Etxetik kanpoko bolada txarra eten nahi du Realak

Malaga aurkari zuzenari kolpea emateko eta Kopan gertatutakoa ahazteko partida aproposa izan daiteke

Xabier Lopetegi.
Donostia
2010eko urriaren 31
00:00
Entzun
Ahuleziak dituztenen arteko lehia da, ezbairik gabe. Reala Ligako talderik txarrena da etxetik kanpo, Osasuna, Sporting, Racing, Deportivo eta Zaragozarekin berdinduta. Malaga, berriz, makaletan makalena da etxean, punturik batu ez duen bakarra baita. Bolada kaskar horren ondorioz, jaisteko postuetako lehenarekin berdinduta dago. Reala lasaixeago dago sailkapenean, baina oraindik aldeak oso estuak dira, eta jardunaldi bakarrean zeharo alda daitezke gauzak. Partida Rosaledan da. Beraz, biek helburu bera dute: beren mamuak uxatu eta lehiakorrak direla erakustea. Bere zaleen aurrean bata, eta kanpoan bestea.

Realarentzat errebantxa kutsua ere badu partidak. Zaleek ez dute ahazten Bigarren Mailako lehen denboraldian igotzeko Malagarekin bai zelaian eta bai kanpoanizandako lehia beroa. Baina batez ere, Espainiako Kopan gertatutakoa ahaztu eta zaleak berriz ilusioaren bidera ekartzeko aprobetxatu nahi du aukera. Inbertsio ekonomiko handia egin du Malagak, baina Martin Lasartek argi utzi du aurkari zuzena dela eta garrantzi berezia dutela puntuek. Izan ere, halakoetan kale egin du taldeak, gaizki jokatuta gainera, Osasuna, Mallorca eta Levanteren aurka bezala. Guztiak, etxetik at.

Deportivoren aurkako deialdia errepikatu du Lasartek. Hamaikakoa ere orduko bera edo oso antzekoa izan daiteke. Aldaketarik izatekotan, zelai erdian izango dira ziurrenik. Aranburu kili-kolo ibili da, eta ezin da baztertu Markelek haren lekua hartzea. Kopan atseden hartu zutenak, berriz, Bravo, Mikel Gonzalez, Carlos Martinez,eta Zurutuza ere hamaikakora itzuliko dira, Llorente eta Prietorekin batera. Sendotasuna eta intentsitatea berreskuratu nahi ditu Realak. Baloia oparitu eta atzera egin du maizegi, eta asko sufritu du. Joera hori saihestu nahi du gaur.

Malaga ez da fidatzeko moduko aurkaria. Deialditik kanpo gelditu diren jokalariei erreparatu besterik ez dago: Luque, Baha, Juanito, Rondon, Ruben, Duda, Helder... Egia da gaizki aritu dela bere zelaian, eta gol gehiegi sartu dizkiotela (hamabi), baina goi mailako aurkariak izan ditu orain arte: Valentzia, Sevilla, Vila-real eta Real Madril. Gatz handiko taldea du erasoan. Quincy eta Eliseu nabarmentzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.