TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA.

Etxekoak otso, euskalduna ardi

Garatek Savoldelli liderra, Di Luca bihurria eta Simoni igotzaile trebea gainditu nahi ditu asteon, eta Rujano txikia estu lotu

Andoni Urbistondo.
2005eko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Azken aste erabakigarrian sartu da Giroa. Sailkapen nagusiko lehen hiru postuetan ez dago nobedade handi-handirik. Izenei dagokionez, bai, akaso. Haien herritartasunari dagokionez, ez. Italiako Giroa irabazteko lehian italiarrak izan dira nagusi azken urteetan eta aurten ere bai. Cunegok eta Bassok egin dute kale, baina Savoldelli eta, batez ere, Di Luca azaldu dira. Simoni aurre-aurrean egotea ez da ustekabea.
 

Etxekoak etxean, otso, eta otso gaiztoak. Espero ez zen, zuten, ardia, Juanma Garate euskalduna, otsoei aurre egiteko prest dago, eta hori pozteko arrazoia da Euskal Herrian. Iaz hiru itzuli handietan podiumik lortu gabe geratu ziren euskal txirrindulariak eta azken urteetan ere ez dira gehiegi izan. Joseba Belokik Tourrean lortutako hirurak dira distiratsuenak. Urte loratuena, 2001a. Abraham Olano bigarren izan zen Giroan, eta Unai Osa hirugarren. Ondoren, Joseba Belokik, ezustean, hirugarren postua lortu zuen Tourrean.
 

Bost etapa geratzen dira Giroa bukatzeko. Normalean hiru saio izanen dira erabakigarriak. Osteguna, ostirala eta larunbateko etapak. Gaurkoan mendate bat dago helmugatik gertu, baina zaila izanen da nagusian aldeak egotea. Igandekoan ere ez, Milanen bukatzen den saioa Giroko azkena delako eta sailkapen ezberdinetako garaileei omenaldia egiten zaielako.
 

OSTEGUNA: Finestre beldurgarriak eta Sestrieresko eski estazioko bukaerak bereganatu du arreta dena, baina erne 17. etaparekin. 194 kilometro ditu, eta etapa hondarrean hiru mendate bihurri. Bukaerako Limone Piemonte da hiruretan aldapa etzanena, baina han emango dizkiote elkarri muturreko handienak oilarrek. Madonna del Colletto mendate gaiztoa da, ez oso luzea, baina pikoa eta itoa, atsedenik gabekoa ia. Hurrengoa, Colletto del Moro, laburra bezain zitala da. Lau kilometro eskas ditu, eta batez bestekoa %9koa da ia. Batez bestekoa baino, malda tente-tenteak dira mendate horren zailtasuna: %21eko maldak ditu. Limone Piemonte luzea da, oso luzea, txirrindulariak aspertzeko modukoa.

OSTIRALA: 34 kilometroko erlojupekoa jokatuko da Turin inguruan. Hiri hartako behatoki ezagunenera igoko dira txirrindulariak, Superga mendira, hain zuzen ere. Gutxi-asko, zazpi kilometro ditu gorantz ibilbideak, eta goranzko joera daukaten ordeka kilometro batzuk ere bai. Garateren hitzak: «Gogorra da eta aldeak egingo dira. Igoeran ezin da dena eman, gainean aldapa behera ez delako lasai joateko modukoa. Jaitsiera, gainera, teknikoa da oso».

LARUNBATA: Munduko mendate gogorrena omen dena igoko dute eta litekeena da sailkapen nagusia han erabakitzea. 19. etapak 190 kilometro ditu eta Finestre baino lehenago, eta ondoren, Sestrieres igoko dute. Sestrieres, ordea, Etxegarate baino etzanagoa da eta Finestre zitalak egiten duen itzal handiarekin litekeena da oharkabean geratzea, izen eta historia handiko mendatea bada ere. Colle delle Finestre mendibidea, gurdibidea zen orain gutxi arte, bere garaian Mortirolo izan zen bezala. Gaineraino doan errepideari bidea deitzea gehiegizkoa omen, ezagutzen dutenen ahotan. Legarrezko errepidea dagoela dio Giroko antolakuntzak berak, Interneten. Zenbakien hoztasunean bero-bero egingo dute bidea txirrindulariek hasiera-hasieratik. 18 kilometro pasatxo ditu Finestrek eta batez bestekoa, ez sinesteko modukoa: %9,2koa.

