Etsigarria da dagoeneko

Realak azken partidetan baino hobeto jokatu du, baina ezin garestiago ordaindu du atzeko lerroko biguntasuna

Imanol Magro Eizmendi.
2011ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Bihotzeko arazoak dituen realzaleak oso denboraldi gogorra izango du. Hobe du taldea jokatzen ez ikustea eta Anoetatik urruntzea. Sufritzea da taldearen patua sasoi honetan. Zale sufrituak atzemango zion honezkero lehen jardunaldietan, eta atzo uste hori sakonduko zuen, modu ezin krudelagoan gainera. Etsigarria da dagoeneko... Nahiko ondo jokatu eta gol aukera onak izan arren, Realak galdu egin zuen. Edozein bizio uzteko egun txarra. Lehen hamar minutuetan hiru gol sartzeko aukera izan zuen Realak, baina bakarra sartu zuen. Irabazteko mahikoa, baina ez zuen babestu. Bi hutsetan bi gol jaso ondoren, bina berdindu zuen; zailena egina zuen. Baina azken bizkarrekoa falta zen, azken minutuan, areaz kanpoko falta batean jasotako gola. Zoroetxean aztertzeko moduko partida. Arazoa patologikoa da, eta jaisteko postuak are gertuago daude.

Philippe Montanier pentsakor eta lur jotairten zen Ciutat de Valentzia estadiotik. Taldea suspertzeko gako batzuk aurkitu zituen, azken partidetan baino oldarkorrago jokatu zuelako. Realak, hala ere, ez zuen jaso fruiturik. Donostiako taldeak partida hasiera ezin hobea izan zuen, 7. minuturako 0-3 irabazten joan zitekeen. Estradak lortu zuen gola (3. min), zorte jokaldi batean. Munuak gaizki urrundu zuen baloia area ertzean eta bila joan zenean Velarekin tupust egin zuen, lurrera eroriz. Baloia jaberik gelditu zen, etaEstrada iritsi zen lehenbizi.

Montanierrek Prieto eta Agirretxe aulkian utzi zituen eta Velaren aldeko apustua egin zuen. Ondo irten zitzaion.Mexikarraren mugikortasunak buruhauste handiak eman zizkien Levanteko atzelari beteranoei. Berak izan zuen bigarren gol aukera ona (5. min), baina ez zuen asmatu Munuaren aurrean bakarrik gelditu zenean. Hirugarren aukera garbian ere Velak lapurtu zuen baloia, eta De la Bellak langara bota zuen baloia (7. min.). Ezker hegalekoak ondo egin zuen gauza bakarra izan zen.

Xanpain botilaren antzekoa izan zen Reala, ireki berri indar askoko burbuilak ikusi zitzaizkion, baina apurka gasa joaten ari zen. Dena den, normala zen, emaitza alde izanda itxaron daiteke. Levantek izan zuenbaloia lehen zatian, eta arriskua sortu zuen. Hegaletan aurkitu zuen bidea, Carlos Martinezek ere ez zuelako bere eguna izan. Bi hegalekoek gaizki jokatu zuten. Lehen zatiko azken ordu erdian Levante gehiago izan zen, baina aukera onena Realak izan zuen, Iñigo Martinezek korner batean, buruz, baloia langara bidali zuenean.

Hirugarrena, 93. minutuan

Bigarren zatian Levantek hartu zuen ekimena. Hala zegokion, eta etekin izugarria atera zion.Lehenbizi Nanok, atzeko lerroaren huts baten ondoren sorturiko jokaldi batean gola sartu baitzuen(56. min). Baloiak Demidov jo zuen aterako bidean, Bravo nahastuz, Zorte txarra. Bost minutu geroago Valdok sartu zuen bigarrenan, kontra eraso motel batean Barkeroren erdiraketa neurtua buruz sarera bidali zuenean (61. min). De la Bellari argi irabazi zion jauzian.

Levantek ezin zuen sinetsi, gutxiago eginda zaila zen aurretik joatea. Baloiari eutsi zioten etxekoek, baina Realak hortzak erakutsi zizkion. Llorenterekin kosk egin zuen, eta jokaldi nahasi batean Iñigo Martinezek kasta erakutsi zuen. Areaz kanpoko aldaratze bat hartu eta sareetan bortitz iltzatu zuen baloia (86. min). Berdinketa zen emaitza justua, baina ez, Levantere eskarmentua agertu behar zen. Valdok, azti, falta bat eragin zuen area ertzean, eta Suarezek, ezkerkada bortitzez hirugarrena sartu zuen (93. min). Hesia gaizki jarria zegoen eta Bravo begira gelditu zen. Esandakoa, sasoi honetan sufritzea da patua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.