Batzuek lasai eta besteek irabazi beharrean ekingo diote Txapeldunen Ligako lehen faseko azken jardunaldiari. Gaur ezagutuko dira final-zortzirenetan ariko diren A, B, C eta D multzoko taldeen izenak, eta guztien egoera ez da bera. Bayern Munich, Milango Interrek, Benficak eta Real Madrilek inolako presiorik gabe jokatuko dute, hurrengo fasera sailkatuta daudelako. Eta helburu horren lehian ariko dira beste hainbat. Bederatzi talde daude falta diren lau txartelen jabe egiteko. Napolesek, Trabzonsporrek, Manchester Unitedek, Ajaxek eta Basileak euren esku dute. Manchester Cityk, Lillek, CSKA Moscuk eta Olimpiquek Lyon dena den, badute aukerarik hurrengo zozketan egoteko. Izen handiren bat kanpoan geratzeko arriskua dago.
Manchester City eta Municheko Bayernen arteko A multzoko partidan begi bat baino gehiago egongo da jarria. Alemaniarrak sailkatuta daude, irabazi beste aukerarik ez daukate ingelesek, eta El Madrigaleko emaitzari begira egon. Vila-realek Napoli hartuko du bertan, eta italiarrek irabazi edo Cityren emaitza bera lortuz gero, aurrera egingo lukete. Hala, Roberto Manciniren izar guztiak kanpoan geratuko lirateke. Vila-realek ez dauka ezer jokoan, baina ohorezko garaipena lortu nahi du.
B multzoan estu daude kontuak. Milango Inter final-zortzirenetan dago lehen postua lortuta, eta bigarrenerako hiru talde daude: Trabzonspor, Lille eta CSKA Moscu. Azken horrek badu aukerarik, baina ia miraria beharko du. Turkiarrek dute aukera gehien, berdinketa batekin aski bailukete. Halere erne Lillerekin, irabazita bera sailkatuko litzateke eta.
Manchester United iazko txapeldunordea kinka larrian dago C multzoan. Benfica sailkatuta, Basilea eta ingelesen arteko lehian erabakiko da kanporaketetarako bigarren txartela. D multzoan, azkenik, Real Madril jaun eta jabe da, eta okerrik ezean Ajax Lyonen aurretik geratuko da.
Euren esku dute sailkapena Ajax, Basilea, Napoles, Trabzonspor eta Unitedek
Manchester City, Lille, CSKA Mosku eta Olimpique Lyon ere sailka daitezke final-zortzirenetara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu