24 urte ditu Gerolsteiner taldekoak, eta Namur hiriko gotorlekuan lortutako garaipenarekin enbidoa bota die tropeleko txirrindulari italiarrei. Bettini, Rebellin, Cunego, Di Luca, Bertagnolli eta tankerako txirrindularientzat apropos-aproposa zen hirugarren etapako bukaera bihurria, baina kale egin zuten. Garaipena usaindu ere ez zuten egin. Schumacher, aldiz, erraz nagusitu zen, eta atzoko arrakastak indarra emango dio antzeko etapetan izen handiko aurkariei aurre egiteko.Euriak giharrak lokartu zizkiela esango dute, agian, Bettinik eta Rebellinek, aitzakia moduan, baina kontua da garaipen zakua betetzen hasteko lehen aukera galdu dutela. Egin kontu bestela Namurko Gotorlekuko helmugako ezaugarriei: Bi kilometro pasatxo, harbide ona, eta %5,5eko batez besteko aldapa.Schumacherrek ukendu ezin hobea bilatu du Namurren iraganeko zauriak sendatzeko. Nazioarteko Txirrindularitza Elkargoak, UCIk, EPO sustantziarekin positibo eman zuela jakinarazi zion iaz. Txirrindulariak helegitea jarri zuen. Bere azalpena bitxia izan zen. Asmatikoa da eta asmaren aurkako botika eman zion bere amak (ama medikua da). Catina izeneko botika eman zion, pizgarria den alkaloidea.Schumacherrek berak eta Shimano taldeko medikuek sustantzia hori debekatutako produktuen zerrendan ez zegoela baieztatu zuten, eta UCIk kontrol bat egin baino lehenago, produktu hori kontsumitu zuela aitortu zuen. Positiboa eman zuela jakin ondoren kolpe handia hartu zuen Schumacherrek. Bere amak gutun bat idatzi zion UCIri, eta egoeraren berri eman. Helegitea ontzat eman zuen UCIk, eta txirrindularia errugabetu.Kirol arloan ere hasiera gorabeheratsua eduki du Schumacherrek. Telekom taldearekin egin zuen debuta, 2002. urtean, 20 urte bakarrik zituela. Aukera eman eta konfiantza kendu, biak bat, bi urteko bidearen ondoren Kontinental mailako Team Lamonta taldearekin fitxatu baitzuen (Orbearen parekoa).Bi garaipen lortu zituen eta horri esker, iaz Kontinental-Profesional mailara egin zuen jauzia, Shimano taldera, hain zuzen ere (Kaikuren mailako taldea). Sei garaipen lortu zituen. Izen apaleko itzulietan, bai, baina garaipenak, azken finean (Saxonia Beherea eta Rheinland-Pfalz Rundfahrt). Analisi hartako positiboak dena ilundu zuen arte.Gauaren ondoren eguna argitu zen eta Schumacherrek Gerolsteiner taldean, Pro-Tour Ligako talde batean lortu zuen lekua. 19. postuan sailkatu zen Flandesko Tourrean, eta 9. Amstel Gold Racen. La Sartheko Zirkuituko nagusia irabazi zuen ondoren, eta atzo, Giroko etapa bat eta maglia arrosa. Garrantzitsuena, halere, etorkizun on-ona sumatzen zaiola.
Bettini, Rebellineta Simoni, ezinean
Namurko bukaeran Jose Luis Rubierak jo zuen aurrena. Erraz harrapatu zuen Schumacherrek, eta Bettini eta Rebellin, bikoaren atzetik, 10-15 metrora, azken kolpea noiz jo zain zeudela. Zain, ordea, ez, ezinean baizik. Alemaniarraren gurpilera ezin hurbilduta zihoazen. Schumacherrek, aldiz, aise askatu zuen Rubiera eta garaipena lortu.
Oilarrek ere majo sufritu zuten. Tropela oso bakanduta helmugaratu zen eta Savoldelli liderra izan zen azkarrena faboritoen artean. Okerren aritu zena, ordea, Simoni. 29 segundo galdu zituen helmugan eta 37. postura egin du atzera nagusian. Eguneko ihesaldian Markel Irizar oñatiarra sartu zen, baina ez zuten helmugara iristeko aukerarik eduki. Quick Stepek beretzat nahi zuen etapa. Lan egin zuen horretarako, baina etaparik gabe geratu ziren.
Sailkapenak
HIRUGARREN ETAPA
1. S. Schumacher (GST)- 5.14.43
2. Jose Luis Rubiera (DSC)- 2ra
3. Davide Rebellin (GST)- 6ra
4. Paolo Bettini (QST)- d. b.
5. Philippe Gilbert (FDJ)- d. b.
6. Jens Voigt (CSC)- d. b.
7. Andrea Moletta (GST)- d. b.
8. Jose Ivan Gutierrez (CEI)- d. b.
9. Paolo Savoldelli (DSC)- d. b.
10. Franco Pellizotti (LIQ)- 9ra
12. Patxi Vila (LAM)- d. b.
15. Serhii Hontxar (TMO)- d. b.
16. Damiano Cunego (LAM)- 13ra
17. Danilo Di Luca (LIQ)- d. b.
20. Ivan Basso (CSC)- d. b.
27. Imanol Erbiti (CEI)- d. b.
33. Juanma Garate (QST)- d. b.
34. Iban Maioz (EUS)- d. b.
39. Unai Osa (LSW)- d. b.
63. Gilberto Simoni (SDV)- 29ra
NAGUSIA
1. S. Schumacher (GST)- 10.14.04
2. Paolo Savoldelli (DSC)- 13ra
3. Davide Rebellin (GST)- 23ra
4. Jose Ivan Gutierrez (CEI)- 29ra
5. Jose Luis Rubiera (DSC)- 31ra
6. Serhii Hontxar (TMO)- d. b.
13. Danilo Di Luca (LIQ)- - 39ra
16. Ivan Basso (CSC)43ra
17. Damiano Cunego (LAM)- 45era
24. Patxi Vila (LAM)- 52ra
27. Juanma Garate (QST)- 56ra
28. Imanol Erbiti (CEI)- d. b.
34. Roberto Laiseka (EUS)- 1.02ra
37. Gilberto Simoni (SDV)- 1.02ra
53. Unai Osa (LWS)- 1.15era
62. Mikel Pradera (CEI)- 1.29ra
68. Iban Maioz (EUS)- 1.32ra