Ez da ezustekoa, ia ziurtzat jotzen baitzen. UEFAk argi utzi zuen edukiera mugatuarekin bada ere zelaian zaleek egon behar zutela. Edukieraren %25 betetzea zen asmoa, 13.000 zale inguru. Baina horretarako baldintza batzuk ezarri zituen Eusko Jaurlaritzak: besteak beste, intzidentzia 100.000 biztanleko 40 baino txikiagoa izatea eta herritarren %60 txertatuta egotea. Baldintza horien ondorioz, Bilbo Eurokoparik gabe geratu da. Ezusterik ezean, Sevillak (Espainia) hartuko du Bilboren tokia. Espainiako Federazioa haren aldeko azaldu da.
Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak ohar bateratua atera dute erabakiaren berri izan eta gutxira, eta gogor egin dute UEFAren eta Espainiako Federazioaren aurka. «Ez dugu onartuko Bilborekin eta euskal erakundeekin jolastea. Ez dugu ere onartuko zalantzan jartzea euskal erakundeek nazioarteko irismena duten ekitaldiak kudeatzeko eta antolatzeko eskarmentu handi eta kontrastatua. Ez dugu onartuko inork zalantzan jartzea zein irizpide hartu diren sei urte baino gehiago dituen egitasmo honetan, zeinetan gauzak ondo egiteko euskal estiloa lehenetsi den: seriotasuna, koherentzia, profesionaltasuna eta erantzukizuna. Eta inork ez du zikinduko Bizkaiaren edo Euskadiren irudia, ez herri mailan, ezta nazioarteko mailan ere. Inork ez du zalantzan jarriko hiri, lurralde edo herri bezala nazioarteko kirol, kultura eta gizarte ekitaldiak, erakusketak edo kongresuak erakartzeko gaitasuna».
Diotenez, kontratua sinatu zuten UEFArekin 2014an, eta «%100» bete dute, eta «prest» ziren Eurokopa hartzeko. Haien arabera, UEFAk erabaki zuen iaz Eurokopa atzeratzea COVID-19aren pandemiagatik, eta «egungo egoera» ordukoaren «berbera edo antzekoa» da, eta hori «oso kontuan hartu beharreko» baldintza izan da. Beraz, «une oro, seriotasunez eta arduraz» jokatu dutela diote.
«Profesionalak» izan direla azpimarratu dute, «dena prest» baitzegoen; «koherenteak», ez dutelako topatzen arrazoi bakar bat ere UEFAk erabaki hori har dezan. «Bilbo ez da izango egoitza, baina argi gera dadila ez dugula onartu eta ez dugula onartuko inolako mehatxurik eta gutxiespenik, eta are gutxiago arau-hausterik gure herritarren osasunaren aldeko neurriei dagokienez». Sinatutakoa «bete» dutela diote, eta, horregatik, azalpenak eskatu dituzte. «Baina ez digute azalpen argirik eman. Ez dago. UEFAk badaki, eta saiatu da ez gaitezen joan haien aurka epaitegietan». Azaldu dutenez, kontratua aztertuko dute, eta ordaindutako 1,2 milioi euroak bueltatzeko eskatu, baita kalte ordainak ere. Espainiako Federazioari, berriz, egotzi diote «inoiz ez» zaiola Bilbo gustatu egoitza gisa.