Etxea, usoa eta otsoa

Hondarribian berrekingo dio bideari gaur San Miguel ligak, 11. estropadarekin, asteburu batez geldirik egon eta geroPuntu garrantzitsuak daude jokoan goiko lehiari eta atzekoari dagokienez

Kaiku eta Hondarribia, elkarren ondoan, Zierbenan jokaturiko estropadan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2012ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
San Miguel ligako egutegian, Hondarribiko estropadak esanahi berezia dauka. Egunik politenetakoa izaten da, zale asko joaten delako arraunlarien lana ikustera. Giro ederraz gozatzeko aukera egoten da herri horretan. Gaur egingo du bertan geldialdia ligak, eta 11. estropada izango da jokoan.

Asteburu batez geldirik egon eta gero berrekingo diote ligako jardunari arraunlariek. Dagoeneko, lehiaketaren erdia gainditua dute, eta gauzak argitzen hasteko garaia da. Estropada gutxi gera- tzen dira, eta hainbat gauza dago argitasunaren esperoan. Goiko muturrean, Kaikuk alde polita ateratzen dio Hondarribiari,etxeko ontziari, baina ez da erabakigarria. Gainera, joan zen igandean, gaur etxekoa izango den ontziak gainditu egin zuen ligako burua Espainiako Txapelketan. Behin gainditu badu, zergatik ez berriz? Horretarako, etxeko estropadarekin kitatzeko dituen zorrak kitatu beharko ditu. Izan ere, asko kostatzen zaio Hondarribiari etxean gailentzea. Azken urteetan, 2006an bakarrik lortu du bandera astintzea. Gaur, zaleak irrikaz egongo dira, joan zen igandeko garaipenaren haizea atzetik bultzaka dutela. Osagai horrekin ere asmatu egin beharko dute arraunlariek. Etxean uso ala otso izango da gaur Hondarribia? Ohorezko txandan ariko dira ligako lehen biak, Urdaibai eta Tiranekin batera. Beste bi horiek ere gai dira trapuaren lehian sartzeko. Txanda polita izatea espero da. Gainera, eguraldiaren iragarpenek ematen dutenez, haizea apaldu egingo da 18:00etatik 20:00etara bitartean, eta hala gertatzen bada, aldeko izango dute lau ontzi horiek, aldeko ezaugarririk gabe ere bandera irabazteko hautagai nagusiak badira ere.

Bigarren txandan ere izango da konturik argitzeko. San Juan dago ondoen sailkapenean, eta hiru puntura baino ez du laugarrena, Tiran. Harrapatzeko, txandan irabazi beharko die San Pedrori, Castrori eta Portugaleteri. Azkeneko bi horiek aukera izango dute ligako azken-aurreko lekutik gehiago urruntzeko.

Txanda horretakoa baino lehia garrantzitsuagoa lehenengoan izango da. Azken-bigarrengo postuari ihes egin nahi diote Zumaiak, Pedreñak eta Astillerok. Hiru punturen barruan daude hirurak, eta oso puntu garrantzitsuak dira.

Gipuzkoako Liga aurretik

Gizonezkoen jardunaren aurretik, emakumezkoek egingo dute arraunean. Garrantzitsua da estropada, Gipuzkoako Ligako azken-aurrekoa. Kontuak argi samar daude. Izan ere, Zumaia dago lehen postuan, eta sei punturen aldea ateratzen dio bigarrenari, Getaria-Tolosari. Huts handi-handiren bat egin ezean, liga Zumaiara joango da. Gainera, faboritoa da gaur irabazteko, ligako estropada guztiak irabazi baititu, bat izan ezik. Bigarren postua lortzeko lehia estuago dago. Getariarrek bi puntu ateratzen dizkiote San Juani, eta laugarrena ere dantzan da, Orio eta Hibaikaren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.