Etxeko azken bi partidak irabazi ostean, zaleen babesik gabe ere partidak irabaz ditzaketela erakutsi nahi dute Osasunako jokalariek gaur iluntzean Riazorren. 2008ko apirilaren 13az geroztik, gorritxoek ez dute partida bakar bat ere irabazi etxetik kanpo, eta argi dago azken asteetako susperraldiak jarraipena izan dezan etxetik kanpo ere partidak irabazten hasi beharra dagoela. Deportivoren zelaira egin dituen azken lau bisitetatik hiru irabazi egin ditu Osasunak, eta bertan amaitu nahi dute nafarrek sasoi honetan etxetik at daramaten bolada negargarria.
Azken hiru partidetan jaisteko postuetatik irteteko balio izan dion susperraldia izan du Jose Antonio Camachoren taldeak. Vila-realen bana berdindu ostean, etxean jarraian Mallorca eta Valentzia 1-0 menderatu ditu Osasunak, eta badirudi azken lau hilabeteetan gertu izan dituen jaisteko postu horietatik urruntzeko bide zuzena aurkitu duela. Susperraldiak, ordea, azken azterketa gainditu beharra dauka: etxetik kanpo partida bat irabaztea. Urte hasieratik txukun aritu dira gorritxoak etxetik kanpo: Sanchez Pizjuanen bana berdindu zuten Sevillarekin, Bernabeun Real Madrilen aurka jokatutako partidan epailearen erruz soilik ez zuten irabazteko aukera izan, eta Madrigalen bana berdindu zuten Vila-realekin. Hiru irteera zail izan dituzte, eta ondo aritu dira Camachoren jokalariak. Nafarroako Erresumatik at partida bat irabaztea falta zaie, ordea.
«Iritsi ginenetik ahalegindu gara horretan, baina orain artean ezin izan dugu etxetik kanpo partidarik irabazi. Ez da asterik egokiena. Zenbait jokalari euren selekzioekin aritu dira, eta haiek gabe egin behar izan dugu lan. Partida larunbatean zergatik jokatzen den ere ez dut ondo ulertzen, baina beste behin ahaleginduko gara. Ustez, une honetan gose handiagoa erakutsi beharko genuke. Helburua lortzea gure esku dagoela konturatu behar dugu», adierazi zuen Camachok.
Etxetik kanpoko lehen garaipen hori gaur bertan lortu nahi dute nafarrek, Miguel Anjel Lotinaren taldearen aurka. Beste astebetez jaisteko postuetatik at jarraitzea ziurtatuko luke garaipenak, eta larri dabiltzan beste taldeekin aldea egiten has daitezke gorritxoak gaur irabaziz gero: Numantziak eta Mallorcak elkarren aurka jokatzen dute asteburu honetan, Espanyolek partida zaila dauka etxean Sevillaren aurka, eta datorren asteburuan Numantzia hartuko dute gorritxoek Nafarroako Erresuman. Riazorren irabaztea aurrerapauso itzela izango litzatekeela argi dago, beraz.
Partida zaila izango dela badaki Camachok, dena dela: «Deportivori buruz ez da asko hitz egiten, baina entrenatzaile ona du, jokalarien errendimendurik onena lortu du, puntuak batu eta batu ari da etxean zein etxetik at, eta Eurodepor deitzen zioten talde haren mailan dago une honetan. Etxean oso sendo ari da, gainera».
Aste berezia izan da selekzioen partiden ondorioz, eta sei jokalarik ez dute taldekideekin normal entrenatzerik izan aste honetan. Azpilikueta eta Sunny herenegun itzuli ziren lanera Taxoarera, Plasil eta Vadocz atzo bertan, eta Masud eta Nekunam irandarrak asteko azken lan saiorako ere ez ziren garaiz iritsi. Hala eta guztiz ere, Sunny ez, beste guztiak deialdian sartu ditu Camachok, eta Azpilikueta, Nekunam eta Plasil hasieratik ariko dira, gainera. Hori bai, Nekunam hasieratik jartzeko arazorik ikusi ez arren, Masudek hasieratik jokatzeko aukera gutxi dituela esan zuen Camachok, bidaia luzea eta entrenamendu falta argudiatuta.
Masudek jokatzen ez badu, Antonio Hidalgok egingo ditu punta erdiko lanak, eta hori baieztatuz gero, lau berritasun izango dira gorritxoen hasierako hamaikakoan: Sergio min hartuta dago, eta haren tokia Krutxagak hartuko du defentsaren erdian; Pandianik partida bateko zigorra bete behar du txartel pilaketaren ondorioz, eta haren hutsunea Dadyk beteko du; Valentziaren aurka partida bateko zigorra bete ostean Nekunam hasieratik ariko da berriz ere, Vadoczen kaltetan; eta Masud irandarraren ordez, Antonio Hidalgo ariko da, Dadyren atzetik.
Etxetik kanpoko azterketa
Hamar hilabete daramatza Osasunak etxetik kanpo irabazi gabe, eta gaur eten nahi du bolada txarra, Riazorren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu