Jokatu, bai, eta irabazi ere bai. Europari, ondorioz, ligako etxeko lanak ongi eginda ekinen dio San Antoniok, bai eta garaipen horrek eta azken jardunaldietako bolada onak eman dion konfiantzarekin ere. Ez da sasoi erraza oraingoa San Antoniorentzat, ia hutsetik hasi baitu, berriz ere, bidea. Galtzeko gutxi du, eta irabazteko anitz, hala ere, eta, oraingoz, taldeak egin duen apustua ongi ateratzen ari zaio San Antoniori. Jokalarien gogoak eta ilusioak badu zer ikustekorik.
Europan ere, zer erranik izanen du jokalarien grinak. Europan ere zer egiteko gai diren erakutsi nahiko baitute San Antonioko gazteek. Denek ezin izanen dute egin, ordea, Ibai Meoki min hartuta baita, eta ezin izanen baitu pistara atera. Torrevellaren aurkako partidan ezker eskuko hatz lodian min hartu zuen Meokik. Atzo arratsaldean bertan medikuarekin egon zen jokalaria, eta sendagileek baieztatu zioten hatz lodiko lotailua hautsita duela. Ondorioz, gaur bertan ebakuntza eginen diote. «Ongi nago, baina garai txarrean ailegatu da lesioa», azaldu zion atzo BERRIAri.
Medikuarekin egon aurretik, taldeko kideek uste zuten akaso ebakuntza atzeratzeko aukera izanen zela, jokalariak lesioa ezkerreko eskuan duela kontuan hartuta. Baina aukera hori baztertu zuten atzo medikuek, jokalariaren hatza ikusi eta gero.
Victor Alvarez jokatzeko moduan izanen den ere ez dago argi, baina litekeena da ez jokatzea. Erresonantziak ez du argitu zuntz haustura bat duen edo uzkurdura bat duen, baina entrenatzaileak ez du jokalaria behartu nahi. Litekeena da Arrateren aurkako ligako partidarako gordetzea.
Nafarrak faborito
Kanporaketako bi partidak etxean jokatzeak San Antoniori egiten dio mesede, baina nafarrek kontuz ibili beharko dute, eta nekeari aurre egin, aste berean hiru norgehiagoka jokatzea ez baita nolanahiko gauza.
Greziarren kontrako partidetan, dena den, nafarrak dira faborito. Ez da ahaztu behar San Antoniok bere pistan erakutsi duela sasoi honetan, orain arte, bere jokorik onena. Doukas, berriz, ez da unerik onenean. Greziako Ligako buru egon da joan den astera arte, baina Atenasko AEK taldearen aurka galdu eta gero, lehen postua galdu du. Horrek ez du erran nahi, hala ere, Doukasek zer azpimarratu ez duenik. Mastorogiannis erdikoa eta Muntzaridis eta Zujovic albokoak, bertzeak bertze, nabarmendu beharreko jokalariak dira, greziarren artean. Lana emanen dute, eta zaindu beharrekoak izanen dira.
Europan duela bi denboraldi aritu zen Doukas taldea azken aldiz, Txapeldunen Ligan. Greziarrek ez zuten lehendabiziko ligaxka gainditu. Europan, hain zuzen ere, inoiz ez du final-zortzirenetatik aurrera egin Doukasek. San Antoniok, berriz, lehiaketa hori irabaztea zer den badaki, bitan lortu baitu Europako Errekopako txapela. Aurreneko aldiz 2000. urtean irabazi zuen Iruñeko taldeak lehiaketa horretako finala, eta, bigarrenez, berriz, 2004. urtean. Denboraldi honetan ere, ahalik eta urrunena ailegatu nahi du San Antoniok Europako bidean. Jokalariak gogoz dira, Europaz gozatzeko gogoz.
DOUKAS-SAN ANTONIO
Lehiaketa. Europako Errekopako final-hamaseirenetako joaneko partida.
Doukas. Faturos, Magkafurakis, Tsaknis, Akalestos, Anagnostu, Georgiadis, Georgiau, Giannopulos, Kotelidas, Mastogogiannis, Muntzauridis, Nikolaidis, Pachis, Tompros, Tsopelas, Tzavaras, Tziras, Zalonis, Zampunis eta Zujovic.
Amaya San Antonio. Ristanovic, Lucao, Sevaljevic, Guardiola, Borrogan, Mindegia, Victor Alvarez, Vargas, Humet, Urdiales, Eloy Gonzalez, Crowley, Rasic eta Agirrezabalaga.
Epaileak. Maric eta Masic (Serbia).
Lekua. NUPeko pabiloia (3.000 ikusle).
Ordua. 20:30.
Juanto Apezetxea.San Antonioko entrenatzailea
«Helburu nagusia liga da; Errekopa berriz, sari bat»
E. Elizondo. IruñeaAmaya San Antonioko entrenatzaile Juanto Apezetxeak (Donostia, 1968)kontent hartu du Europako Errekopako lehiaketaren hasiera. Txapelketa hori, hala ere, sari baten gisakoa dela argitu du. Helburu nagusia, nafarrentzat, Asobal liga dela. Taldea Europan jokatzeko gogoz dela gaineratu du, dena den. Nekea du kezka bakarra. Aste berean hiru partidaditu Iruñeko taldeak. Ligakoa jokatu du, eta Europako Errekopakoak ditu gaur eta etzi.
Zer moduz ikusten duzu taldea?
Nekatuta. Torrevellaren kontrakoa partida gogorra izan zen, eta bidaia ere bai. Orain, bi partida ia jarraian jokatu behar dugu, eta indarrak berreskuratzeko denbora askorik ez dugu izan. Horrek kezkatzen nau.
Bi partidak etxean jokatzeak alde onak eta txarrak ditu, beraz?
Hala da. Akaso aste hau izanen da gogorrena. Hala ere, kontuan hartu behar dugu gure helburu nagusia liga dela, eta Europako bi partidak etxean jokatuz lortuko dugu hurrengo asteko Arrateren kontrako partidan jartzea burua. Hori ere garrantzitsua da guretzat.
Liga helburu nagusia bada, Europako Errekopan zein da asmoa?
Europako Errekopa guretzat sari baten modukoa da. Gauzak ongi ateratzen badira eta aurrera egiten badugu, lehiaketa beste modu batera hartu beharko dugu, baina, oraingoz, helburu nagusia liga da.
Galtzeko gutxi eta irabazteko anitz du San Antoniok?
Hala da. Aurrera egiteko aukerak baditugula uste dut. Ligan gauza bera gertatzen zaigu. Horregatik, lasaitasun puntu batekin jokatzen dugu. Gustura aritzen gara, presiorik gabe. Eta joko ona egiten.
Lasaitasun hori sumatzen da jokoan?
Bai. Talde gaztea da, gainera, eta aldagelan dugun giroa sekulakoa da. Hori ere sumatzen da gero pistan.
Emaitza onak lortzen ari zarete. Espero zenituenak baino hobeak?
Bai, bai. Gure aurreikuspenik onenen arabera, orain sei edo zortzi puntu izanen genituzke. Eta hamalau ditugu. Pozik nago, eta baikor naiz.
Europako Errekopako kanporaketari dagokionez, zer-nolako aurkaria espero duzu?
Egia erran, informazio gutxi dugu greziarrei buruz. Bideorik ez dugu, eta erreferentzia gutxi. Zalantzak ditugu, baina ikusiko dugu. Etxean ongi ari gara, baina ea nekeari aurre egiteko arazorik ez dugun.