-

UNAI OSAREN ANALISIA

PAOLO SAVOLDELLI

Alde: Liderra da. Nahikoa arrazoi bada hori. Txirrindulari bakar bat ikusi dut bera baino sendoago: Basso. Armstrongen pedal kolpearekin dabil, indartsu, eta erlojupekoan bi minutuko aldea ken deiezaieke aurkariei.

Kontra: Finestreko igoera. Jendeak Foscagnon atzean geratu zela dio. Eta? Minutu erdia galdu zuen eta, ondo bidean, bi minutuko aldea izango du larunbatean, gutxienez. Non galduko ditu? Simonirekin ez itsutzea da gakoa, Simoni horretan saiatuko bada ere.

Pronostikoa: Garailea.

DANILO DI LUCA





Alde: Ikaragarri dabil, eta diziplina orotan. Mendian txukun eta erlojupekoetan ere, espezialistak direnei aurrea hartzen. Eskarmentu faltarena tontakeria iruditzen zait. Burua eta hankak ondo daudenean, esperientzia bigarren mailakoa da.

Kontra: Jendea esan eta esan ari da zart egingo duela, baina ez du egin. Egiten badu ordu erdia galduko du, hori ziur. Apiril hasieratik dabil bete-betean.

Pronostikoa: Eusten badio, sekulakoa egingo du, eta nire ustez, eutsiko dio, ez du kale egingo. Garaipenetik gertu, baina Savoldelli baino koska bat beherago.

GILBERTO SIMONI






Alde: Hirugarren astea da Simoniren onena. Ondo ezagutzen dut eta 2001. urtean, bigarren astean nagusi izan zen, baina hainbestean, eta hirugarrenean aurpegira barre egin zigun. Finestren jo egingo du, baina jotzea da errazena, eta hasieran lortutako aldea mantentzea zailena.

Kontra: Erlojupekoa. Lehian daudenen artean, bera da txarrena. Savoldellik bi minutu jango dizkio, gutxienez, Garatek ere dezente eta Di Lucak ere bai.

Pronostikoa: Finestren aurkariak txikitu behar ditu Giroa irabazteko, baina zaila ikusten dut. Podiuma, ziurra.

JUANMA GARATE






Alde: Batez ere, gorantz datorrela bere sasoia eta indartsu bukatuko duela. Ahul samar ekin zion, baina bere maila onena lortzetik gertu dagoela esango nuke. Suelto-suelto ikusten zaio. Erlojupekoa ere ona da berarentzat.

Kontra: Rujanoren kasuan bezala, nagusian duen postua ihesaldi batean lortutako aldeak eman dio, eta aintzat hartu behar da hori. Aurretik dituen hiruretatik bakarren batek kale egin behar du, baina nork? Zaila da hori gertatzea.

Pronostikoa: Podiuma lortzea nahiko nuke, baina laugarrena ere ez litzateke txarra.

JOSE RUJANO






Alde: Mendiko bi etapa ditu bere alde baina han pila dezakeen errenta ez da nahikoa izango, ziurrenik.

Kontra: Lehen urtea du Giroan. Nagusian daukan postua ihesaldietan lortu duen aldearengatik da, ez erregularra izan delako. Aurrean dauden hirurak ihesaldietan pilatu gabe, erregulartasunari esker daude aurrean eta hori esanguratsua da. Erlojupekoan minutu zakua gal dezake, mendian irabaz dezakeena baino handiagoa.

Pronostikoa: Podiumean sartzeko zeharo irauli behar du nagusiak eta ez dut uste hala gertatuko denik. Bosgarren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.