Kirolean abantaila da etxean aritzea. Abantaila handia, gehienetan. Batetik, zaleen babesak laguntzen duelako, eta, bestetik, kantxa aurkariek baino hobeto ezagutzen dutelako etxekoek. BERRIA Txapelketako hirugarren jardunaldian, ordea, mesederako baino kalterako gehiago izan dute euren pilotalekuetan jokatu duten taldeek. Bergarak galdu egin zuen Ortuellako Danok Lagunak-en aurka: 2-1. Eta Azkoitiko Oteizak emaitza berarekin menderatu zuen Oiartzungo Oiarpe.
Bergara 1. Danok Lagunak 2
KADETEAK
Aristi-Gastañaga 13
Abrahan-Arandia 22
GAZTEAK
Gallastegi-Diez 9
Rey-Ibarrondo 22
NAGUSIAK
Muguruza-Muguruza 22
Lopez-Tejero 20
Indartsu itzuli da Ortuellako Danok Lagunak pilota elkartea. 2009. urteaz geroztik parte hartu gabe zegoen txapelketa preziatuan, eta ezin hobeto ekin dio lehiari. Lehen partidatik bertatik izan zen jaun eta jabe. Abrahanek eta Arandiak bikote langilea osatzen dute, sendoa, eta erraz irabazi zieten Bergarako Aristiri eta Gastañagari. Azken horiei gehitxo eragin zien urduritasunak. Nabarmentzekoa izan zen Arandiaren lana.
Gazteen mailako norgehiagoka misterio handirik gabekoa izan zen. Etxekoek Gallastegi aurrelariarengan jarria zeukaten itxaropena, baina ez zuen esperotako mailarik eman. Reyk eta Ibarrondok neurketa txukuna jokatu zuten, eta arazorik gabe hartu zituzten mendean Gallastegi eta Diez. Bizkaitar aurrelariak bederatzi tanto lortu zituen sakearen bitartez, eta horixe izan zen garaipenaren giltza.
Kanporaketa erabakita zegoela ekin zitzaion nagusien artekoari. Hain zuzen ere, kanporaketako partidarik onenari. Esperientzia handiko lau pilotari izanik, gogorra eta orekatua izan zen lehia, eta azken txanpan gehiago izan ziren Bergarako Muguruza lehengusuak: Eneko eta Ander. Bi aurrelariek tanto ikusgarriak egin zituzten. Lopezek eta Tejerok ere goraipatzeko moduko lana egin zuten. Zazpi Iturri izango du hurrengo aurkaria Danok Lagunak-ek.
Oiarpe 1. Oteiza 2
KADETEAK
Azpiroz-Flores 9
Unanue-Lasa 22
GAZTEAK
Sarasti-Imaz 22
Alberdi-Juaristi 6
NAGUSIAK
Agirrezabala-Irastorza 10
Andueza-Zendoia 22
Gipuzkoako bi elkarte indartsuk neurtu zituzten indarrak igandean Oiartzungo Madalensoro frontoian, eta ezustekoa gertatu zen. Azkoitiko Oteizak uste baino erosoago irabazi zion Oiarperi. Kadeteen arteko emaitza izan zen ustekabekorik handiena. Unanuek eta Lasak ez zieten inolako aukerarik eman Azpirozi eta Floresi. Unanue izan zen onena, Goenatxo harri-jasotzailearen semea. Bizkor aritu zen aurrean.
Etorkizunean oihartzun dezente izan dezaketen bi pilotari kantxaratu zituen Oiarpek gazteen mailan: Sarasti eta Imaz. Aurrelariak gantxo aparta dauka, eta atzelariak kolpe freskoa. Bada, ezaugarri horiek baliatuta aise gailendu ziren Alberdiren eta Juaristiren kontra. Urolakoak gogotik saiatu ziren, baina bi bikoteen artean dagoen aldea begi bistan geratu zen.
Nagusien mailako partida, beraz, erabakigarria zen, hor irabazle irteten zenak egingo baitzuen aurrera. Bada, azkoitiarrak ordezko atzelaria eduki arren, ez zuten errukirik izan, eta erraz menderatu zituzten Agirrezabala eta Irastorza. Oteizako Anduezak hartu zuen aginte makila, eta Zendoiaren laguntzarekin, final-zortzirenetara sailkatu zuten taldea. Hernaniren aurka ariko dira hurrena.
Asteburuan amaituko da final-hamaseirenetako jardunaldia, bi kanporaketa interesgarrirekin. Batetik, Markina eta Arkupe ariko dira; eta, bestetik, Iparralde eta Oberena.
BERRIA Txapelketa
Etxekoak galtzaile
Danok Lagunak eta Oteiza arazorik gabe sailkatu dira BERRIA Txapelketako final-zortzirenetara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu