Rangers da faboritoa gaurko lehian, bainaOsasuna ez dago, ez,amore emateko prest
ASIER LEGARDA-EREÑO
Iruñea
Glasgowko Rangers taldea munduko talderik indartsuenetakoa da, irabazitakoei erreparatuz gero. Eskoziako Liga ez da Espainiako Liga bezain gogorra eta lehiatua, baina 1873an sortu zenetik 107 titulu irabazi ditu Rangersek, eta Europako talde onenen arteko lehiaketa bat irabaztea zer den ere badakite eskoziarrek: 1972an Errekopa irabazi zuten, finalean Moskuko Dinamo 3-2 mendean hartu ostean. Historia eta irabazitakoak aintzat hartuz gero, beraz, argi dago zein den gaur iluntzeko partidarako faboritoa, Osasunaren 87 urteko ibilbidean ez baita titulurik agertzen. Hargatik, itzulerako partida etxean jokatzea baliatu nahi du Osasunak, historian aurreneko aldiz UEFAko final laurdenetarako sailkatzeko. Bordeleko Girondins bidean utzi ostean, baikor dira gorritxoak. Orain arteko emaitzek ere baikor izateko modua ematen diete osasunazaleei: 1985ean ere neurtu zituzten indarrak Osasunak eta Rangersek, eta Glasgown 1-0 galdu arren, Iruñean 2-0 irabazi eta aurrera egin zuen Osasunak. Gaurko partidaren ostean ere baikor izaten jarraitzeko, ordea, kanporaketako itzulerako norgehiagokan Iruñean erabakitzeko moduko emaitza lortzera behartuta daude nafarrak. Golen bat sartu, eta ahal bada ez galtzea da Jose Angel Zigandaren mutilen helburua.
Larraintzarko entrenatzailea ere baikor agertu zen partida bezperan egindako adierazpenetan. «Girondins talde handia da,baina bi partida on jokatu genituen eta azkenean guk gainditu genuen kanporaketa. Rangersen aurkako kanporaketa gainditzeko ere ezinbestekoa izango da bi partida on jokatzea. Gauzak ondo eginez gero aurrera jarraitzeko aukerak izango ditugula badakigu», esan zuen herenegun Taxoaren, esaterako.Zigandaren esanetan, partida ezin ederragoa izango da Glasgowkoa, eta ez du jokatu aurretik amore eman nahi: «Girondinsen aurkakoak baino partida irekiagoak espero ditut, eskoziarrek aurrera joateko duten grina ikusita atzean zirrikitu gehiago utziko dituztela uste baitut. Guretzat oso partida polita da, klubarentzat historikoa da, UEFAko final-zortzirenak garrantzitsuak ere badira, baina batik bat jokalarientzat da ederra, motibazioz gainezka egon behar dute, jokatzeagatik ordaintzeko moduko lehia da jokalarientzat», adierazi zuen Larraintzarko entrenatzaileak.
FINALA ERE GLASGOWN JOKATUKO DA. Hargatik, Zigandak badaki Walter Smith entrenatzaileak zuzendutako taldearentzat aurtengoa UEFA Kopa berezia dela. Sasoi honetan Glasgown jokatuko da UEFA Kopako finala, eta «motibazio bikoitza» izango dute eskoziarrek. Finala ez da Ibrox estadioan jokatuko, dena dela, Hampden parken baizik -Eskoziako selekzioak eta Queens Park taldeak jokatu ohi dute Glasgowko zelai honetan-. Iruñeatik 800 lagun inguru joango dira gaur talde gorritxoa animatzera, baina badirudi gau handietako giroa ziurtatuta izango dela Rangersen zelaian. 50.000 lagun izango dira harmailetan. Iragan igandean Celticen aurkako derbian bezalaxe -Erresuma Batuan jokatzen den derbirik ederrena eta ikusgarriena da, aditu askoren ustez, Glasgowko bi taldeen artekoa-.
