Pilota

Eugik eta Barriolak kexurik ez Astelena frontoiaren egoerarekin

Bi urte pasan itxita egon da Eibarko pilotalekua, baina gaur biak arazorik gabe aritu dira igandeko finalerdirako materiala aukeratzen. Eugik pilota motelxeagoak hautatu ditu.

2007ko maiatzaren 17a
16:17
Entzun
Bi urte eta hiru hilabetean ez du inork pilota partidarik jokatu Eibarko (Gipuzkoa) frontoian, Astelenan, jabeen desadostasunak medio itxita egon delako, baina zabaldu dute. Eta goi-mailako partida hartuko du, gainera, igande honetan: Patxi Eugi-Abel Barriola, Lehen Mailako buruz buruko txapelketako finalerdia (18:00, ETB1).

Biak gaur hantxe aritu dira pilotak hautatzen, eta ez dute kexarik agertu frontoiaren egoerarekin. Barriolak esan du zorua berez dela lehorra, lakarra, baina gustura aritu dela gaurko saioan. Iganderako hobeto egongo da frontoia bera. Azken egunetan hautsa-eta kentzen aritu dira hainbat langile, gaur ere bai, eta igandea bitartean ere ariko dira garbitze eta txukuntze lanetan.

Barriolak kontrarioak baino material biziagoa hautatu du; 103,3 eta 102,9 gramokoak, larru bueltakoak, gehiago irauteko. Eugirenak, motelxeagoak: 103,7 eta 104,3koak.

Bi pilotariak behin neurtu dira buruz burukoan elkarren kontra, eta Eugik pasada ederra eman zion: 22-4. Iganderako Barriolaren alde daude apustuak, aldearekin.

Aimar Olaizolak eta Sebastian Gonzalezek jokatuko dute beste finalerdia, hurrengo astean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.