Kostata, baina etxean geratu ziren igandean Anoetan jokoan zeuden hiru puntuak. Valentziaren aurka jolastu zuen Realak. Ez batak ez besteak ez zuten sekulako jokoa egin, eta aukera gutxi izan zituzten biek ala biek.
Bigarren erdian etorri zen Realaren gol bakarra. Imanol Agirretxek sartu zuen, buruz. Segundu gutxi beranduago, Griezmannek bigarrena sartzeko aukera izan zuen, baina Diego Alvesek baloia ate barrura sartzea eragotzi zuen.
Agirretxek berak partida bukatu ostean adierazi zuen partida "oso itxia" izan zela, eta kosta egin zitzaiela gol aukerak sortzea. Nahiz eta gola egin, hala ere, Valentzia "oso ondo" aritu zen defentsan usurbildarraren arabera. David Zurutuzak aitortu zuenez, Realak ez zuen asmatu bere jokoa inposatzen, eta bi taldeak defentsa babestuta izaten saiatu ziren, zirrikitu bat ireki orduko erasora joateko. Markel Bergararen ustez, Valentziak duen kalitatea erakutsi zuen, baina gogoratu zuen helburua irabaztea zela, eta hala egin zutela, valentziarrak hamar puntutara utziz.
Bi partida jarraian galdu zituen Realak, Valentziaren aurkako garaipenaren aurretik. Ia 24.000 ikusle bildu ziren Anoetan.