Etxetik at eta epailea kontra

Hondarribiak irabazi du San Miguel ligako hirugarren estropada, bere ezaugarrietara egokitzen ez den leku batean, PortugaletenLigako lidergoa berreskuratu du, bigarren izan den Kaikurekin berdinduta badago ere

Etxetik at eta epailea kontra.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2012ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Balentria bat egin zuen atzo Hondarribiak. Irabaztea ez da albistea, gai baita horretarako, San Miguel ligako lehen estropadan erakutsi zuen bezala. Non irabazi zuen da letra larriz jartzekoa. Portugaleteko (Bizkaia) eremua arrotza da arraunlari ororentzat, desatsegina. Eta atzoko baldintzetan, are itsusiagoa, haizeak gogor jotzea erabaki baitzuen. Indarrean oinarritzen diren taldeak moldatzen dira ongien haizea etsai dutenean, eta Hondarribia ez da indartsuena.

Bada, atzo, hankaz gora bota zituen iragarpen guztiak. Azkeneko txandan joan zen, San Miguel ligako beste hiru oilarrekin batean: Kaiku, Urdaibai eta San Juan. Txoroa izan zen txanda, beste guztien antzera. Eremuak ez du barkatzen, eta bakoitzaren abilezia eta indarra baino gehiago, sorginkeria ezkutuen eragina zen nagusi, itsaslasterrak buru zirela. Kanporako luzeetan, aurreneko kalea egokia zen, eta norabide hartan joan ziren bi aldietan, Urdaibai izan zen azkarrena. Baina oso gertu izan zuen Kaiku lehen luzean —segundo bakarrera—, eta Kaiku bera eta Hondarribia hirugarrenean —segundo batera—. Azkeneko luzean erabaki zen dena, eta hor azaldu zen Hondarribia, ezustean. Urdaibai eta Kaiku zeuzkaten denek begiz jota, baina bietako inork ez zuen irabazi. Hondarribia sartu zitzaien aurretik. Garaipen denak dira handiak, baina atzokoa bezalakoak, ondo gogoan gordetzekoak; beste kirol batzuetan etxetik kanpo eta epailea kontra dela lortzen direnen parekoa.

Bigarren bandera du hiru estropadatan Mikel Orbañanosen taldeak. Iaz, hiru lortu zituzten liga osoan. Ondorioa garbia bezain argia da: liga irabazteko hautagaien artean egon zitekeela esaten zen orain bizpahiru aste, eta orain, inork ez du zalantzarik egiten.

Beste bi txandetan ere badira nabarmentzeko kontuak. Batetik, Zierbenak azken lekua Zumaiari utzi ziola, txanda banatan joanda. Bigarrenik, Portugaletek bederatzigarren egin zuela, eta puntu bat jan diola sailkapeneko azken-hirugarrenari, Pedreñari. Hirugarrenik, San Pedroren bidea erabat sendoa dela; bigarren txanda aise irabazi zuen.

Gaur, Zarautzen (12:00), benetako arraunak hartuko du lekukoa, itsasoan, eta ibaietatik urrun.Atzoko sailkapenaren arabera osatuko dituzte txandak.

Zumaia, Euskotren ligan

Portugaleten bertan, Euskotren ligan aritzeko sailkatze estropadaren lehen zatia jokatu zuten, eta Zumaia izan zen azkarrena. Ligaren hasiera ere bazenez, zumaiarrentzat izan zen aurreneko bandera, eta haiek dira lehen postuan ligan. Egundoko estropada jokatu zuten Kike Manterolak zuzentzen dituen arraunlariek.

Bi luzetara jokatu zuten, ohi den bezala, eta ziaboga bakarrean, nabarmen zen aurretik traineru gorria. Getaria-Tolosa zuen atzetik, bederatzi segundora, eta San Juan hirugarren, 22ra. Eguneko ezuste txarra, Galizia, laugarren zetorren, 33 segundora. Bigarren luzean, ez ziren lekuak aldatu, eta hurrenkera horretan bukatu zuten estropada. Lau horien atzetik sartu ziren Orio, Hibaika eta Hondarribia.

Ligara sailkatzeko bigarren eta azken estropada gaur eguerdian jokatuko dute, Zarautzen (12:00). Getaria-Tolosa sailkatua dagoenez iazko garailea izategatik. Beste hiru lekuak zeinek beteko dituzten zehaztuko da. Atzoko puntuak kontuan hartuta, eta bakoitzaren lana ikusita, Zumaia, San Juan eta Galiziak behar lukete barruan.

Zarauzkoak ez dira izango eguneko bi estropada bakarrak, KAE Kantauriko Arraun Elkarteko ligetako bi mailetan ere arraun egin beharko dutelako gaur. Lehen mailakoek Santurtzin dute bigarren jardunaldia (19:15), eta bigarren mailakoek Pasaian, hirugarren estropada (17:00).

Orio da faborito argia KAE 1 ligako estropadan, eta oker handirik ezean, bigarren bandera eskuratu behar luke. KAE 2 ligan, berriz, Orio B eta Trintxerpe dabiltza indartsuen, bandera bana irabazita baitaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.