Gaur amaituko da Urrezko Aizkolarien Lehiaketa Gurea Kaiku Sari Nagusiko lehen fasea, Legorretan (Gipuzkoa). Azken kanporaketa jokatuko dute Joxemiel Peñagarikanok eta Joxe Etxebestek, eta hamar egur ebaki beharko dituzte; hots, lau 45 ontzako, lau kanaerdiko eta bi 60 ontzako (22:30). Garaileak Maila Nagusiko liga jokatzeko txartela bereganatuko du, eta bat egingo du Donato Larretxea eta Joxemari Olasagastirekin, B multzoan.
Legorretako norgehiagokak final baten kutsua du, eta saria kopa ez bada ere, onenen artera sailkatzea erakargarria izango da bi aizkolarientzat. Aurreko kanporaketa zortzi enborrera jokatu zuten, eta,18 minutu eta 23 segundo behar izan zituen Etxebestek; Peñagarikanok, berriz, 18 minutu eta 46 segundo.Hori aintzat hartuta, badirudi parekatua gerta daitekeela gaurko lehia, baina Etxebestek adierazi du ez dutela zerikusirik izango denbora horiek: «Biok ala biok nahiko erraz irabazi genien Otaegi eta Igertzari, eta ez da baliagarria izango gaur zer gerta daitekeen antzemateko».Igeldokoak galdu egin zuen lehen kanporaketa, baina hurrengo bietan aise aritu zela nabarmendu nahi izan du: «Arria V.aren aurka egun txarra izan nuen, bestela irabazi egingo nion. Mugertzaren aurkako azken saioan, aitzitik, gustura aritu nintzen eta ongi irabazi nion».Egun, 50 urte ditu Etxebestek, eta, agian, horrexegatik izango duela bizkarreko mina dio: «Minez ibili naiz bai, baina ez da arazoa izango. Binakako txapelketarako hasi nintzen prestatzen eta ongi nago; ilusio handiz».
Peñagarikano Beizamakoak 47 urte ditu, eta, hori ere, nabarmendu du: «Sasoiko egoten da, baina bera ere aurrera doa adinean. Nik badaukat irabazterik, ez naiz beldur, eta irabaztera joko dut. Gainera, ez daukat deus galtzeko, hala gertatzen bada, badut jarraitzerik ETBrekin. Etxebestek 45 ontzakoak eta kanaerdikoak eramango ditu.
Jon Rodriguezek, kanakoa
Gaurko jaialdiaren osagarri izango da Jon Rodriguezen (15 urte) ahalegina kanakoa ebakitzen. Orain dela gutxi Aratz Mugertzak ebaki zuen neurri bereko egurra. Xabier Mindegia eta Lasa ere ariko dira sei enborrera.
AIZKORA
Etxebestek ez du galdutzat ematen
Urrezko Aizkolarien Lehiaketako Liga Nagusira sartzeko txartela jokatuko du Peñagarikanoren aurka, gaur, Legorretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu