Etxean esnatu da

Inter iazko txapeldunak lehen zatia nahikoa izan du Werder Bremeni etxean nagusitasunez irabazteko

Imanol Magro Eizmendi.
2010eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Txapelduna esnatu egin da. Etxeko berotasunean erakutsi zuen atzo zergatik altxatu zuen trofeoa iaz. Giuseppe Meazzako zaleen oihuen artean, Inter nagusitasunez gailendu zitzaion Werder Bremeni, eta balio handiko hiru puntu lortu zituen ustez orekatuena behar duen multzoan. Samuel Etoo izan zen partidako izarra; Jose Benitezek iaz Jose Mourinhok gainean jarritako zama kendu dio, eta libre jokatzen du orain. Aurre aldean eta libre, eta golekin Diego Militoren lesioa ahaztarazten ari da. Atzo lehen biak sartu zituen, ordu erdian, eta azken egunetako giro txarra baretu zuen.

Inter ez dago krisian, ezta inondik ere, baina lehenbizi Europako Superkopa galdu izanak, duela bi asteko Twenteren aurkako berdinketak eta ligako azken partidan Erromaren aurka galdu izanak giroa gaiztotu dute. Azken partida horretan Chivu atzelariak entrenatzaileari garrasi eta guzti egin zion. Jose Mourinhoren itzala handia da, eta hasiak dira alderaketak. Jokalariak, ordea, iazko berdinak dira eta asko min hartuta egon arren, atzo ondo merezita irabazi zuten lehen partida.

Benitezek Milito, Motta eta Zanettiren hutsunearekin ekin zion azterketari, baina Werderrek ere dezente zituen, eta nabaritu zituen zelai gainean. Hasiera orekatuaren ondoren, Etook hautsi zuen alemaniarren harresia. Kamerundarrak arearen ezkerraldean jaso zuen Cambiassoren pasea, eta ez zuen barkatu (21 min.). Txapeldunak zailena egina zuen.

Inter gehiago zen. Baloia etxekoak zuten eta jabetza zukutzen asmatu zuten. Lehen zatian hamalau jaurtiketa egin zituen, eta Etoo izan zen, lehen gola sartu etabost minutura, bakarkako jokaldi bati esker bigarrena sartu zuena (26. min.). Etxekoek erasoan jarraitu zuten eta Sneijderrek sartu zuen hirugarrena (33. min.). Herbeheretako erdilariak partida bikaina jokatu zuen, eta berak jarri zion zentzua, beste behin, txapeldunaren garaipenari. Bigarren zatian ere Inter gehiago izan zen, eta Etook hirugarren golarekin borobildu zuen gaua (81. min.).

Bartzelona, larri

Rubin Kazanek eman zuen ustekabekoa atzo jokaturiko Txapeldunen Ligako ligaxkako bigarren jardunaldiko partidetan. Errusiako taldeak estu hartu zuen Bartzelona eta puntu bat urratu zuen (1-1). Iaz ere elkarren aurka jokatu zuten bi taldeek, eta Espainiako Ligako txapeldunak ez zion behin ere irabazi Rubini. Atzo etxekoak indartsuago irten ziren, eta Noboak penaltiz lortu zuen gola (1-0, min.). Bigarren zatian Bartzelonak askoz gorago presionatu zuen, baloia lapurtzeko asmoz. Lapurtu zuen aldietako batean Iniesta arean barneratu zen eta Salukvadzek penalti egin zion. Villak sartu zuen (60. min.).

Beste partidetan, Manchester Unitedek, Kopenhagek eta Liongo Olympiquek garaipen garrantzitsuak lortu zituzten etxetik kanpo, eta euren multzoetako lehen postuetara igo ziren. Manchesterrek Chicharito Hernandezen gol bati esker irabazi zion Valentziari partida oso trabatu batean (0-1). Kopenhagek, berriz, ustkebakeoa eman zuen Atenasen, Panathinaikosen kontra (0-2), eta, azkenik, Lynek erraz irabazi zion Hapoeli Tel-Aviven (1-3).



Inter Milan 4

Werder Bremen 0

Inter Milan. Julio Cesar (Castellazzi, 46. min.), Chivu, Lucio (Santon, 62 min.), Cordoba, Maicon, Cambiasso, Stankovic (Obi, 80. min.), Babbiany, Sneijder, Coutinho eta Etoo.

Werder Bremen. Wiese, Silvestre, Mertesacker, Prodl, Wesley, Bargfrede, Jensen, Marin (Hunt, 63 min.), Borowski (Pasanen, 46. min.), Arnautovic eta H. Almeida.

Golak. 1-0. Etook (21. min.); 2-0. Etook (26. min.); 3-0. Sneijderrek (33. min.); 4-0. Etook (81. min.).

Epailea. Undiano Mallenco. Txartel horiak: Werderreko Janseni eta Silvestreri.

Bestelakoak. 60.000 ikusle Milango Giuseppe Meazza estadioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.