RANGERSEN GORABEHERAK. Eskozian titulu gehien irabazi duen kluba da Rangers Football Club taldea. Bertako 51 Liga, 31 Kopa eta 24 Ligako kopa irabazi ditu Rangersek 1873an sortu zenetik, eta 1972an Europako errekopa ere irabazi zuten jatorrian Glasgowko protestanteen taldea zenak -Celticek, katolikoen taldeak, 40 Liga, 33 Kopa eta 13 Ligako Kopa irabazi ditu, 1967an Europako Kopa edo Txapeldunen Liga irabazteaz gain-. Bere gorabeherak ere izan ditu Glasgowko taldeak, nolanahi ere. Osasunaren aurka lehen aldiz jokatu zuten garaian, esaterako, Glasgow Rangers ez zegoen garairik onenean. 1980ko hamarkadan Celticek goitik behera begiratzen zion Rangersi, eta hamarkada horren erdialdera Alex Fergusonek -Manchester Uniteden entrenatzailea aspaldiko urteetan- zuzendutako Aberdeen ere Eskoziako onenen artean izan zen, Rangersi aurre hartuz.
Denboraldi honetan ere, Glasgow Rangers hango liga irabaztetik urrun da: Celticek 19 puntuko aldea dauka, eta datorren asteburuan izan daitezke txapeldunak matematikoki. XXI. mendean sartuz gerotik bosgarren Liga izango da Celticentzat.
22
urte pasatu eta geroEuropan lehendabiziko lehia jokatu zuen futbol zelaira itzuliko da Osasuna gaur, Glasgow Rangersen Ibrox Park zelaira.
A.L.EREÑO
Iruñea
1985eko irailaren 18an jokatu zuen Osasunak bere lehendabiziko norgehiagoka Europako talde onenak biltzen dituen txapelketa batean.Lehendabiziko aldiz UEFA Kopan arituko zirenBiurrun, Castañeda, Lumbreras, Bustingorri, Ripodas eta enparauak. Eta lehen partida Glasgowko Rangers taldearen aurka izan zuten. Izen eta ospe handiko taldea zen, baina joanekoan Glasgown 1-0 galdu arren, itzulerako lehian 2-0 nagusitu ziren Iruñean, eta gorritxoek gainditu zuten kanporaketa. Gaur, UEFAko estraineko norgehiagoka jokatu zuten zelaira itzuliko da Osasuna, ia 22 urte geroago.
Lehendabiziko aldiz UEFAn jokatu zutenetik asko aldatu da Osasuna.«Jokalari bat baino gehiago lehen aldiz igo zen hegazkin batera Glasgowrako bidaia zela eta», onartu zuen final zortzirenetan Rangers aurkari izango dutela jakin orduko Patxi Izkok. Osasunako presidentea emozionatu egin zen. 61 urteko gizona, Osasunako presidentea, 39 urte zitueneko garaiak gogoratzen ari zen. Eta sentiberatasun berezia nabari zitzaion, osasunazale arrunt bat besterik ez zeneko garaiak gogoratzean: «Zaharrok gogoan dugu Glasgowra egindako bidaia hura. Egundoko giroa izan zen hegaldian, sanferminetan zezenetan izaten den antzeko giroa. Beste garai batzuk ziren, jendeak lasai erretzen zuen hegazkinean, urdaiazpikoa tomatetan prestatuta eraman genuen, eta azafatak beldurtu ere egin genituen. 22 urte pasatu eta gero Glasgowra itzultzea ederra izango da», esan zuen Patxi Izkok, une batez iraganera bidai zoragarri bat egin izan balu bezala, irribarre ederra aurpegiratuz. Orain bezalaxe, osasunazale porrokatua zen Izko orduan ere. Eta lagun batzuekin taldeak antolatutako txarter hegaldian eginzuen Glasgowrako bidaia.
