Etxe deserosoa

Titin III.ak 2003az geroztik ez du lau t'erdiko txapelketako partidarik irabazi Adarragan. Egia bada ere, beti aurkari gogorrak izan ditu.

Imanol Magro Eizmendi.
2010eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Sebastian Gonzalezek igandean Logroñon gustura jokatuko duela esan zuen atzoko pilota aukeraketan -ez zen arazorik egon-. Titinen aurka jokatuko du errioxarraren etxean. «Giro beroak gustatzen zaizkit; ondo moldatzen naiz halakoetan», azaldu zuen azkaindarrak. Agian, baina, beste arrazoi bat ibiliko zen bere buruan bueltaka: aurkariak Adarragako kaiolara moldatzeko dituen arazoak. Izan ere, Titinek 2003az geroztik ez du lau t'erdiko txapelketako partidarik irabazi bertan, eta azken laurak galdu ditu.

Capellanen aurka irabazi zuen Titinen lau t'erdiko txapelketako azken partida Logroñon, 22-8, 2003ko azaroaren 16an. Triciokoa bi urte geroago itzuli zen Ebro ibai alboko pilotalekura, eta Olaizola II.ak hamalau tanto bakarrik egiten utzi zion. Hurrengo urtean, 2006an, Barriola izan zuen aurkari Titinek, eta leitzarrak 22-16 irabazi zion. 2008an, Titinek eta Irujok finalerdietako ligaxkan neurtu zituzten indarrak Adarragan, eta Iberokoak 22-15 irabazi zuen. Azkenekoz, iragan astean jokatu zuen Titinek pilotaleku kutunean, eta 22-17 galdu zuen Irujoren aurka. Dena den, nabarmentzekoa da bolada txar horretako aurkarien sasoi ederra.

Titinek beti esan du Logroñokoa gustuko pilotalekua duela, baina ez dela bere jokora ondo egokitzen. 2003aren aurretik emaitza onak txarrak baino gehiago dira, baina baditu porrotak ere: 2002an, Unanuek 22-17 irabazi zion; 1999an, Etxanizek 22-10; eta, 1998an, hamar tanto baino ez zizkion egin Eugiri. Hori gutxi ez, eta binakako txapelketan ere ez dabil eroso azkenaldian, Adarragan jokaturiko azken bost partidetatik lau galdu baititu.

Gaur, Bigarren Mailako lau t'erdikoaren finalerdietako bi partidak jokatuko dituzte, ligaxkakako bigarren jardunaldikoak. Lantziegon, Idoatek eta Rico IV.ak neurtuko dituzte indarrak (19:30), eta, Ozkabarten (Errioxa, Espainia, 20:30, ETB1), Merino II.ak eta Cabrerizo II.ak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.