Etxeko bolada onari eustera

Osasunak Rayo Vallecano hartuko du gaur Nafarroako Erresuman, eta irabaziz gero seigarren posturaino igo daitekeEtxean jokaturiko ligako bost partidetatik hiru irabazi eta bi berdindu ditu

Osasunako jokalariak geldirik eta kontzentratuta, aste honetan egindako lan saio batean, Taxoaren. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2011ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Etxean partidarik ez du galdu Osasunak Espainiako Liga hasiz geroztik, eta Rayo Vallecanoren aurka ere hiru puntuak lortu nahi dituzte Jose Luis Mendilibarren jokalariek. Sailkapeneko hamargarren postuan kokatuta, jaisteko postuetatik baino gertuago daude Europako lehian sartzeko postuetatik. Azken partidan jipoi latza jaso zuten nafarrek Santiago Bernabeu futbol zelaian —7-1 galdu zuten—, baina norgehiagoka hura ahaztuta dagoela eta aurkari zuzenen aurka etxean kale egin gabe jarraitzeko prest direla erakutsi nahi dute gaur. Azken bi asteetako lan saioak gaurko lehiari begira egin ditu Jose Luis Mendilibar entrenatzaileak.

Rayo Vallecano ere une gozoan dago. Bigarren Mailatik igo berriak izanagatik, madrildarrek ondo hasi dute sasoia, eta Osasunak baino puntu bat gehiagorekin, sailkapeneko zortzigarren postuan dago Jose Ramon Sandovalen taldea. Ez da partida erraza izango, baina hiru puntuak etxean geratzea da nafarren asmo bakarra. Rayok bi garaipen lortu ditu etxetik kanpo —Getaferen eta Betisen zelaian—, eta joko ona egiten ari da.

Liga hasiz geroztik etxean partidarik galdu ez duen talde bakarretakoa da Osasuna. Ligako lehen hiru sailkatuek, Real Madrilek, Bartzelonak eta Valentziak, eta Atletico Madrilek soilik esan dezakete hori orain. Nafarroako Erresuman jokatu bost partidetatik hiru irabazi eta bi berdindu ditu Mendilibarren taldeak. Berdindutako biak irabazteko zorian izan ziren, gainera. Sevillaren aurkako lehian epaileak soilik ikusi ez zuen penalti argi batek galarazi zuen garaipena, eta, Mallorcaren aurkako berdinketan barregarri jokatu arren, markagailuan aurretik izan zen bitan. Sendo agertu da partida guztietan Osasuna, eta bide horretatik jarraitu nahi dute gaur arratsaldeko lehian ere.

Entrenatzaile zaldibartarrak askotan errepikatu izan du bolada bat luzatzen denean bolada horren amaiera gertuago izaten dela, eta horixe gogoratu zuen atzo goizean Taxoaren hedabideen aurrean egindako agerraldian: «Estatistikak alderantziz irakurri nahi dituenak gure etxeko bolada ona amaitzetik gero eta gertuago dagoela ondoriozta dezake. Konfiantza izatea eta etxean sendo aritzea gauza ona da, baina ezin gara horrekin konformatu». Etxean ez ezik kanpoan ere irabazten hasi beharra dagoela nabarmendu zuen: «Nafarroako Erresuman bolada onari eustea nahi dut, noski, baina edozein unetan hauts daiteke bolada hori, eta etxetik kanpo ere partidak irabaztea ezinbesteko baldintza da».

Aldagelan Real Madrilen aurka jasotako jipoiaren inguruan ezertxo ere ez dutela hitz egin azpimarratu zuen gorritxoen entrenatzaileak, eta Sandovalen taldearentzat hitz gozoak soilik ez zituen izan: «Rayo Vallecanok badaki nondik datorren, eta lana ondo eginez gero mailari eutsi ahalko diola jakina da. Ondo ari dira lanean, eta edozein zelaitan irabazteko gai direla erakutsi dute. Estatistikak hor daude», esan zuen Mendilibarrek. Eta bai, etxetik at jokatu sei partidetatik bi irabazi eta bi berdindu ditu Rayok, etxetik kanpoko lehietan Real Madril, Bartzelona, Valentzia eta Levanteren atzetik puntu gehien batu duen taldea delarik. Gainera, azken norgehiagokan Reala jipoitu ondoren, adorez eta konfiantzaz gainezka iritsiko diraSandovalen jokalariak Nafarroako Erresumara. Gauzak ondo egin beharko ditu Osasunak irabazteko.

«Partidaren azterketa zuzena egin eta lehiatzen ahalegintzea da gure asmoa. Osasuna eta Rayo antzeko taldeak dira, maila eta helburu bera daukagunak. Gurearen oso antzeko zelaia dute, eta talderen bat ondo egokitu badaiteke Nafarroako Erresumara, hori Rayo Vallecano da. Asmo horrekin goaz Iruñera», esan zuen atzo Jose Ramon Sandoval Rayoko entrenatzaileak.

Lamah eta Raitala hasieratik

Medikuen senda-agiriak jokalariz gainezka izan dira azken asteetan Osasunan, baina pixkanaka- pixkanaka jokalariak osatzen hasi dira Mendilibarrentzat. Marc Bertran, Sergio, Etxaide eta Masud min hartuta daude oraindik —azken biak luzerako, gainera—, baina Roversio, Raitala eta Lamah arazorik gabe entrenatu dira azken egunetan. Hargatik, Roversiok bere burua ez du oraindik nahi bezala ikusten, eta, medikuen senda-agiria jaso arren, deialditik at geratu zen atzo erdiko atzelari brasildarra. Lamah eta Raitala deialdian dira, eta hasieratik aritzeko aukera dezente dituzte, atzelari finlandiarrak batik bat. Jokatzeko moduan izanagatik deialditik at geratu ziren Ricardo eta Lekic.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.