Baskoniak denboraldi honetan lehiaketa ofizialetan etxean jokatu dituen zazpi partidak irabazi ditu (Espainiako Superkopakoa albo batera utzita), eta estatistika on horri eutsi nahi dio gaur Zalgiris Kaunasen aurka, Euroligako lehen ligaxkako A multzoko aurreneko postuari eusteko. Lehen hiru jardunaldiak jokatu ostean, oso parekatuta dago sailkapena. Lau talde daude bi garaipenekin, eta Partizanek eta Assecok aukera dute oraindik lau onenen artean tokia egiteko. Baskoniarentzat garrantzitsua da garaipena, eta puntuen aldea. Horregatik da lider egun, eta hamar edo puntu gehiagoren aldeak lehen postuan mantenduko luke beste astebetez.
Zalgiris nahiko txukun ari da. Irabazi egin ditu Euroligan etxean jokatu dituen lehen bi partidak, eta ezustekoa emateko asmoz etorri da Gasteizera. Lituaniako jokalariak dira taldeko makulu. Askok bere herriko selekzioarekin jokatzen dute, eta seinale ona da: Delininkaitis, Jankunas, Kalnietis, Pocius... Marcus Brown eta Capin min hartuta daude, eta ez dute jokatuko. Baskoniari dagokionez, prest dago Rancik, baina ikusteko dago Haislip ariko den edo ez.
BASKONIA-ZALGIRIS
Txapelketa. Euroligako lehen ligaxkako A multzoko laugarren partida.
Baskonia. Marcelinho, Pau Ribas, Oleson, Logan, San Emeterio, Teletovic, Bjelica, Rancik,Haislip, Musli eta Barac.
Zalgiris Kaunas. Kalnietis, Collins, Delininkaitis, Pocius, Salenga, Klimavicius, Jankunas, Kuzminskas, Watson, Begic eta Samhan.
Sailkapena. Multzoko liderra da Baskonia: 2-1 (+19); Zalgiris 4. postuan dago: 2-1 (+1).
Lekua. Fernando Buesa Arena (9.763 ikusle).
Ordua. 20:30 (ETB1).
Multzoko beste partidak. Asseco Prokom-Partizan (gaur, 20:15) eta BC Khimki-Maccabi (bihar, 18:00).
Etxean daraman bolada bikainari eutsi nahi dio Baskoniak gaur Zalgirisen aurka
Lituaniako taldea lan txukuna egiten ari da ligaxkan, eta multzoko lehen postuan dago, arabarrekin batera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu