Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Etxean ote dauka aurkaria?

Wigginsek Tourra irabazteko pauso galanta eman du, Evans atzean utzita; dena den, Froomek indartsuago dagoela erakutsi duRollandek bigarren garaipena segidan eman dio Europcarri, etapa guztia ihesean eginda

Etxean ote dauka aurkaria?.
jon eskudero
2012ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Izenburu bat baino gehiago utzi du Frantziako Tourreko hamaikagarren etapak. Mendiarekin batera hasten omen ikuskizuna, eta atzo, behintzat, halaxe izan zen. Etapa Pierre Rollandek irabazi zuen (Europcar), hasieratik ihesean ibili ondoren. Bezperan Thomas Voeckler taldekidearen erakustaldiari jarraipena eman zion frantziarrak. Baina zer esana tropelak eman zuen. Edo, hobeto esanda, tropeltxoak. Izan ere, txirrindulariak aurrera eta atzera ibili ziren. Laburbilduz, Sky taldeak irabazi zuen, Bradley Wiggins eta Christopher Froome aurrean sartu baitziren. Lehenak podiumaren gorenera igotzeko pauso galanta eman zuen. Zaku berean sar daitezke Vincenzo Nibali (Liquigas) eta Jurgen Van den Broeck (Lotto). Biek ala biek ausart jokatu zuten, eta ez zuten denborarik galdu. Txanponaren beste aldean daude Cadel Evans (BMC), Haimar Zubeldia (RadioShack) eta Denis Mentxov (Katuxa). Skyren erritmoari ezin jarraituta geratu ziren hirurak.

Hori guztia irakurrita, badirudi Sky nahierara aritu zela errepidean gora. Baina ez zen hala izan. Zenbait erasotan sufritu egin zuten Wigginsek zein Froomek, azken mendatean gehienbat. Froomek eman zion taldeari lehen sustoa. Nibalik bi eraso jo zituen jarraian, eta bigarrenean atzean gelditu zen Froome. Ordea, indarrak atera eta itzuli zen onenen artera. Hortik gutxira Wigginsek izan zuen txakalaldia, baina bere taldekidearen erasoaren erruz. Harritzekoa izan zen Froomen jarrera, tropelean sartu bezain laster erritmoa bizkortu baitzuen.

Ez zuen luze iraun erasoak, taldeko zuzendariak itxoiteko agindu baitzion berehala. Aginduari esker suspertu zen Wiggins, bestela ziur asko atzean geldituko zen, Nibali, Van den Broeck eta beste hainbat indartsu zeudelako. Ulertzeko zaila izan zen Froomeren jarrera. Iazko Espainiako Vueltan antzeko egoera batetik pasatu zen Sky, eta, azkenean, garaipena Juanjo Cobok (Movistar) eskuratu zuen. Aurten ere jarrera berarekin jokatuko al dute? Wigginsek etxean al dauka kontrario nagusia? Skyren jarrerak galdera askori ireki zien atea atzo.

Eta bat ez, bi erritmo aldaketa egin zituen Froomek. Bata mendatean gora, eta bestea helmugara iristeko oso gutxi falta zela. Baliteke sailkapen nagusiko bigarren postua lortu nahian jotako erasoak izatea, baina ez du zentzu handirik, Evans atzerago zegoelako. Argi dago Froome Wiggins baino indartsuago dagoela, baina talde barruan soilik jakingo dute zertaz hitz egingo zuten atzo gaueko afarian.

Zubeldia, hainbestean

Gustura afalduko zuena Zubeldia izango zen, gorriak eta bi ikusi baitzituen mendateetan gora. Croix de Fer azken-aurreko mendatean atzean utzi zuen tropelak, baina RadioShackek zintzo jokatu zuen usurbildarrarekin, eta aldapa behera onenen artera itzultzeko moduan izan zen. Ordea, Toussuiren gora etsi zuen. Michael Rogersen (Sky) erritmoari segitu ezinik geratu zen, eta lasaiago ibili zen. Dena den, eguna gainditu zuen, postu bakarra galdu baitzuen. Orain, seigarren dago sailkapen nagusian.

Beste euskal txirrindulari bat ere saiatu zen etapa irabazteko lehian sartzen: Gorka Izagirre (Euskaltel-Euskadi). Etapa hasieran osatu zen ihesaldian sartu zen, baina Croix de Ferren gelditu zen ezinean. Buruak baietz esan arren, gorputzak ezin zuela esan zion. Gainera, ihesaldi horretan ziklista handiak sartu ziren: Alejandro Valverde (Movistar), Chris Sorensen (Saxo Bank), Janez Brajkovic, Aleksandre Vinokurov (Astana), Peter Velits (Omega), Michele Scarponi (Lampre)... Maldak jarri zuen bakoitza zegokion lekuan, eta Rolland moldatu zen hobekien. Iaz Alpe d'Huezen egin bezala, erakustaldi aparta eman zuen, eta merezita gailendu zen.

Mendiko ikuskizunak gaur jarraituko du, 226 kilometroko etaparekin. Lehen mailako bi mendate eta hirugarreneko bat igaroko dituzte ziklistek. Etapak amaiera gaiztoa dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.