Taldearen inguruan zegoen egonezina baretzeko garrantzitsua izan zen igandean Zaragoza mendean hartzea, baina ligak ez du etenik, eta berehala beste azterketa bat iritsi zaie Osasunako jokalariei. Konfiantza berreskuratu dutela adierazi dute gorritxoek egun hauetan, baina konfiantza hori ez galtzeko gaur Getafen emaitza ona eskuratzea da hurrengo helburua.
Zaragozaren aurkako partidarako aukeratu hemezortzi jokalariak deitu ditu berriz Jose Luis Mendilibarrek. Ricardo, Ruben eta Anunziata deialditik at dira, min hartuta dauden Lamah, Roversio, Etxaide eta Masudez gain. Hasierako hamaikakoan ere ez da aldaketa askorik espero. Orain arteko zortzi jardunaldietan bi partida irabazi, lau berdindu eta bi galdu dituzte nafarrek.
Irabazitako biak Nafarroako Erresuman jokatutakoak izan dira, ordea, eta etxetik kanpo ere partidak irabaz ditzaketela erakutsi nahi dute gaur gorritxoek. Luis Garciaren taldeak ez du erraztasunik emango, dena dela. Sasoia hasiz gerotik partida bakarra irabazi dute Getafekoek, eta urduritasuna baretzeko Osasunari irabaztea da haien asmoa. Iruñeko taldeak zazpi aldiz jokatu du Getafen, eta behin irabazi.
Etxetik kanpo ere irabaz dezakeela erakusteko asmoz dago Osasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu