez zituen jokatu Lehen Mailan. Aurrelari postua, baina, beste kontu bat da. Presio handia dakar golak sartzeak, eta azken urteetan klubak atzerritarren esku utzi du ardura hori. Haietako batzuek, Aldridgek, Kodrok edo Kovacevicek, esaterako, ederki bete dute aldea egin behar duen atzerritarraren eginkizuna, baina askoz luzeagoa da kale egin dutenen zerrenda.
Hazteko ez ezik, konfiantza berreskuratzeko ere behar ditu minutuak Agirretxek, iragan denboraldia gogorra izan baitzen. Aurrekoan, Juanma Lillorekin, bederatzi gol sartzetik zetorren, eta bikain hasi zen, baina bigarren itzulian ez zuen golik sartu. Titular gisa partida bat gutxiago jokatu arren, bere gol kopurua bikoiztu zuen Carlos Buenok —hamabi sartu zituen—. Aurrelari baldar samarra zen uruguaitarra, baina behar zuena eman zion Realari: lehiakortasuna, malezia eta errematea. Eztabaida ugari sortu ziren komunikabideetan, bietako nork jokatu behar zuen, baina azkenean merezita bereganatu zuen titular postua Buenok.
Bigarren Mailan protagonismoa edukitzea aldarrirako aukera ona izan zitekeen Agirretxerentzat, eta autoestimua berreskuratzeko —galdu badu—, baina 24 urte betetzear dituela denboraldi erdian Bigarren Mailara utzita joatea, ia egokitzeko astirik gabe, gogorra da, eta normala Realean jokatzeari muzin egin nahi ez izatea. Baina aulkian edo harmailetan egoteak ez dio onik egingo, eta gelditzea erabaki zuenetik egon den lehen deialditik at utzi zuen Lasartek azken jardunaldian, Sutilen mesedetan. «Etorkizun hurbilean» Agirretxe Realeko aurrelari titularra izatea ez zuen baztertzen Lorenek, duela egun gutxi, baina nahi baino gehiago berandutzen ari da etorkizun hori.
Etorkizunaren zain
Orain arteko partidetan gutxi jokatu duen arren, Imanol Agirretxek uko egin dio neguko merkatuan utzita joateari, taldeko laugarren aurrelaria izateari utzi eta Realean aukerak izango dituela sinetsita baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu