Natal hirian, euria goian-behean. Blai Mexiko eta Kamerungo jokalariak. Baina mexikarrak eroso, oso eroso, euria egingo ez balu bezala, bustita ez baleude bezala. Gozatzen ez dugu esango, baina hor nonbait. Miguel Herrera entrenatzailearen jokatzeko eredua zelaian plazaratzeko batere oztoporik gabe.
5-3-2 marrazkitik abiatu, eta hegaleko bi jokalariak, atzelariak berez, oso goian jarrita. Erdiko atzelarietako bat, eskuinekoa, euskarrien lekiuan, albo batera ipinita. Jokalari pila bat baloiaren aurretik, eta atzealdean bi bakarrik. Baloia ukitzea du xede Mexikok, baina hasieran, gutxi ukituz hautsi du Kamerunen atzealdea; ia beti afrikarren eskuin aldeko hegaletik. Pasatzailea bakarrik, presiorik gabe, Layun hegalekoa lasterka zelaiko marrari itsatsita, eta paseak goitik edo behetik, Kamerunen atzeko lerroa erraz hautsi du Mexikok.
Golak ez zuen urruti behar, eta sartu du Giok. Baina marrazainak hanka sartu du, eta jokoz kanpokoa adierazi dio. Kasu honetan, erasoa Mexikoren eskuinaldetik heldu da. Handik gutxira, berriz ere marrazaina protagonista. Giok beste gol bat sartu du, korner batean buruz errematea eginda, baina jokoz kanpokoa berriz, ez zen.
Kamerunen geldikako jokaldietan egin dio min apur bat Mexikori, eta jokaldi isolatu batean. Etooren jaurtiketa zutoinak urrundu du kanpora. Hortik aurrera, ezer gutxi. Desordena erasoan, eta defentsan, aurkariei begira. Mexikoren jokatzeko eredua zein den jakinda, defentsako lanean hain atzean sartu gabe eta estutu behar den lekuetan estututa, aukera gehiago izango zituzkeen, baina beste eredu koldarrago baten alde egin dute afrikarrek. Eta galdu egin dira. Desagertu. Ez dira busti estrategia aukeratzerakoan, Mexikoren beldur.
Bigarren zatia hasi eta ordu-laurdenera sartu du gola Oribe Peraltak. Kamerunek, hegalak ixteko, erasoko hegalekoak atzelari jarri ditu, eta erdian zuloak utzi. Gauza bat ixteko beste bat ireki behar. Golaren jokaldian, dotore egin du Mexikok jokaldia: eskuin hegalean landu jokaldia, eta erditik bukatu, zuloak baliatuz. 1-0. Lehenago heldu behar zuen gola azkenean iritsi da.
Hortik aurrera ezer gutxi aldaketei dagokionez. Biak lehengo lepotik burua. Bai akaso Kamerun erasokorrago presioa eginez goian baloia galdu eta gero. Uneren batean ireki ere egin da partida, eta kontraerasoren batean izutu dituzte afrikarrek mexikarrak. Baina behar izan denean, han azaldu da Ochoa atezaina.