Euriaren esperoan, Ferrari nagusi

Massak lortu du 'pole'-a, Hamiltonen aurretik, eta Alonso hamargarren izan da, arazo teknikoen ondorioz

Laurentzi Garmendia
2007ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Fernando Alonsok ez ditu nahi bezala pasatu Hego Amerikan jokatutako bi lasterketak, eta berriro Europara itzuliz, Frantziako Sari Nagusian lasaitasuna berreskuratzeko promesa egina zuen. Lasaitasunarekin batera emaitzak iritsiko zirelakoan, noski. Atzokoari so eginez, plana hankaz gora gelditu zaiola esan behar. Ezin okerrago. Haren ordez, erabat suspertu direnak Ferrari autoak dira. Felipe Massak lortu zuen pole-a, indartsu direla erakutsiz.

Bigarren Lewis Hamilton sailkatu zen, ohiko erregulartasunaren beste erakustaldi bat emanez. Huts txikiren bat egin zuen, eta, agian, eskura zuen pole-a, baina Massak lan hobea egin zuen eta harena da lehen postua. Aurreko astean Silverstonen aritu ziren talde gehienak autoa probatzen, eta orduan erakutsi zuen Ferrarik aurrerapausoa eman zuela. Kimi Raikkonen eta Massa oso azkarrak izan dira Magny-Coursen, eta gaur Hamiltonekin batera izango dira lasterketa irabazteko borrokan.

Magny-Cours zirkuituan errendimendu ona eman dute gehienetan Ferrari autoek, eta, gainera, autoari eginiko hobekuntzek taldearen maila igo dute berriro. Massak aurrea hartu zion Raikkoneni, eta bien artean dagoen puntu aldea garrantzitsua da: zazpi puntukoa. Urte hasieran Raikkonen zen lehen gidaria, Michael Schumacher ordezkatzera zetorrena, baina emaitzek aldatu egin dute ordena. Massa askoz ere sendoago dabil, nahiz eta Raikkonen azkarragoa izan. Gaur biek aukera dute beren onena eman eta emaitza on batekin bakoitzak bere arrazoia inposatzeko.



ALONSOK ZAILAGO IZANGO DU . Alonsori, berriz, dagoeneko hamar puntu ateratzen dizkio bere taldekideak, txapelketako liderrak. Espainiarrarentzat gauzak oso zail daude, gainera, gaur hamargarren tokitik ekingo baitio lasterketari, aldagailuarekin izaniko huts batek aukerarik gabe utzi baitzuen azken entrenamendu saioan.

Beste edozein baldintzatan, eta ikusirik taldeak gero eta gertuago direla elkarrengandik, hamargarren postutik hastea lasterketari agur esatea litzateke. Aurreraketak oso zailak dira, eta motor guztiek 19.000 bira/minutuko duten mugarekin, puntako abiaduran oso antzeko dabiltza. Baina Alonsok badu aldeko zerbait, bere ezaugarriei oso ondo datorkiena: gaurko euria espero dute zirkuituan. Eta ez edonolakoa, gainera: zaparrada galantak.

08:00etarako espero dira lehen euri tantak, eta 14:00etan, lasterketa hasteko orduan, haizearen indarra handitu egingo da, eta ez du atertuko. Egoerak txarrera egingo du, eta 20:00etarako ia ekaitza espero da. Eguraldi hori espero du Alonsok, gainerakoan jai baitauka. Hala eta guztiz ere, gainerako gidariak ez dira hankamotzak euripean. Massa eta Raikkonenek fin gidatzen dute euripean, eta Hamilton nola moldatzen den ikustear badago ere, seguru ez dela atzean geldituko.

Aipatzekoa da Robert Kubica poloniarrak lasterketetara itzuli den asteburuan lortutako laugarren postua. Aurreko lasterketan gidatzeko prest bazegoen ere, Nazioarteko Federazioak (FIA) debekatu egin zion, berriro halako istripu bat izanez gero jasan zitzakeen ondorioengatik. Honakoan, iritsi eta laugarren sailkatu du BMW-Sauber taldea. Haren atzetik Renaulteko bi gidariak aterako dira, Giancarlo Fisichella eta Heiki Kovalainen; poliki-poliki hobera egiten ari dira. Oraingoan, gainera, etxekoen aurrean ariko dira. Baina, Magny Coursi oinordeko bat topatu ezean, Frantziak ez du 1 Formula lasterketa gehiago izango etorkizunean, Bernie Ecclestonek ez baitu batere gustuko. Parisen korritu nahi luke nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.