1985eko iraileko egun hartan ez zuen bere bihotzeko taldea irabazten ikusi, halere. Rangerseko Patterson atzelariak egin zuen partidako gol bakarra.
JABIER BIKUÑA Atezain ohia eta Osasunako atezainen entrenatzailea
«Rangersen aurkako kanporaketa gainditzea ikaragarria izan zen»
A. L. EREÑOIruñea
Biurrun izan zen Osasunako atezain titularra 1985ean Glasgowko Rangersen aurka jokatutako kanporaketako bi partidetan. Bikuña ordezkoen aulkian geratu zen bi lehietan, beraz. Baina ordezko atezainarentzat ere esperientzia ikaragarria izan zen Ibrox Parken izatea. Bere oroitzapenak gustura azaldu dizkio Bikuñak BERRIAri.
Nola gogoratzen duzu Osasunako futbolari gisa Glasgow Rangersen zelaira egindako bidaia hura?
Gauza handia izan zen guretzat bidaia hura. Talde hartan geunden jokalarietako inork ez zuen inoiz Europako lehiaketa batekopartidarik jokatu, eta ederra izan zen. Begiak zabal-zabal eginda izan genituen bidaia osoan. Gainera, ez ginen bakarrik joan, zale dezente etorri zen geurekin, eta denontzat zerbait berezia izan zen. Atzerrira irteten genuen lehen aldia zen, eta ilusio itzelarekin joan ginen. Gainera, egin ahal genuen guztia ontzat jotzen genuen aurretik, eta batere presiorik gabe aritu ginen lehen aldia izatean.
Eta Ibrox Parkeko giroa?
Orain Ingalaterrako zelaietako giroa telebistaz eta ikustera ohituagoak gaude, baina han bertan zaudenean... Benetakoa da gero! Berotzera zelairatu ginen une beretik jakin genuen giroa ikaragarria izango zela. Jende asko biltzen da Ibrox Parken eta harmailen egitura itxia dela-eta, are eta jende gehiago dagoela dirudi. Etenik gabe animatzen dute euren taldea, hasieratik amaiera arte.
Erabakigarria izan al daiteke giroa?
Beno, ez dakit. Sadarren ere antzeko giroa izaten da egun handietan, nahiz eta jende gutxiago izan. Joanekoan haiek izango dute abantaila hori, baina itzulerakoan gure zelaiko giro beroa ere «dastatu» beharko dute. 1985ean ere Rangers zen faboritoa, baina guk egin genuen aurrera. Oso zaila izango zela sinetsita geunden, eta lortu genuenean ikaragarria izan zen.
Bidaia nolakoa izan zen azaldu zigun presidenteak.
Gaur egungo erraztasunik ez zen orduan bidaiatzeko, eta Osasunaren partida Nafarroatik irteteko aitzakia ederra izan zen batzuentzat, bai. Nire herriko (Añorbe) laukote bat gogoan dut oraindik, adinekoak ziren, bi oraindik ere bizi dira, baina batek 96 urte ditu, atera kontuak. Eskozian janari onik ez zutela aurkituko esan zieten, eta urdaiazpikoa tomatetan prestatuta eraman zuten. Abentura itzela izan zen haientzat. Eta hurrengo kanporaketan autobusean joan ziren Waregeneraino (Belgika).
Hotelean sute simulazioa ere izan omen zenuten, ezta?
Bai, hori ere barregarria izan zen. Partida atariko solasaldian geunden, eta telefonoa jotzen hasi zen. Jugoslaviarrak -Brzic entrenatzaileak-telefonoa esekitzeko esan zidan, eta nik esandakoa egin nuen, noski. Azken solairuan geunden, eta solasaldia amaitu eta gero harrera gelara joan ginenean hoteleko jendea eta suhiltzaileak keinuka ikusi genituen haserre. Eskerrak simulazio bat besterik ez zen, sutea benetakoa izanez gero han geratuko ginateke eta.